Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura Ibiliz ezagutzen da mundua

Publizitatea

Kultura

Ibiliz ezagutzen da mundua

Mapamunditarrak proiektuaren 11. aldia izango da Iruñeko Ziudadelan irailaren 24ra arte
Helena Almeida portugaldarrak bideo lan bat dauka ikusgai Ziudadelako Mistoen Aretoan. Orkatiletik lotuta dabiltzan bi agure ditu protagonista.
Argazkia: IDOIA ZABALETA / ARP

2017-08-12 / Oskia Ollakarizketa

Iruñeko Ziudadelan, gaurtik aurrera, munduko hainbat tokitan zeharreko ibilbideez goza daiteke argazki eta ikus-entzunezko edukien bidez. Mapamunditarrak 2017 proiektuak eskaintzen du aukera hori bere 11. aldian. Arte garaikideko lanak biltzen ditu. Horrez gain, aurten garrantzi berezia eman zaio ibiltzeari. Ibili, modu asko izenarekin aurkeztutako erakusketa irailaren 24ra arte egonen da zabalik, Ziudadelako Mistoen Aretoko lehenengo solairuan.

«Ibiltzea gizakiaren erritmo naturalari jarraitzea da. Horregatik, artista askok kontsumo gizartea salatzeko edo gaur egungo bizi erritmo azkarra salatzeko erabiltzen dute ibiltzearen ideia», adierazi du Alexandra Baures erakusketako komisarioak. Aldi berean, «mugimenduari, indar transformatzaile gisa» eskainitako zikloa ere badela gaineratu du.

Artean sarritan bildu da ibiltariaren irudia, baina «azken 50 urteetako gauza» da batez ere, Bauresen arabera.

«Aldi honek Richard Long artistari gorazarre egiten dio», azpimarratu du komisarioak. Izan ere, 1967an bihurtu zuen artista ingeles horrek «ibiltzea arte», tren batetik jaitsi eta larre batean belar gainean urratsez urrats egindako lerro zuzena argazki batean jasoz.

Mende erdi pasatu dela, Mapamunditarrak 2017k, ibileraren ideiarekin jarraituz, eredu neoliberalaren krisi sozial eta ekologikoa aztertzen ditu. Horretarako, ibilitako lekuen azterketa egin du hainbat artistak bere lanetan.

Ziudadelako Mistoen Aretoan lau artista garaikideren lanak daude ikusgai: Carlos Alba, Helena Almeida, Lotty Rosenfeld eta Lorena Zilleruelorenak. Artista horiek ibiliz sortu dituzte beren lanak, eta ibiltzeko modu ezberdinak erakusten dituzte. Aldi berean, bakoitzak ibiltzearen gaia modu ezberdinean lantzen du: ikuspegi detailezale, erreflexibo, konprometitu edo kritiko batetik.

Albaren lanak Londresko auzo batean zehar egindako ibilaldietan jasotako argazkiak biltzen ditu, eta Rosenfeld txiletarraren obra, berriz, Augusto Pinocheten diktadurari egindako kritikarekin lotuta dago. Lan gehienak argazkiak diren arren, Almeida portugaldarrak bideo sorkuntza bitartez aurkeztu du bi agureren ibilera, hanketatik alanbrez elkarri lotuta daudela. Zilleruelori dagokionez, modernitatearen krisitik, Pelliza de Volpedoren Oldarra eta elegia koadroaren bertsio bat egin du ikus-entzunezko formatuan.

Lau ideia azpimarratu ditu Bauresek, ibiltzearekin lotuta: ibiltzea indibiduoaren edo talde handiago baten ekintza gisa; ibiltzea bizitzako esperientzia gisa —«ibiltzea hankekin pentsatzea dela esaten da», aipatu du Bauresek—; ibiltzea erritmo edo denbora gisa, eta ibiltzea amets gisa. Erakusketa bera, ibiltzea artea ezagutzeko bide gisa planteatuta dago, erakusketa osorik ikusi nahi duenak ibili egin beharko baitu. Mistoen Aretoko erakusketaz gain, izan ere, Ziudadelako Labean Françoise Vannerauden lanak egongo dira ikusgai; Federico Clavarinorenak Nafarroako Museoan, eta Leire Urbeltzenak Atarrabian.

Programazio zabala

Mapamunditarrak 2017ren eskaintza ez da erakusketekin bukatzen, ordea. Abuztuan eta irailean, Alba, Vanneraud, Zilleruelo eta Urbeltz artistekin biltzeko aukera izanen dute ikusleek.

Ezin falta zitezkeen arte ekintzarekin lotutako ibilaldiak. Beren artean zertan ezagutu ez duten pertsona taldeak hirian ibiltzea da helburua, eta kaleko gauza txikietan arreta jartzea.

Azkenik, Iturramako Civivoxean hiru film eskainiko dira irailaren 5ean, 12an eta 19an. Gizartearen azterketa, bizitza bera edo maitasuna izanen dira landutako gaiak, eta azken saioa debate batekin bukatuko da.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak