garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Argia

2015eko irailaren 20a
00:00
Entzun
Jai giroan eta harmonia alaian antolatu nahi izaten diren egun bereziek ez didate dagoeneko barrenik mugitzen. Oinarrian aldarrika lezaketenarekin bat etor naitekeen arren ere, kurioski, jokoz kanpo sentitzera bultzatzen naute, festan estali nahi den gabeziari ezinbestean erreparatzera —eta halakorik ikusi nahi ez dudalako, txosnetan neurririk gabe mozkortzera, bidenabar esanda—, eta beraz, ez naiz zurikeriatan arituko. Nire agendan ez da Argia-k Oñatin ondutako ospakizunik ageri.

Objektiboki begiratuta baina, ekintza ederra da, egun-pasa tematikoaren tankerako zerbait, bertan diharduen lan-taldeak bihotzez, irudimenez eta berritasun irrikaz bideratua; diru gosez baino, jendearengana hurbiltzeko eta proiektuaren muina zintzoki erakusteko pentsatua, iaz Usurbilen frogatu zutenez. Oker ulertu ez badut, Txikiaren Harrotasun Eguna izan liteke gaurkoa. 1980ko hamarkadan Joxemi Zumalabek eta Joxemari Ostolazak proiektuaren ardura hartu zutenean bezala, baduelako gaurko Argia-k ere, bere xumean eta bere diskrezioan, etxafuegoak bota eta festara deitzera merezi duenik: gure mundua hobera aldatzen laguntzeko motorra.

Izatez ni baino positiboagoa bazara, hantxe aurkituko duzu konpainia osoa, Estitxu Eizagirre Kerexeta buru dela. Besoak zabalik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.