Berria.eus

Plaza Bizia Ilusioa eta elkartasuna hamar urteotan oinarri

Publizitatea

Plaza Bizia

Ezarian. BERRIAk 10 urte

Ilusioa eta elkartasuna hamar urteotan oinarri

'Egunkaria'-ren itxierarekin batera, kazetaren aldeko batzorde ugari sortu ziren hainbat herritan. Hamar urteren ondoren,

batzordean gogoz ari dira lanean BERRIAren urteurrena ospatzeko; larunbaterako kale buelta antolatu dute.
Hernaniko dantzariak, <em>Egunkaria aurrera</em> afixa osatzen.
Hernaniko dantzariak, Egunkaria aurrera afixa osatzen. HERNANIKO KRONIKA
«Txalogarria izan zen BERRIA sortzeko garaian herritarrek izandako jarrera. Zerbait kentzen dizutenean jabetzen zara zeren falta sumatzen duzun, eta hor pizten da kontzientzia handi bat, esaten duena eduki dugun hori berreskuratu behar dugula; eta, ahal bada, hobe bat ere bai». Maite Lizeaga hernaniarraren hitzak dira. Lizeagak, beste hainbat herritarrekin batera, Hernaniko Egunkaria-ren eta BERRIAren aldeko batzordean egin du lan hamar urteotan, «ilusioz». Une zailetan ere herritarrek euskarari eta BERRIAri egindako ekarpena esker onez oroitu du, ahoan hitz goxoak besterik ez ditu urte hauetan bizitakoari eta jasotakoari buruz.

Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean, hainbat herritan sortu ziren halako batzordeak; egunkari berri bat sortzeko helburuarekin aritu ziren lanean herritarrak. «Ikusi genuen jende asko oso prest zegoela proiektu hori bultzatzeko, eta, betiko baliabide labur eta eskasak erabili genituen arren, ikusi da proiektuak aurrera egin duela eta egingo duela, seguru asko», egin du gogoeta batzordeko kide Juanjo Uriak. Hasiera hartan, egunkari berria sortu eta egonkortzeko prozesuan elkartzen baziren ere, gaur egun, eta hamargarren urteurrenaren harira, hainbatek berriro elkartzeari ekin diote. Esaterako, hernaniarrek. «Injustizia ikaragarria izan zen Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera, eta, horren ondoren, jende askok lanari ekin genion. Zorionez, BERRIAren sorrera etorri zen. Horren ostean, azken hamar urteotan hainbat ekitaldi antolatu ditugu, BERRIAk aurrera egin zezan», adierazi du Juanjo Uriak.

Orain, BERRIAren hamargarren urteurrena ospatzeko, hainbat herritan hainbat ekintza egingo dituzte. Ostiralean eta larunbatean izango dute aukera Hernanin. Ostiralean, Xabier Montoiak kontzertua emango du 20:30ean, Biteri kultur etxean, eta Pixel produkzioak egindako bideoa ere ikusi ahalko da. Hala ere, jarduera nagusia hurrengo egunean egingo dute, Kale buelta kaxkoan izenpean. Hernanin ohitura handia dago larunbat eguerdian kale buelta egiteko, eta ohiko ekintza hori baliatu dute ekintzaren oinarri gisa. Herriko taldeei eskaini zaie parte hartzeko aukera, eta gehienek jarrera «bikaina» izan dutela eta parte hartzeko gogotsu azaldu direla esan dute antolatzaileek. Hogeita hamar talde baino gehiago ariko dira kaxkoan barrena, larunbat goizari argia emanez; kirolariak, abesbatzak, dantzariak, azeri dantza eta bertsolariak izango dira protagonistak, besteak beste. Horrez gain, haurrek Porrotxekin batera ekintzan parte hartu ahalko dute. Beraz, datorren larunbatean, 11:00etatik 14:00etara bitartean, herriko kale ezagunenak jendez beteta egongo dira, BERRIAren alde kale giroa alaitzen. «Kolore eta ideologia anitz bildu nahi ditugu. Egun horretaz espero dudan bakarra da eguraldi ona egitea, beste guztia badakigu ondo irtengo dela eta. Jende askok parte hartuko du, eta oso gauza berritzaile eta bizia izango da», nabarmendu du taldeko kide Joxe Mari Auzmendik.

Jendearen ilusio eta gogoa urte hauetan guztietan beharrezko elementua izan dela uste dute antolatzaileek, eta egungo egoera ekonomikoari aurre egiteko ere beharrezkoa izango dela: «Uste dugu ilusioak berdintzen duela balantza. Beste aldean dirua dago, eta hedabideak diruz oso urri eta murritz ibiltzen dira beti, arazo askorekin, diru desoreka arriskutsu samarrarekin. Baina hori guztia ilusioarekin eta lanarekin orekatzen da. Hemen, jende asko dago inon azaltzen ez dena, baina lanean gogor aritu dena. Horri esker esan daiteke proiektua aurrera doala».

Badakite datozen urteetan ere BERRIA aurrera ateratzeko gogor lan egin beharko dutela herri batzordean, baina hori ere lortuko dutela pentsatzen dute. Lanerako prest badaude, behintzat, euren esku dagoena egingo dutela argi geratu da haien azalpenetan. «Urte batzuetan, aukera izan dugu prentsa euskaraz gure eskura eduki ahal izateko. Gertatzen zaiguna da egoera ekonomikoa leku guztietan asko zaildu dela, eta berriro ere laguntza eskatzeko premian gaudela», adierazi du Lizeagak. Badaki egoera ekonomikoa larria dela, baina uste du beste proiektu batzuekin batera herritarrek ahal duten heinean bultzatu behar duten proiektuetako bat dela. «Guztiok dugu konpromisoa».

HERNANIKO EKITALDIAK

Ostirala. Xabier Montoia, Biteri kultur etxean, 20:30ean.

Larunbata. Kale buelta kaxkoan, 11:00etatik 14:00etara.