Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea «Garrantzitsua ez da argitaratzea bakarrik: kalitatea ere bai»

Publizitatea

Gizartea

Fernando Cossio. Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa

«Garrantzitsua ez da argitaratzea bakarrik: kalitatea ere bai»

Hamar urte dira Jaurlaritzak Ikerbasque, zientzia sistema sustatzeko fundazioa, abian jarri zuela; erakunde sendoa da egun, ikerkuntzaren munduko amaraun zabal ?eta lehiakorrean? ekarpena egiteko gai.
Argazkia: JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

2017-02-17 / Arantxa Iraola

Fernando Cossio (San Martin de Villafufre, Kantabria, Espainia, 1960) Ikerbasqueko zuzendari zientifikoaren bulegoan sartu orduko argi ikus daiteke zein den hura mugitzen duen pasioa. Eskuin hormako arbelean, unibertso zuri haren luze-zabalean, formulak daude idatzita, kimikarien barne munduko hizkuntzan izkiriatutako ikur ilara luzeak. «Egiten ari naizen ikerketa batekoa da». Izan ere, Ikerbasquen duen jardunak eskatzen dion «kudeaketa lana» ikerkuntza bazter utzi gabe egiten saiatzen da. Fundazioaren ?Eusko Jaurlaritzak eratu zuen, zientzia sistema sendotzeko? hamargarren urtemuga dute aurten, eta halako data biribilak apartak izaten dira egindakoari erreparatzeko: datorrenaz aritzeko. Donostian, atzo, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriarteren ondoan, hainbat datu jakinarazi zituen: iazko urte amaieran, Ikerbasquek kontratu mugagabea izenpetua zuen 143 ikertzaile senior eta 67 gazterekin. Mundu osotik etorritakoak dira: 33 herrialdetatik. Hamar urteotan, ikertzaileen jardunak 125 milioi euro inguruko ekarpena egin du, eta, azken datuen arabera, 723 lanpostu sorrarazi dituzte.

Ikerbasqueren zein datuk erakusten du lanaren arrakasta?

Badaude bibliometrikoak; iaz, esaterako, 900 artikulu zientifiko argitaratu genituen. Ia-ia mila: asmoa da aurten mila artikulu lortzea, baina ez da xede oso zorrotza: izan ere, garrantzitsua ez da argitaratzea bakarrik; kalitateari ere begiratu behar zaio. Ekonomikoki, hasieratik orain arte ehun milioitik gora lortu ditugu ikerketak finantzatzeko, eta diru laguntza horiek lehiakorrak dira. Ikerbasque ez da negozio bat, ez du inolako zerikusirik horrekin, baina datu hori garrantzitsua da azpimarratzeko oinarrizko ikerketa sostengagarria izan daitekeela; ez da dirua sartzea bakarrik: garrantzitsua da berreskuratzea.

Kalitatea aipatu duzu. Zerk egiten du ikerketa bat kalitatezko?

Ikerketa aplikatuen kasuan, errazagoa izaten da kalitatea neurtzeko; oinarrizko ikerketan, zailagoa da. Erabiltzen diren irizpideak datu bibliometrikoak dira; inpaktua, aipuak... Horiek neur daitezke. Esaterako, artikulu bat argitaratu eta inork ez badu aipatzen, horrek, printzipioz, esan nahi du lan hori, nahiz eta argitaratua izan, ez dela oso erabilgarria besteentzat. Horren gisako irizpideak erabiliz neur daiteke kalitatea.

Argitaratu beharrak asko baldintzatzen du ikertzaileen lana. Presio handia al dago?

Nik uste dut baietz. Orain dela hogei urte-edo, presioa ez zen hain nabarmena. Gaur egun, Ameriketako Estatu Batuetan «publish or perish» esaten dute [publikatu ala hil], eta gutxi gorabehera horretan datza egun jokoa. Tamalez.

Ona litzateke presioa arintzea?

Bai, baina, bestalde, gizarteak eta arduradunek espero dute guk, nolabait ere, inbertsioa justifikatzea. Nola neurtu hori? Irizpide bat dira artikuluak, liburuak, patenteak eta abar. Alde horretatik, presioa gero eta nabarmenagoa da azken urteotan, eta, krisiaren ondorioz, zer esanik ez; oso zaila da aurrekontuak lortzea eta presioa gero handiagoa izaten da diru laguntzak justifikatzeko.

Oinarrizko ikerkuntza lehenesten duzuela diozue. Teknozientziak ikerkuntza eta berrikuntza etekin ekonomikora gero eta indartsuago bideratzen dituen garaiotan, zaila da leheneste hori?

Ez da hain erraza oinarrizko zientzia defendatzea. Demagun ikertzaile bat alzheimerraren inguruan ikertzen ari dela. Argi dago: potentzialki behintzat, ikerketa hori garrantzitsua da; erabilgarria izan daiteke. Baina demagun beste bat plasmoi bati buruzko ikerketetan ari dela; lan horien garrantzia esplikatzea ez da hain erraza izaten. Baina garrantzitsua da azpimarratzea guretzat biak direla oso garrantzitsuak.

Ikerbasque usu albistegietako tituluetan agertzen da kanpoko zientzialariak ekartzen dituenean. Bertakoei zer dakarkie?

Gure jardunak hiru lerro ditu; ikertzaileak erakartzea, hemen atxikitzea, eta aberriratzea. Hiruren arteko orekari eustea oso garrantzitsua da; sistema endogamiko bat oso kaltegarria izan daiteke, baina bertatik jendea botatzen duen sistema bat ere erabateko porrota da, oso kaltegarria. Jaurlaritzak diru asko inbertitzen du doktoretzak-eta sustatzeko. Zertarako? Gero jendea botatzeko? Tontakeria litzateke.

Zein ikerketa alorretan da indartsua, bereziki, Ikerbasque ?

Oro har, aipatuko nituzke fisika, kimika, matematika, hizkuntzalaritza eta material zientziak; esparru horiek oso egonkorrak dira, eta zaila da hor lortutako sareak eta emaitzak desagertzea. Baina, seguruenera, urteotan beste lerro batzuk ere ikusiko ditugu sendotzen; batez ere, nanoteknologiekin lotuta. Nanozientzia gero eta garrantzitsuagoa izango da.

Oraintxe izan da zientzian eta ikerkuntzan andreen lekua aldarrikatzeko eguna. Zer-nola kudeatzen duzue helburu hori?

Ez dago orekatuta ikertzaile gizon eta emakumeen presentzia: %33 dira. Horrek esan nahi du falta zaigula. Gure ustez, oso garrantzitsua da ikertzaile gazteak bultzatzea ehuneko hori orekatzeko.

Azkar aldatzen da egun zientziaren eta teknologiaren mundua. Ba al da asmatzerik zer-nolakoak izango diren heldu den hamar urteotako erronkak?

Zaila da. Oro har, lerro orokorrak ez dira egungoen oso ezberdinak izango; baina deabrua xehetasunetan ezkutatzen da. Esaterako, gaur egun pil-pilean dagoen teknika da, CRISPR/Cas9, genetikan darabiltena, eta, orain dela urte batzuk arte, guztiz ezezaguna zen guretzat, kudeaketan ari garenontzat. Une oro prest egon behar dugu horren gisako esparru berriak detektatzeko eta berehala moldatzeko sistema horietara.

Usu ez da asmatzen erraza...

Bai, baina horretan datza zientziaren kudeaketa. Printzipioz, guk ez dakigu zer gertatuko den; bestela, ez litzateke ikerketa izango, eta horrela ibili behar dugu. Hori da xarma, eta arriskua.

Publizitatea

Sortu kontua
Arantxa Iraola Arantxa Iraola

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak