Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Ekonomia «Hemen gehiago pentsatu da produktuan merkatuan baino»

Publizitatea

Ekonomia

Elikagai industria Euskal Herrian. Elkarrizketa. Rogelio Pozo. Azti-Tecnaliako zuzendari nagusia

«Hemen gehiago pentsatu da produktuan merkatuan baino»

Euskal elikagai industriaren gabezia handiena da, Pozoren ustez, bere buruari gutxitan galdetu izana «zer erosten digute? Zergatik erosten digute?». Berrikuntza da merkatura hobeto moldatzeko giltzarria.
Argazkia: JAVIER LARREA

2017-06-18 / Jon Fernandez

Berrikuntzarik gabe, elikagaien euskal industriak ez du etorkizunik. Argi dauka Rogelio Pozok, Azti-Tecnaliako zuzendariak. Produktua janari osasungarriaren joerara moldatzea gakoa dela uste du; eta gomendio bat ere egin die enpresei: hobeto ezagutu behar dituzte merkatuaren nahiak eta joerak.

Zer da berrikuntza elikaduran?

Produktu bati teknologia aplikatzea. Hiru mota daude. Berrikuntza inkrementala da lehena. Oilasko oso bat saldu beharrean, xerratutako bularkiak saltzea, adibidez. Produktu bera da, baina formatua aldatzen da, gizarteko aldaketara moldatzeko. Familien ia %20 guraso bakarrekoak dira, eta ezin dute oilasko bat erosi, ez dutelako osorik jango edo ez dutelako nahi lau egunez oilaskoa janez aritu. Berrikuntza inkrementala deitzen zaio merkatua eta kontsumitzailea berberak direlako baina produktua hobetzen delako.

Eta beste bi berrikuntza motak?

Berrikuntza disruptiboa da bigarrena: merkatu zehatz bati teknologia berri bat gehitzen diozu. Esaterako, Nespressok egin zuena, kafea kapsuletan eskainita. Disrupzioa eragin zuen: ez zituen kafe kontsumitzaile berriak sortu, baina lortu zuen kafea hartzen genuenoi kontsumo modua aldatzea. Eta, bereziki, lortu zuen teknologiarik ez zeukaten lehiakideei merkatu kuota irabaztea.

Hirugarren berrikuntza falta da.

Berrikuntza erradikala. Teknologia berri baten bidez, merkatu berrietara ailegatzea. Hori egin zuen Angulas Aguinagak. Jende askok ez genuen angularik jaten, eta bat-batean agertzen da teknologia bat eta... pun!... gulak.

Lehenetsiko zenuke hiru bideotakoren bat elikagaien euskal industriarentzat?

Enpresa gehienak txiki eta ertainak dira [ETE], edo mikroenpresak. Banaketa enpresa handietan lehiatzen dira Eroskin, Uvescon, Carrefourren, Mercadonan... Funtsean, prezioan lehiatzen dira. Beraz, orokorrean, elikagai industrian kostuak txikitzea da berrikuntzaren helburua.

Eta bestelako saltokietan saltzen dutenek?

Badira saltzen dutenak gasolindegietan, catering-ean, ostalaritzan... Hor erosleak prezioari bakarrik ez, balio erantsiari ere erreparatzen dio. Kontua da ETE gehienek ez dutela lehengaiaren gaineko kontrolik. Hartzen baduzu ardo bat edo arrain kontserba bat, ordaintzen dugun prezioaren %70-80 lehengaiari dagokio. Zure enpresa ez bada lehengaiaren ekoizlea, gaitasun oso mugatua daukazu kostua txikitzeko. Beraz, produktuaren prozesuan zentratu behar duzu efizientzia. Hor ari da fokua jartzen hemengo industria.

Balio erantsian, alegia.

Hori da. Ahalegindu behar da produktu bereziak egiten, eta kontsumitzaileak prest egon behar du hori ordaintzeko.

Kontsumitzailea ondo ezagutu behar da horretarako.

Astean, 49 janaldi egiten ditugu, batez beste. Balio erantsiak hor dauka eragiteko aukera.

Zelan?

Balio erantsia zure imajinazio gaitasuna da, gai izatea bezeroak 49 kontsumo momentu horietan dituen beharrizanak asetzeko. Jakina, produktu batek ezin ditu janaldi guztiak ase: aukeratu egin behar da.

Nitxoak bilatu behar dira.

Bai, eta horretarako sortu behar da balio erantsia.

Zeintzuk dira nitxo nagusiak?

Janari osasungarriarena da gehien hazten ari den merkatua.

Zer da, zehazki, janari osasungarria?

Orain arte light janariak jotzen ziren osasungarritzat, gantz gutxikoak, trans gantzik bakoak. Baina ez da hori, baizik eta dieta pertsonalizatua.

Dieta pertsonalizatua?

Hiru ideiatan oinarritzen da: genetikan, lipodomikan eta mikrobioman. Lehenak erreferentzia egiten dio bakoitzaren karga genetikoari; bigarrenak, gure zelulak inguratzen dituzten gantz ehunei; hirugarrenak, hesteetan dauzkagun 3.000-9.000 mikroorganismoei —gehienak onak, gure osasunean eragin zuzena daukatenak—. Elikagai osasungarria da arrisku genetikoa txikitzen duena, zelula ahalik eta osasungarrienak izateko gantz mailarekin, eta mikrobioma orekatuarekin.

Baina, osasun aldetik, familia batean pertsona adina beharrizan daude.

Jakina, baina hiru arlo horietako jakintzekin, elikagai industriak eskain ditzake janari konbinazio osasuntsuak. Landu daitezke janari zehatzak gaixotasun jakin batzuen prebentziorako.

Osasunaz gain, zer beste nitxo ikusten dituzu?

Komenentziarena. Ez dugu soilik elikagai bat erosten, denbora ere erosten dugu, eta garbitasuna, eta erraztasuna.

Hiriko bizitza azkarrerako janaria, alegia.

Denbora gutxi daukagu denok, baina ezkondu ditzakegu komenentzia eta osasuna. ETE batek berritzen jarraitzeko aukera mugagabea du hor.

Baduzu buruan adibideren bat?

Eroski cooking. Osagarri bereiziak dituzte erretiluetan: batetik, arrainak, oilasko bularkia edo pasta; bestetik, pisto bat, arroza; eta gero, zortzi saltsa. Mikrouhin labean berehala egin dezaket legatz bat arroz zuriarekin eta txibien saltsarekin. Kontsumitzaileari bizitza erraztea da, produktu osasungarriekin.

Euskal enpresa gehienak txikiak dira. Badute berrikuntzan inbertitzeko gaitasunik?

Ez, ez daukate. Horixe da Azti existitzearen arrazoietako bat. Gure helburua da azpiegitura bat eskaintzea, ETE eta mikroenpresei I+G estrategia landu dezaten. Berrikuntzak dirua eskatzen du, eta, inbertsioa bada ere, kostutzat ikusten du mundu guztiak. Enpresek sinistu behar dute lehiatzeko modua berezi izatea dela. ETE batek ez du behar berrikuntzarako lantalde handi bat, Aztiren baliabideak erabil ditzake; gainera, diru laguntza publikoak ere badaude berrikuntzarako, eta abantailazko kredituak. Euskadin gero eta ETE gehiago daude berrikuntza etorkizunerako estrategiatzat hartzen.

Produktu onak ondo saltzen ere jakin behar da.

Gure elikadura industriak berrikuntzarik handiena ez du behar produktuan eta prozesuan, merkatu berrikuntzan baizik. Kontsumitzailea ezagutzeko teknologia behar du, komunikazioa hobetu bezeroarekin.

Zergatik dute gabezia euskal enpresek merkaturatzerakoan?

Euskadi beti izan da herrialde fabrikatzailea. Beti pentsatu izan dugu fabrikatzen duguna erosi egin behar dutela, gure produktua delako eta ona delako. Beti galdetu izan diogu geure buruari: «Zer ekoitz dezakegu? Zelan produzitu hobeto?». Aldiz, gutxitan galdetu dugu: «Zer erosten digute? Zergatik erosten digute?».

Merkatuaren joerak aurretiaz detektatu behar dira.

Jakin behar da jendeak zer erosten duen, zergatik, eta beste enpresek zer eskaintzen duten nik eskaintzen ez dudana. Uste dut batailako komertzial asko ditugula, eta komertzial estrategiko gutxi. Gure elikagai sektorearen gabezia handienetakoa da. Gehiago pentsatu da produktuan merkatuan baino.

Publizitatea

Sortu kontua
Jon Fernandez Jon Fernandez

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak