Igor Calzada. Unibertsitate irakaslea eta ikerlaria

«Independenteak izango bagina bezala jokatu behar dugu»

Euskal Herriak independentzia izateko, prozesuari ematen dio garrantzia Igor Calzadak, Oxfordeko Unibertsitateko eta Ikerbasqueko irakasle eta ikertzaileak. 'PostIndependentzia' liburua argitaratu du.
ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Enekoitz Esnaola -

2014ko ekainak 27

Igor Calzadak (Donostia, 1975) hiru urte daramatza Oxfordeko Unibertsitatean (Ingalaterra) irakasle eta ikerlari lanetan, eta aste honetan Euskal Herrira etorri da, PostIndependentzia > #HanIzanikHonaGara liburua aurkeztera. Euskaraz atera du, Translokal argitaletxe berriarekin; ingelesez ere argitaratuko dute.

Post aipatzen duzu liburuan (PostIndependentzia), baina aurrekoaz ari zara.

Independentziara iristeko bidea da garrantzitsua. Bide orri bat behar dugu, mailakatua; sarean asko funtzionatzea komeni da, ekintzailetasuna bultzatuz, egitasmo zehatzak garatuz. Estatu gisa funtzionatzen hasi behar dugu. Izan ere, Euskal Herriak inoiz independentzia lortzen badu, baina ez badaki estatu gisa aritzen, zer? Eta inoiz galdeketa bat egiten bada, aurrez jakin behar dugu edukia zein den, zer esan nahi duen independentziak.

Zein prozesu independentista duzu gustukoen?

Eskoziakoa. Salmond presidentea jendea irabazten ari da, edukia eskainita. Eskoziako 50 profesionalik onenetakoak hartu zituen, askotariko ideologiatakoak, eta bide orri bat osatu zuten. Lehengo batean, eskoziar abertzale ez den batek esan zidan haren gobernua oso ongi ari dela lanean. Aipamen harekin, frankismo osteko lehen Jaurlaritza etorri zitzaidan burura, Garaikoetxearena eta. Orain lidergo bat falta zaigu.

Ez al dago burujabetza prozesurik Euskal Herrian?

Nik ez dut ikusten. Horretarako, gizarte zibila, alderdi politikoak, erakunde publikoak eta unibertsitatea dira, nire ustez, lau ardatzak. Alderdi abertzaleak ez ditut ikusten prozesu independentista batean. Bestalde, aparatu instituzional handiegia sortu dugu, eta argaltze bat beharrezkoa da, indarrak beste gauza batzuetan jartzeko. Euskal unibertsitate esparrua ere ez dago prozesu bati begira. Gizarte mobilizazioan bai, oso onak gara; kanpoko jendeak haluzinatu egiten du horrekin, baina hori ez da nahikoa.

Bide propioa aldarrikatzen duzu.

Bai, baina Europarekin kontatuz. Ahaztu Espainia, utzi hari begira egoteari; harekin ez goaz inora, haren jarreragatik. Baina, eta Hego Euskal Herriko biztanleoz ari naiz, oso espainolak gara oraindik. Beste kulturak partekatu behar ditugu. Nazioartearekin —batik bat, Europarekin— hartu-eman bat duen euskal herritarrak ulertuko du ondoen nire mezu hau. Independentzia prozesua, barrukoen artean ez ezik, kanpokoekin ere egin behar dugu, munduarekin kontatuz. Hori da liburuko ideia nagusia.

Kritiko agertzen zara gaurko lan egiteko moldeekin. Zergatik?

Jarrera ekintzailea behar dugu, ez aldarrikapenekoa soilik. Gauzak egin behar ditugu, pertsonen artean, eragileen artean, herrien artean, lurraldeen artean. Eguneroko bizimodu honetan nahiko eroso gaude. Joseba Sarrionandiak duela urtebete pasa emandako elkarrizketa bateko pasarte bat dut liburuan: «Independentzia ez dugun bitartean, edukiko bagenu bezala antolatu eta aritu behar gara, balizko errepublika horretako parte bagina bezala». Birminghamdik Manchesterrera trenean nindoan elkarrizketa hura leitu nuenean. «Horixe duk bidea», nioen neure artean.

Alde bakarreko bidea izango al litzateke?

Kataluniak, Hego Euskal Herriak eta Eskoziak egun de facto-ko independentzia dugu. Joka dezagun horrela. Zergak geuk jasotzen ditugu, adibidez. Frankismoaz geroztik autogobernua dugu, eskumen batzuk jaso ditugu. Hortik abiatu behar dugu. Segitu egin behar da, baina ez espero Madrildik ezer. Jauzi hori da orain eman beharrekoa. Gero iritsiko gara ofizialki estatu izatera edo ez. Prozesuak, gainera, baditu beste arlo aberasgarri batzuk.

Zeintzuk?

Demokrazian oinarritutako prozesu bat garatzen baduzu, nahiz eta gero galdeketan independentziaren aurkako emaitza nagusitu, politikagintza indartuta aterako da. Izan ere, urteetan joan zara ideiak azalduz —herrialde independenteko pentsio sistema...—, pedagogia lana egin duzu, jendea informatu egin da, galdetu egin du, parte hartu. Prozesu demokratikoaren ariketaren bidez, herritarra aberastu egiten da.

Horretarako kultura politikorik ba al da Euskal Herrian? ETAk orain dela gutxi bukatu zuen jarduera armatua, 500 euskal preso daude...

Indarkeriak asko baldintzatu du. Baina gero eta gehiago ari gara politikaz hizketan. Bilduk inbertsio demokratiko bat egin du. Goazen beste aro batean sartzera.

Liburuan diozu Euskal Herrian egoera berri bat zabalduko dela bost urte barru. Zergatik egoera berria? Eta zergatik bost urte barru?

Agian, baikorregia naiz, baina hemendik bost urtera ez badugu agertoki berri bat, ez gara ondo ibiliko, eta ez dugu sinesgarritasunik edukiko Europan. Epeak jarri behar dira. Gaur egun ez gaude prest bihar estatu izateko. Lanean hasi beharra dago. Garai historikoan gaude Europan, demokraziarekin lotutakoan. Ikasteko aukera dugu. Ikasiko al dugu?

Eskoziaz eta Kataluniaz ari al zara?

Batik bat, bai. Berriro aipatuko dut Salmond. Hark duela zazpi urte irabazi zituen lehen aldiz hauteskundeak. Jakina, orduan Eskozian ez zeuden prest independentziarako, baina bidea eginez joan dira, eta orain badute proiektu bat. Ezinbestekoa da Euskal Herriak ere, etorkizuneko politika eta lurralde estrategiak diseinatzeko, zentzu demokratiko, plural, zibiko, profesional eta pragmatiko bat izatea, eta nazioarteari begirakoa.

Zer da proposatzen duzun «gizarte berrikuntza kritikoa»?

Diskurtso handiak —Zazpiak Bat...— eta gizarte mobilizazioak ditugu, baina tartean gauza handirik ez. Jar ditzagun ekintzaileak lanean, han eta hemen, erakunde publikoekin ere harremana izanik. Bestela, Espainiakoa bezalako estatu zaharkitu eta burokratikoa egingo genuke.

Zazpiak Bat aipatu duzu; zazpi euskal lurraldeez osatutako euroeskualdeak funtzionatuko al luke? Lurraldeen arteko harremanari garrantzia ematen diozu.

Funtzionatuko luke, baldin eta proiektuak baleude. Danimarka eta Suedia arteko Oresund eskualdea ere aztertu izan dut, eta han hau esaten dute: herritarrek bestaldera pasatzeko eta bestaldeko jendearekin harremanak izateko beharra badute, egiturek funtzionatuko dute; bestela, ez. Gurean, erakundeek ez diote garrantzirik eman mugaz gaindiko lanari. Abertzaleek esaten dute: «Besteak ez du nahi». Danimarkak ez zuen nahi Suedia eta biak lotzeko zubia egiterik, baina Suediak jarri zuen aurrekontuaren %80, eta zubia hor dago.

Europak nola ikusten du Euskal Herria?

Lurralde txiki baina jarduera handikoa da europarrentzat. Baina guk pentsatu izan dugu garela... Eta ez. Goazen munduan geure tokia lortzera, independente bagina bezala jokatuta.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Albiste gehiago

Jacques Parizeau Alderdi Quebectarreko burua, Montrealen eginiko manifestazio independentista batean, 1992an. ©AP

Etxerako ikasbideak

Jon O. Urain

Quebeceko erreferenduma bertatik bertara bizi izan zuten Egibarrek eta Araizek. Gogoan dute ekonomiak izaniko pisua; prozesu hark bi familia abertzaleen jardunean izan du isla.
Hamaika Gara egitasmoa osatzen duten eragileetako kideak, Durangoko Plateruenan eginiko ekitaldian. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Puntu bat burujabeen mapan

Jon O. Urain

Hamaika Gara egitasmoak ekitaldi bat egin du Durangon, 'Altxa!' lelopean. Dei egin dute erreferendumaren aldeko sinadurak biltzera, hura gauzatzeko «baldintzak» sor daitezen
 ©Marisol Ramirez / Foku

'Altxa!' ekitaldia egin dute, erabakitzeko eskubidearen alde

Jon O. Urain

Hamaika Gara egitasmoak ekitaldi bat egin du Durangon, 'Altxa!' lelopean. Dei egin dute erreferendumaren aldeko sinadurak biltzera, hura gauzatzeko «baldintzak» sor daitezen

Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko ordezkaria, atzo, Granadako Alboloteko espetxe aurrean. ©FORO SOZIALA

EPPK prest dago espetxe politikaren «diseinuan konpromisoak emateko»

Jon O. Urain

Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko ordezkariak bilera egin du Granadako espetxean Jon Olarra eta Ainhoa Mujika EPPK-ko zuzendaritzako kideekin. Presoen egoera salatu du kolektiboak

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna