garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Uhinak

2016ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Grabitazio uhinen kontuak loa aztoratu dit bart. Bi zulo beltz burutik ezin kendu, eta dantzan imajinatu ditut lehenik, hurbildu ahala espiral moduko bat marrazten, azkenean talka egin eta munstro ilun materia-jale bakarra osatzeko, gure planetatik gertu. Kolisioak uhinak sortu ditu, putzu geldoan harritxo bat botatzeak sortuko lituzkeen olatuen modukoak, hedakorrak, baina gure espazio-denboran, gure errealitatean. Alimalekoak dira ordea, ikaragarrizko tsunamiak. Uhin batek gandorrera eraman du ilargia, eta gugandik horrenbeste urrunduta, izar ziztrinena baino ñimiñoago ageri da zeruan. Lurra, berriz, zeharo distortsionatu da, arrunt zapaldu zaizkio poloak, eta esfera baino, txanpona dirudi, uhinaren depresioan gaudenez. Zenbat tropiko ditugu orain? Eta non arraio dago MIR, aiba, leihotik ikusten dut-eta, komunikazio sateliteez eta espazio zaborraz inguratuta, eta denbora zer, trinkoagoa ote da, agudoago zahartuko ote ginateke Marten?

Eldarnioak utzi eta nire onera etorri naizenean, Madrilgo titiriteroen kasua etorri zait akordura. Ederki ikasi dute zer den munstro baten grabitazio uhinak harrapatzea, nola distortsiona daitekeen errealitatea, zer den espazio-denboraren trinkotzea edo hedatzea. Eta e=mc2 formula ulertu behar izan gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.