'Jakin'-ek kultur politika «beregainaren» premia aztertu du zenbaki berrian

«Eta kultura autodeterminatuko balitz?» galdera bota zuen Harkaitz Cano idazleak, orain bi urte, Jakin-en 205. zenbakian. Galdera hari erantzunak ematen saiatzeko, jardunaldiak antolatu zituen aldizkariak joan den udan, UEUrekin batera, Baionan. Hipotesi bat izan zuten abiapuntu topaketek: «Kultur ekosistema bizigarri bat osatzeko kultur politika beregaina egitea beharrezkoa da, bai herrigintzako eragileen aldetik, bai sortzaileen aldetik, bai administrazio publikoaren aldetik». Hala, hiru eremu horietako aditu eta arituak gonbidatu zituzten eztabaidara. Haien mintzaldiak jaso dituzte orain aldizkarian; 215-216. zenbaki bikoitza da ale berria.
Ibai Iztuetarena da Gai nagusia saileko lehen artikulua. Euskal eta kultura kontzeptuak hizpide hartuta, «euskal kultura zein hizkuntzatan ote den posible galdera, diskurtsoaren beraren materialtasunaren ikuspegitik» aztertu du. Hurrengo hiru testuetan, kultur politika ereduei, eta sortzaileen, eragile zibilen eta erakunde publikoen arteko harremanei erreparatu diete Haizea Barcenillak, Hedoi Etxartek eta Eider Rodriguezek. Barcenillaren ustez, azken 25 urteotan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gauzatu den kultur politikak paradigma aldaketa bat ekarri du, batez ere Guggenheim museoa zabaltzearen harira. Begirada historikoa oinarri hartuta, artearen, politikaren eta ekonomiaren arteko harreman «ia beti gatazkatsua» aztertu du Etxartek. Rodriguezek, berriz, etorkizunerako erronka eta neurri sorta zehatza proposatu ditu bere testuan. Maika Etxekoparrek sinatu du azken artikulua; bere esperientziatik mintzatu da transmisioaren eta sormenaren arteko loturez eta etenez.
Zazpi kultur proiektu
Zazpi kultur egitasmoren diagnosiak biltzen ditu jarraian aldizkariak, proiektu bakoitzeko kideek eginak. Egitasmo bakoitzaren filosofia eta gobernantza eredua, euskarak hor duen lekua, kultura nola ulertzen duen, beste eragileekin duen harremana... aztertu dituzte. Tabakalera zentroaz idatzi du Ane Rodriguezek; Astra kulturguneaz Leire Lopez Ziluagak eta Oier Plazak; Azpeitiko Kultur Mahaiaz Izaro Zinkunegik; Iruñeko Katakrak kultur kooperatibaz Nerea Fillatek; EHZ jaialdiaz Pauline Guellek; Hala Bedi irratiaz Gaizka Amondarainek; eta Okela Sormen Lantegiaz Nora Aurrekoetxeak, Izaro Ieregik eta Irati Urrestarazuk.
Egunen gurpilean atalean, berriz, aldizkariaren ohiko kolaboratzaileen testuak bildu dituzte, nork bere eremuari begira idatzitakoak: kulturaz dihardu Miren Artetxek; ekonomiaz Henrike Galarzak; soziolinguistikaz Txerra Rodriguezek; eta teknologiaz eta sare digitalez Gorka Juliok. Eta alea ixteko, gai nagusiaren haritik eta begirada ironikoz ondu du kontrazala Unai Iturriagak.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.