UPNren X. Kongresua. Elkarrizketa. Jorge Esparza. UPNko Antolamendu idazkaria

«Ezin dugu ukatu azken urteetako tentsioak ordaintzen ari garela»

Estatutu aldaketaren batzordean parte hartu du Esparzak. Militanteek zerrendaburua, merindade bakoitzeko parlamentari bana, udal bakoitzeko hautagaia eta gorteetarako hautagaiak aukeratuko dituzte.
LANDER FERNANDEZ DE ARROIABE / ARGAZKI PRESS

Joxerra Senar -

2016ko apirilak 24

Alderdi barruan postu garrantzitsuenetan hirugarrena izan arren, Jorge Esparza (Martzilla, 1985) behin-behineko dago. Ekainean, Sergio Sayasek Antolamendu idazkari izateari utzi zion, parlamentuko jardueran buru-belarri egon nahi zuelako. Haren postua haren lantaldeko Esparzak hartu zuen. Orain, kongresuan osatuko den zuzendaritza berriak izendatu behar ditu hainbat idazkaritza, harena tartean. X. Kongresuari begira, alderdiko estatutuak aldatzeko batzordean parte hartu du.

Zure zereginean, nola aurkitu duzu alderdia?

Alderdia esnatzen ari da. Azken legealdiak zailak izan dira. Uste dut arduraz jokatu dugula udaletan eta gobernuan, baina nolabait alderdia albo batera utzi dugu, eta horrek sustengatzen du dena. Finean, udaletan edo gobernuan egon bagara, alderdiaren sendotasunagatik egon gara. Oposiziora pasatzeko garaia da; oposizio arduratsua egin behar dugu, eta, egokitzen denean, eraikitzailea. Oposiziora joateak mesede egin digu, lasaitasun giro bat ekarri duelako, eta hori ondo datorkigu kohesio handiagoa izateko.

Autokritikarik egin al duzue? Egindako okerrak aipatu dira?

Oker jakin batzuei buruz hitz egin genezake, baina ez dut uste asko izan direnik ere. Gobernuaren gestioan harrabotsa hartu duten lauzpabost gai daude, eta oposizioak muturrera eraman ditu txikikeriak izan zitezkeen kontuak. Ekaitz perfektua izan da. Dena elkartu da udal, lurralde edo estatu mailan. Madrilen eta Bartzelonan bertan, Ahal Dugu-ren alkateak daude; beraz, ez da soilik Nafarroako kontu bat. Jakina, ezin dugu ukatu azken urteetako barne tentsioak ordaintzen ari garela. Aitortu behar dugu, era berean, krisi honi erantzuteko zereginean buru-belarri izan garenez ez garela batere politikoak izan. Alderdiarentzat onena bilatzean soilik pentsatu izan bagenu, agian gobernuaren erabakiak beste modu batera hartuko genituen.

Iraganean zatiketa izan du UPNk. Zauriak itxi dira?

Gaindituta daude. Alderdian, erabat zilegizkoak diren lehiak izan ditugu. Beti egon gara harro edonor aurkeztu zitekeelako, baina horrek berak min egin digu, eta kito. Aurrera egin behar da.

Zertan nabarituko du aldaketa UPNkoa ez den norbaitek?

Igarriko da. Hiru txosten landu ditugu: programatikoa, estatutuena eta politikoa. Kongresuak mugarri bat ezarriko du, baina ez pertsonei dagokienez, pertsonak etortzen garen bezala joaten baikara. Alderdiaren proiektuak erakargarriagoa izan behar du, jendearen beharrei lotuagoa.

UPNk diskurtsoa leundu nahi du. Zentrora joateko asmoa du?

Gure aurrekoak [Jesus Aizpunek] esan ohi zuen UPN dela «kontserbadorea moralean, liberala arlo ekonomikoan eta aurrerakoia arlo sozialean». Askok diote eskuin edo zentro-eskuinekoak garela, baina esparru anitzetako jendea bildu izan du UPNk. Apur bat ezkerrerago edo eskuinerago sentitzetik harago, Nafarroa foral eta espainiarraren alde egiten duten askok eman digu babesa. Ez nuke esango mezua leundu nahi dugula, baizik eta hobeto azaldu.

Zergatik?

Ez gara gai izan ondo azaltzeko hainbat gaitan; adibidez, euskara edo euskal sentipenarenean. Beste alderdiek etekina atera nahi izan diote, eta euskararen edo euskal sentimenduaren aurkako gisa aurkeztu gaituzte. Txosten politikoan hori jorratu dugu: UPN izateari utzi gabe, hori ez baitugu aldatuko, gauzak beste modu batera azaltzea. Txostenean, gobernuak euskara garatzeko egin duen lana nabarmentzen da.

Aliantzak egiteko arazoak ditu UPNk?

Nafarroan beti egon izan da akordioaren kultura. UPNk CDN edo PSNren babesarekin gobernatu izan du. Orain, alderdi berrien agerpenak are gehiago zatikatu du panorama hori, eta akordioa bi edo hirurekin egitera behartzen zaitu. Aukera moduan ikusi behar dugu. Erantzukizun ariketa handiagoa egin behar dugu, eta besteekin akordioak lortu, zenbaitetan gaien arabera. Ez dut uste hainbat bozketatan Geroa Bai, Ezkerra edo Ahal Dugu-rekin bat egitea txarra denik. Herritarrentzat ona bada, zergatik ez?

Orain arte, zerrenden batzorde batek zuen zerrendak osatzeko ahalmena. Zer funtzio du orain?

Eutsiko zaio, baina hainbat eskumen jada ez dira bereak izango. Adibidez, parlamentuko zerrendaburua UPNko militanteek hautatuko dute batzarrean, eta bost merindadeetako ordezkari bana ere afiliatuek aukeratuko dute. Batzordearen zeregina izango da sei izen horiek sailkatzea. Gainerakoak hautatzeko askatasuna izango du, baina bete beharreko irizpide batzuekin: hautagaien %30ek berriak izan behar dute.

Aurreko kongresuan zatiketa izan zen, baina barne organoak irabazlearen ?Barcinaren? eskuetan geratu ziren, eta alderdi barruko egoera desorekatu zen. Hori aldatuko duzue?

Egia da egoera hori izan zela, baina UPNn zerrendak irekiak dira, zuzendaritzako 17 kideak hautatzeko. Hemen ez dugu zerrenda finkorik, eta afiliatu bakoitzak askatasuna du nahi duenari botoa emateko. Aurreko kongresuan gertatu zena ikusita, gai horri buruz eztabaidatu da, eta muga batzuk jartzea proposatu da, baina ez da onartu. Zerrenda irekien sistema bat da, eta militanteek karguen %100 hauta ditzakete. Ez diogu horri mugarik jarri nahi.

Karguen agintaldiari epemuga jarri diozue, baina salbuespenekin. Zergatik?

Eztabaida kalean dago, eta ona da politikan gaudenon denbora mugatzea. Bi egoera daude. Batetik, zuzendaritzako kideentzat ez da salbuespenik. Zortzi urte daude eta kito. Bi kongresu iragan behar dira berriro aurkeztu ahal izateko. Asmoa da etengabe kalearekin lotura izango duen odol berria sartzea. Bestetik, kargu publikoen kasuan, zortzi urteko muga ezarri da, baina salbuespenekin. Adibidez, gure lehendakariorde Antonio Solak zazpi legealdi jarraian daramatza Fustiñanako alkate. Herritarrek babesten badute, ez dago zertan mugak jarri. Inork uste badu ez dela hautagai egokia, aurkez daiteke, eta herriko militanteek hautatu.

UPNren helburu nagusia da Nafarroako Gobernura itzultzea?

Bai, baina ez hori bakarrik. Bidean galdu ditugun udalak ere berreskuratu nahi ditugu. Gobernuari begira galdutako babesa udaletan galdutako botoen ondorio ere bada. Herritarren konfiantza berreskuratu behar dugu.

Lurraldean hedatuta jarraitzen du UPNk?

Bai: ezein alderdik ez du gurearen moduko ezarpenik. Herrietara joaten naizenean, animoak ematen dizkiot jendeari. Badirudi historiako garairik okerrenean gaudela eta dena elkartu dela emaitza txar bat izateko, baina 92.000 boto izan genituen eta hori herrietan izandako ezarpenari esker da. Horrek saihestu zigun kaltea handiagoa izatea. Jendeak pentsa dezake UPN Barcina, Catalan edo Esparza dela, baina UPN ez da hori, isilean lan egiten duten afiliatu guztiak baizik.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Bi pertsona maskarak soinean daramatzatela, autobusean. ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Lau gako asintomatikotasunaz

Arantxa Iraola

Kutsatu guztiek ez dituzte izaten sintomak. Adituek diote COVID-19an positibo emandakoen erdiek-edo, birusa izan arren, ez dutela batere sintomarik. Horrek zaildu egiten du izurriaren kontrola.

Ikasgela huts bat, artxiboko irudi batean. ©Jon Urbe, FOKU

Beste hamabost ikasgela itxi ditu Jaurlaritzak

Uxue Rey Gorraiz

Eusko Jaurlaritzak esan du 280 ikasgela daudela bakartuta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza sisteman, pandemiarengatik.

Sindikatuek jantoki zerbitzua bermatzeko egindako elkarretaratze bat, artxiboko irudian ©luis jauregialtzo / foku

Hezkuntza Sailak 630 langile kontratatu ditu jantokietarako

Irati Urdalleta Lete

EHIGEren iritziz, ez da nahikoa Arabako, Bizkaiako eta Gipuzkoako eskola publikoetako jantokietarako 630 langile kontratatzea. Hezkuntza Sailak ez du jardunaldi jarraitua ezarriko Haur Hezkuntzako eta lehen Hezkuntzako ikasleentzat.

PCR probak, Urdulizko ospitalean. ©Aritz Loiola, FOKU

Positibo gutxiago atzeman dira

Uxue Rey Gorraiz

Beste 679 detektatu dituzte Hego Euskal Herrian, eta apaldu egin da ospitaleratuen kopurua: 42 lagun sartu dituzte erietxean azken egunean. 72 gaixo daude ZIUetan. Gizonezko bat hil da Nafarroan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna