Miren Amuriza.
BIRA

Arrakalak

2017ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Irekidura sakon eta luzeak dira, normalean naturalki gertatzen direnak. Thlauac-en (Mexiko hiriaren hego-ekialdean), esaterako, egundoko arrakalak zabaldu dira joan zen astearteko lurrikararen ondorioz, bertako kaleak eta bizilagunen etxeetako zoruak zeharkatu dituztenak eurak. Ikaragarria behar du lurra norbere oinpean zabaltzen ikusteak, entzuteak. Behin eta berriro atzeratzen ditugun aukera, erabaki horietako baten gainean egotea lakoa, beharbada; zango bat alde batean, bestea bestean eta norbera erdian, azpian abismoa besterik ikusten duela.

Horizontalean ez eze, bertikalean ere arrakalatu dira inguruok eta etxeak zutik dituzten bizilagunak arduratan, zalantzan, daude: itzuli, ez itzuli. Teknikariak bien bitartean, etxebizitza guztietara iritsi ezinik dabiltzanez, herritarrentzako aholkuak zabaltzen ari dira. Arriskutsutzat jotzen dituzte, esaterako, elementu bertikal zentraletan (hormak eta habeak) arrakala sakonak dituzten espazioak, batik bat pitzadurok beherengo pisuetan agertu badira. Oinarrietan zabalduriko zirrikituak, horiexek baitira lehenago edo geroago eraikina kolokan jarrarazten dutenak, izan soto bateko hormak arrailtzen direnean zein lagun biren arteko hartu-emanean konfiantza pitzatzen denean. Adi-adi egotea, horixe teknikarien gomendioa; krakatekorik txikienetatik ere sor baitaitezke arrakalak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.