Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura Betikoak, molde berrituarekin

Publizitatea

Kultura

Betikoak, molde berrituarekin

Rock elektrikora hurbildu da Balerdi Balerdi taldea 'Galtzen ikasteko metodoa' bosgarren diskoan
Anxel Iraola, Petti eta Toño Muro, Donostian eginiko aurkezpenean. Sergio Ibarrola <em>Zara</em> falta da.
Argazkia: GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

2017-05-19 / Mikel Lizarralde

Oso berezkoa izan du beti Balerdi Balerdi taldeak ironia. Ironia eta bere ingurunea umorez, kritikotasunez eta goxotasunez erretratatzeko joera agerikoa. Hala erakutsi zuen bere lehenengo lanean, 1991n argitaratutako hamar hazbeteko lanean —han zeuden, besteak beste, Beti gazte eta Lore Etxea kantuak—, eta hala segitzen du erakusten mende laurden geroago ere. Horren erakuslea da Galtzen ikasteko metodoa (Gor), Iruñeko taldeak 25 urtean grabatutako bosgarren diskoa. «Diskoaren izenburuak laburbiltzen du disko osoaren, edo kantu gehienen, sentimendua». Toño Muro taldeko abeslari eta gitarristak ironiari heldu dio taldearen ibilbideari nolabait aipamen egiten dion tituluaz hitz egitean: «Guk ikasi dugu galtzen; ez dugu ikasi irabazten».

90eko hamarkadan hiru disko kaleratu ostean, Balerdi Balerdik hamar urteko etena egin zuen, harik eta 2000. urtean berriro jarri zuten arte taldea martxan Murok eta Sergio Ibarrola Zara bateria jotzaileak. Karlos Ortiz baxu jotzailearen laguntzarekin, Hegoko lautadaren ertzetik folk-rock ahaireko diskoa grabatu zuten 2012an.

Bost urte geroago, ordea, rocketik gertuago azaldu da taldea. Orain dela hiru urte Petti kantaria gehitu zitzaien bigarren gitarrista gisa, eta geroxeago Anxel Iraolak Ortiz ordezkatu zuen, eta aldaketa horiek eragina izan dute taldearen soinuan. Finean pop-rockaren eta power-poparen eremuan segitzen du mugitzen Balerdi Balerdik, baina Pettiren gitarrek indartu egin dute taldearen soinua. Muro: «Laukote rockzalea osatu dugu. Petti bere bakarkako lanetan ahotsagatik nabarmendu da, baina gurekin gitarra lantzeko aukera izan du, eta nabaritzen da». Petti bera «Balerdiren zalea» izan da beti, eta taldean sartzeko aukera sortu zitzaionean, «prest» azaldu zen. «Eman dit aukera gitarrari etekin bat ateratzeko. Gozatzeko. Gitarrari garrantzia emateko». Nolanahi ere, «Balerdiren espiritua» bere horretan mantentzen da Pettiren iritziz. «Betiko Balerdi Balerdi dago diskoan. Rocka, popa, countrya, folka agian gutxiago...».

Balerdi Balerdiren ibilbide osoan bezala, Galtzen ikasteko metodoa-n Pello Lizarralde idazlearen hitzak bildu dituzte, hiru zehazki: Gu eta ni, Fan fan oso fan eta diskoari izenburua ematen dion kantua. «Lagunak gara aspalditik, eta astean behin-edo elkartzen gara», azaldu du Murok: «Oso rockzalea da, eta nik idatzitako hitzak ere berari pasatzen dizkiot irakurtzeko eta laguntzeko zuzenago eta zehatzago esaten». Fan fan oso fan kantuaren hitzak ematen du Lizarralderen eta Balerdi Balerdiren arteko elkar ulertzearen eta euren buruari begiratzean darabilten ironiaren neurria: «Adiskide bat dugu, fan fanatikoa / Taldea non, hura beti han / Hari esker dakigu zein onak garen / Eta munduak gu gabe zenbat galtzen duen». Umorez heldu dio gaiari Murok: «Gu ez gara asko saltzen duen taldea, baina zale batzuk baditugu, jarraitzaile fidelak». Fanak, alegia.

Joandakoak gogoan

Badira diskoan hitz intimistak eta poetikoak (Elurretan), baina baita inguruari aurrez aurre begiratzen diotenak ere. Hala, Iruñea Motor City-k gogora dakar Nafarroan, eta zehazki Iruñe aldean, autogintzaren industriaren mende bizi direla hein handi batean; Bi izar, berriz, hildako bi lagunez mintzo da: Josetxo Ezpondaz eta Marco Antonio Sanz de Acedoz. Lehenengoa Tension taldeko kidea izan zen — «Euskal Herriko lehenengo punk taldea», Muroren iritziz—, eta, geroago, 90eko hamarkadaren hasieran, Los Bichosekin lortu zuen oihartzun batik bat kritikoa. Bigarrena, berriz, Escroto ezizenarekin egin zen ezagun Tijuana in Blue taldean, eta gero Kojon Prieto y los Huajalotes gidatu zuen.

Toño Muro ibilbide luzea egindako musikaria da. Tocamas, Fuletamol, Motos eta Fiebre taldeetan aritu zen Balerdi Balerdi sortu aurretik, eta gogoratu du 80ko hamarkadaren hasieran ere «rocka egiteko zahartua» zegoela esan ziola kazetari batek: «25 urte nituen! Eta pentsa zenbat urte pasatu diren ordutik. Baina oso pozik nago musika egiteko aukera dudalako. Gainera, denborarekin, ikasi dut kantatzen; pixka bat behintzat».

Bihar Burlatako (Nafarroa) Maiatza Rok jaialdian joko du taldeak.

Publizitatea

Sortu kontua
Mikel Lizarralde Mikel Lizarralde

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak