Albistea entzun

Ipar Euskal Herriko elkargoa. Elkarrizketa. Jean Rene Etxegarai. Euskal Kosta-Aturriko presidentea

«Elkargo bakarraren ariketa bururaino eraman behar dugu»

Inguruan kontrako ahots anitz izan arren, elkargo bakarraren alde buru-belarri ari da lanean Etxegarai. Ipar Euskal Herriak «eskubide historikoa» ez ezik, egitura horren «beharra» ere baduela uste du.
ISABELLE MIQUELESTORENA

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2015eko azaroak 14 - Baiona

Hilabete gutxitan Ipar Euskal Herriko pertsona esanguratsu bilakatu da Jean Rene Etxegarai (1952, Beskoitze, Lapurdi). Baionako auzapez bilakatu zen 2014an, eta ondotik, Euskal Kosta-Aturri hiriguneko lehendakari. Hautetsien Kontseiluko presidentea ere bada orain, eta Ipar Euskal Herriko bi gai garrantzitsuri aurre egin nahian dabil: lurralde kontratuari eta instituzioaren gaiari.

Lehenbizikoan huts egin ondotik, bigarrenarekin ere izanen du borroka. Aste honetan bertan, gertakari gazi-gozoak ikusi ditu: Euskal Kosta-Aturrik elkargo bakarraren kontra bozkatu du; Baionako herriak, aldiz, alde.

Nola hartu duzu Euskal Kosta-Aturriren erabakia?

Ez naiz harritu bozaren norabideaz, zeren eta, izan ditugun elkarrizketetan batzuek zein bertzeek aukera izan baitugu jada horri buruz eztabaidatzeko. Erresalbu handiak sumatu ditut, baita jarrera ezkorra ere. Funtsean, nik proposatu dudana da baiezko bat ematea, baina erresalbuekin. Eta ene kideek proposatzen zutena zen, egoera honetan, ezetz. Ez naute segitu, argi da, eta boto garrantzitsua izan da, gainera: 22k kontra egin dute, eta hamarrek alde. Ene kideek uste dute ez dagoela arrazoirik zalantza anitz sortzen dituen zerbaiti baiezkoa emateko. Nik ere uste dut, baiki, galdera anitz sortu direla, eta ez dutela erantzunik izan. Galdera horiei erantzun egin behar zaie: bereziki, gobernantzaz, zerga sistemaz eta era berean —baina hein tipiagoan— eskumenez.

Hautetsien Kontseiluak lan handia egin du galdera horiei erantzuteko. Euskal Kosta-Aturriko bertze auzapezek ez ote dute bertze arrazoirik gibelean?

Bada urte eta erdi jada Hautetsien Kontseiluak ikerketa sorta bat abiatu zuela, Acadie kabineteari eskatuta, eta ikerketa hori Paueko eta Aturriko Unibertsitateko juristek indartu dute, zeinak lurralde kolektibitateen zuzenbidean adituak baitira. Prefeturako txostenek ere osatu dute ikerketa. Beraz, erran dezakete ez dela aski, baina ezin da erran ez dugula informazio elementurik.

Gainera, Notre legea agorrilaren 7an bozkatu zuten, eta lege hori aurreikusi egin genuen bozkatua izan baino lehen. Frantzian aitzinatuen gauden herrietako bat gara gogoeta honetan. Gerta daiteke ez aski izatea, eta, hain segur, hala da; baina, hala eta guziz ere, bertze lurraldeekiko anitzez aitzinatuago gaude.

Zergatik egiten dute kontra, orduan?

Oraingoz kontra dauden hautetsien argumentuetako bat da 158 herriren arteko elkargo baten antolaketa zaila izan daitekeela, baita ezinezkoa ere. Kontua da legeak zehazten duela herri bakoitzak ordezkari bat izan behar duela bere biztanleria edozein izanik ere, eta horrek eragiten du elkargo bakarraren kontseiluak 232 kide izanen lituzkeela. Baserrialdeko lurraldeak ordezkatuegiak egonen lirateke, eta, horrenbertzez, hiri eta kostaldeko lurraldeak, jendetsuenak direnak, gutxiegi. Zinezko aurkakotasun bat dago ordezkaritzaren eta boterearen artean.

Adituek soluzio batzuen hasiera azaldu dute, baina erantzun horiek batzuentzat urriak dira. Horregatik segitzen dugu aitzina ikerketekin. Tailerrak egin ditugu, lan batzordeak... Eta lantaldeak elkartzen ari dira eskumen zehatz bakoitza lantzeko ere. Elkargo guzietako ordezkariak biltzen dira horietan, eta horrek aukera ematen die zalantzak eta galderak dituztenei, argitzeko. Gardentasunez aitzinatzea da helburua.

Euskal Kosta-Aturriko bertze auzapezen proposamena da egitura federatu bat sortzea. Nola ikusten duzu B plan hori?

Proposatzen dutena da integratu aitzin federatzea. Bertzela erranik, abian ezartzea polo bat. Maptam legeak sortu zituen poloak, eta izan lurralde polo edo polo arinduak, bi forma juridiko horiek sindikatu mistoak dira, beraz, federatiboak. Baina argi hitz egin behar da: nor eta zer federatuko dugu?

Prefetak aukera bakar bat proposatu du. Proposa zezakeen bertze bat: adibidez, Biarnorentzat zortzi elkargo proposatu dituen bezala, hemen ere hiru edo lau elkargo sortzea. Baina ez du egin. Kontra-proposamen bat egin nahi bada, lehenik erran beharko da zein den alternatiba hori. Erraten didate «federazioa, federazioa», baina, egon pixka bat: federatzea bai, baina federatu, zer? Kostako bi hirigune elkargoak batuko ditugu? Edo horiek elkartu eta gehitu Errobi-Aturri eta Errobi? Horri gehituko dizkiogu Hazparne eta Bidaxune? Edo iruditzen zaigu [Ipar] Euskal Herriko muga historikoak berrezarri behar direla, hots, alde batetik Lapurdi, bertzetik Baxenabarre eta azkenik Zuberoa? Hori izan daiteke, baina hipotesia hori proposatzeko asmoa dute? Hori da erantzun behar den galdera.

Zu bakarraren alde zaude.

Uste dut Helep bakarraren ariketa bururaino eraman behar dela, beldurrik eta gaizki erranik gabe.

Hautetsien Kontseiluko presidente gisa hautetsiengana joaten zara. Nola ikusten dituzu?

Hautetsi anitzen partetik itxaropen azkarra nabari dut, nahikari azkarra, gogo handia. Baina gauzak partekatuak dira... Barnealdean ere badira herri anitz zalantzak dituztenak. Eta, errandakoa: galderei erantzun egin behar zaie.

Uste duzu azaro bukaerarako biztanleriaren erdia ordezkatzen duten herrien erdiek baiezkoa emanen dutela?

Badakizu, nik bezala, urriko eta azaroko bozka ez dela erabakigarria, eta prefetak ez dituela hor egiaztatuko %50en %50ak. Hori apirilean edo maiatzean izanen da. Horra bitarte, soilik iritzi gisa hartzen diren bozak adierazgarriak izanen dira halere, baina erranahiagatik.

Hautetsien Kontseiluko buru izanik, pentsa daiteke Ipar Euskal Herriko elkargoa egiten bada presidente izanen zarela?

Ez dut inolako karrera planik afera honetan. Ene konbikzioak lehenagokoak direla ez dit inork ukatuko: Batera-ko sortzaileetako bat izan nintzen. Hor nengoen Batera sortu zen lehenbiziko egunean [Ipar] Euskal Herriko bertze indar politiko eta ez politikoekin batera. Baziren sindikatuak ere: joera politiko guziak nahasirik, joera sindikal guziak, gizon eta emazteak... [Ipar] Euskal Herriko egituraketa instituzional bati buruzko gogoeta egin behar zela pentsatu genuen. Duela 20 urte baino gehiago zen hori, eta nik ez dut iritzia aldatu: konbentzitua naiz [Ipar] Euskal Herriak egitura instituzional baten eskubide historikoa duela, baina ez hori bakarrik. Euskal Herriak instituzioaren beharra ere badu. Zergatik? Marraztu duten eskualde handian pisua izateko baliabideak bilatu behar ditugulako. Horregatik erraten dut ariketaren bururaino joan behar dugula.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

«Utopien funtzioa energien aktibazioa da»

«Utopien funtzioa energien aktibazioa da»

Jon O. Urain

Nola irudikatu gizarte hobeak, ipar gisa hartu eta bideari ekiteko. Utopiak ez dautza gatazkarik ezean, Martinezen ustez, gatazka «modu justuagoan» kudeatzean baizik. Gizarte hobeak ez baitira «zerutiarrak»: «Beti egongo dira egitekoak».

 ©J. DANAE / FOKU
Jose Maria Aznar eta Felipe Gonzalez Espainiako gobernuburu ohiak, maiatzean, Madrilen. ©BALLESTEROS / EFE

BASOARTE ZARBATSUA

Iosu Alberdi

Espainiako Gobernuak desklasifikatu zituen lehen agiri sekretuak GALen ingurukoak izan ziren, 1997. urtean. Halere, zenbait dokumentu ezkutuan mantentzea erabaki zuen Moncloak, «estatuaren segurtasunaren» izenean.

 ©J. DANAE / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...