Miren Amuriza.
BIRA

Chalice

2016ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Alters izeneko komiki sorta argitaratzen hasi dira irailean Estatu Batuetan, heroi zintzoen eta gaizkile maltzurren arteko mundu gerra abiapuntu duena. Kaosaren erdian hirugarren bando bat agertuko da: Besteak. Eremu marjinaletatik datoz (identitate eta orientazio sexual anitzetakoak, jatorri etniko desberdinetakoak, urritasun fisiko edota gaitz psikologikodunak dira); beren ezaugarri partikularroi esker, super botereak garatu dituzte eta alde batekoen zein bestekoen mesfidantzari egin beharko diote aurre. Besteen buru den Charlie Young neska gazteak, trantsizio bikoitza biziko du tarte horretan: ikasle bizitzatik harago, super heroi legez jardutera bultzatuko duena batetik; gizonezko moduan agertzetik, bere burua emakume moduan aurkeztera eramango duena bestalde; Charlie-tik Chalice-ra. Super heroiek ohi duten bezala, nortasun bikoitz hori ezkutatu guran hasiko da, bere super boterea (grabitatea kontrolatzea) erabat garatzeko modu bakarra, ordea, identitatea indartzea izango du. Etxekoei trantsizioaz hitz egin zienean, psikiatrarenera eramango zuten agian eta doktoreak beren «semeak» gaixotasun bat zuela esango. Horrexegatik (ere) bihurtuko zen, agian, Chalice, eta lortuko zuen grabitatea menperatuta hegan egitea: medikuari sinetsi ez ziolako; erdigunera tiratzen zion indarrari men egin barik, bazterrera eraman zuelako energia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.