Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea «Herri mugimenduak jakin du gure porrota garaipen bihurtzen»

Publizitatea

Gizartea

Begoña Huarte. Grezian atxilotutako ekintzailea

«Herri mugimenduak jakin du gure porrota garaipen bihurtzen»

Mikel Zuloagak eta biek jasotako babesa eskertu du Huartek, baina orain arreta errefuxiatuengan jartzeko eskatu du. Uste du euren ekintzak argi utzi duela desobedientzia zibilaren zilegitasuna.
Argazkia: HIBAI ARBIDE AZA

2017-01-04 / Ibai Maruri Bilbao

Aske daude, etxera noiz etorriko zain, Begoña Huarte eta Mikel Zuloaga, joan den astean Greziatik zortzi errefuxiatu Euskal Herrira ekartzear zeudela atxilotu zituzten bi euskal herritarrak. Atenasko City Plaza hotel izandakotik hitz egin du Huartek, telefonoz. «Epailearekin egin beharreko paper kontu batzuk falta direla uste dut. Abokatuak ari dira horrekin. Egunotan esango digute furgonetarekin zer gertatuko den ere. Baina, egia esan, ez dakit ezer seguru; ez nago halakoez gehiegi kezkatuta».

Zelan zaudete?

Oso ondo. Lasai sentitzen gara. Orain hasi gara nekea nabaritzen, baina oso pozik gaude. Harro, egindakoaz. Egia esan, une gogorrak izan dira, batez ere hasieran. Ez genekien gure errefuxiatuekin zer gertatuko zen, eta horrek izugarri kezkatzen gintuen. Baina, orain, oso pozik gaude zortziak aske daudelako. Ez gara egindakoaz damutzen; kontrakoa. Gu ondo gaude, kalean gabiltza, normal; fidantzapean, baina arazorik gabe, trabarik gabe. Dena den, eta, aldez aurretik Euskal Herritik agertu duzuen interesa eta babesa bihotzez eskertu ondoren, argi utzi nahi dugu gu ez garela protagonistak. Arreta errefuxiatuengan eta haiekin lanean ari diren elkarteengan jartzea nahi dugu. Guri hau pasatu zaigu, bai, baina konpondu da. Haien arazoek, ordea, hor jarraitzen dute eta jarraituko dute, inork konponbiderik jarri ezean.

Une gogorrak izan direla esan duzu, baina gozotik ere izan duzue azken egunetan. Aske geratu zineten gauean sekulako harrera egin zizueten City Plazan, errefuxiatuek ostatu hartzeko okupatu duten eraikinean.

Nik gehiago gogoratzen dut atxilotu gintuzten gaua. Errefuxiatuetako seik asilo eskaera egin zuten, eta aske utzi zituzten lasterrera. Guregana etorri ziren, besarkadak ematera, eskertzera, gu babestera. Haiek laguntzen ahalegindu ginen, eta txarto atera zitzaigun. Baina, hala ere, haiek eskerrak eman nahi zizkiguten, gu babestu. Izugarria izan zen. Hemengoa [City Plaza hotela] ere bai, noski. Asko hunkitu ginen Mikel eta biok. Kazetari batek galdetu zidan ea lekua gustatzen zitzaidan. «Hau da humanitatearen bihotza», erantzun nion nik. Hunkigarria da, txundigarria. Leku guztietatik etorritako jendea dago hemen; bide gogorrak igarota iritsi dira hona.

Euskal Herrian ere izan dira babes keinuak eta mobilizazioak.

Guri gaizki atera zaigun horri buelta ematen jakin duena herri mugimendua izan da. Gure porrotari etekina ateratzen asmatu dute. Argi geratu da desobedientzia zibila tresna legitimoa dela betetzen ez diren legeak betearazteko. Eta arazo honen inguruko kontzientzia sortu da gizartean. Gobernuak aske mugitzeko eskubide urratzen ari dira, asiloa eskatzekoa. Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren bi artikulutan jasota dauden eskubideak diren arren, ez dira betetzen. Giza eskubideen aurkako delitu larria da. Zerbait egin behar da betearazteko, eta desobedientzia zibila da horretarako geratzen zaigun aukera bakarra. Horregatik, berriz diot: orain arreta errefuxiatuekin lanean dabilen jendearengan jarri behar da. Euskal herritarrei eskatu nahi diegu elkarte eta plataforma hauek antolatzen dituzten ekintzetan parte har dezatela; babestu dezatela errefuxiatuen eskubideen aldeko mugimendua.

Atxiloketaren berri jakitean, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak bat egin zuten zuek lortu nahi duzuen helburuarekin, baina biek esan zuten ez datozela bat aukeratu duzuen moduarekin. Ukatu egin dute zuk aipatutako desobedientziaren legitimazioa.

Zoritxarrez, gu harrapatu egin gaituzte, baina beste asko ez. Guk uste baino jende gehiago ari da antzekoak egiten Europa osoan. Oraintsu jakin da Ceutan [Espainia] Marokoko emakume bat atxilotu dutela, maleta batean mutiko bat zekarrelako, ez? Calaistik [Frantzia] pasatu den jendea bizi da Euskal Herrian, horrela iritsita. Gure erakundeek ez badituzte estutzen estatuak adostu dutena bete dezaten, legea bete dadin, norbaitek egin beharko du. Eta gu izango gara hurrengoan ere. Lurralde bakoitzak errefuxiatu kupo batzuk onartu zituen, hori nazioarteko akordioetan sinatuta dute, baina ez dute bete. Guretzat ulertezina da.

Arestian aipatu duzu errefuxiatuetako seik asilo eskaera egin diotela Greziari. Beste biek ez dute Grezian egin nahi izan. Zer gertatuko da haiekin?

Ez dakigu, eta haiek ere ez dakite. Asiloa emateko edo ukatzeko prozesua oso luzea izaten da, eta auskalo zer gertatuko zaien. Orain, Grezian barrena dabiltza. Dagoeneko ez daude gurekin. Baina eskaera egina dutenez, behintzat badute estatuaren mugen barruan aske ibiltzen lagunduko dien eskaera ziurtagiria. Bada urrats bat. Beste biak hemen daude, hotelean, erabat aske. Haietako batek ere ez du arazorik atxiloketagatik.

Han ikusi eta entzundakoa buruan duzuela, ulertzen duzu Europa osoan hainbeste herritar eta agintari errefuxiatuekiko uzkur agertzea?

Sufrimendu asko ikusi dugu. Baina hemen gertatzen ari dena beste leku askotan gertatu izan da aurretik. Eta jendeak bihotzak zabaldu ditu, eta euren etxeetako ateak ireki ditu. Guk, ordea, Europa harresiz ixtea erabaki dugu, gotorleku bihurtzea. Binomio bat sortu dugu: gu, europar pribilegiatuak, eta besteak. Jendea onartzen ikasi behar dugu, jende bezala. Jarrera horrek Europari berari ere kalte egiten dio, ez soilik errefuxiatuei.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak