Jabetza intelektuala. Egile eskubideen kudeaketa. Ainara Legardon. Musikaria

«Egileen etsai bihurtu dira egile eskubideen kudeatzaileak inoiz»

Egile eskubideen inguruko informazio argi eta ulergarriaren falta igartzen zuela, eta irakurri nahi lukeen liburua berak idaztea erabaki zuen, azkenean. Sarean jarri du bere ikerketaren emaitza irakurgai
ALVARO SANZ

Iñigo Astiz -

2015eko urtarrilak 4
«Sortzaile naizen neurrian gustura irakurri izango nukeen dagozkigun eskubideak kudeatzeko aukerei buruzko informazio argi eta egituratua. Pena da, baina normalean gure aukerak murrizten dituzten erabaki garrantzitsuak hartu ostean heltzen zaigu informazio hori». Igarria zuen hutsunea aurrez, eta azkenean lan hori bere gain hartzea erabaki du Ainara Legardon musikariak (Bilbo, 1976). Every Minute izeneko lana kaleratu berri du orain, bere ibilbideko zazpigarren diskoa, eta aurten argitaratu du egile eskubideen inguruko ikerketa ere. SGAE erakundean zentratu du lana, eta gatazka igarri duen lekuan jarri du arreta. Erakundearen eta lizentzia libreak erabiltzen dituzten musikarien arteko talkan, alegia. Otro modelo es posible deitu du lana (Beste eredu bat posible da), eta bere web orrian jarri du (www.ainaralegardon.com). Argia da ondorioa: egile eskubideen kudeaketaren kaltetu bilakatzen dira egile eskubideen kudeaketaren onuradun behar luketenak.

Ikerketan diozunez, konpainia handiak dira egungo egile eskubideen kudeaketa ereduarekin irabazten dutenak, eta egile txikiak dira galtzen ateratzen direnak. Zergatik diozu hori?

SGAEren barruan autore indibidualak eta argitalpen enpresa handiak daude. Egungo ordezkaritza sistemak kideen %11ri bakarrik onartzen dio botoa. Zenbat eta eskubide gehiago sortu, orduan eta boto gehiago lortzen dira. Zuzendaritza Batzordera sartzeko aukera ere ez dago kide guztien esku; 9.000 kidetik 300ek baino ez dute horretarako aukerarik. Dirurik gutxien biltzen duten sortzaileak ahotsik gabe geratzen dira, ordezkaririk gabe, eta ezin dute parte hartu haiei eragiten dieten erabakietan .

Egileek behar lukete jabego intelektualeko eskubideen kudeaketaren onuradunak, baina batzuetan badirudi haiek direla kaltetuak. Hala dira?

Zenbait erakundek egileen eskubideak babestu eta zaindu beharrean, zurrun eta zorrotz kudeatzen dituzte obrak, haiei egoki iruditzen zaien eran, egileen nahietatik urrun. Batzuetan, egileen etsai ere bilakatzen dira horregatik. SGAEk ezartzen duen esklusibotasun kontratuak egoera deserosoetara bultzatzen ditu egile asko. Artista bisualen eskubideak kudeatzen dituzten VEGAP eta eskubide repografikoak kudeatzen dituen CEDRO erakundeak hasi dira kontratu ez esklusiboak eskaintzen. Ez dute obra osoa haien esku utzi beharrik egileek. Arazoa ez da erabat konpontzen, ordea, erakunde horiek kudeatzen ez dituzten obrak praktikan kudeatzailerik gabe gelditzen direlako, egun ez baitago beste alternatibarik.

Oinarrizko kontraesan bat da zure ikerketaren ardatza. Copyleft lizentziekin lan egiten duen artista ezin da SGAEko kide izan, baina SGAE da haren eskubideak kudea ditzakeen bakarra. Zer ondorio du horrek?

SGAEn «pendiente» hitza daraman hainbat milioi euroko poltsa bat sortzen du horrek. Bost urteko epean obraren jabeak ez baditu bere izenean bildutako eskubide horiek erreklamatzen, SGAEren esku gelditzen da dirua. SGAEko kide egitea da «pendiente» dagoen hori erreklamatzeko modu bakarra, eta hori ezinezkoa da lizentzia libreekin lan egiten duten egileentzat. Legearen arabera, erakundearen estatutuetan ezarri behar dira banaketa irizpideak, baina banaketa irizpide horiek entitateen barne araudiak ezartzen ditu praktikan, administrazioaren kontroletik kanpo. Erakunde bakoitzak erabakitzen du, beraz, zertara bideratu bildutako eskubide horiek.

Autore libreek ez dute SGAEk haien izenean bildutako dirua berreskuratzeko erarik, beraz?

Gaur egun, ez.

Badirudi SGAEk uko egiten diola egungo errealitate musikala kontuan hartzeari. Hala da?

Erabat. Herbehereetan, Danimarkan, Suedian eta Frantzian egile eskubideen kudeaketa entitateek jadanik sinatu dituzte lankidetza hitzarmenak Creative Commons lizentzia ez komertzialekin lan egiten duten artistekin. SGAEk ez du horretarako asmorik azaldu, argudiatu dutenez, ez dagoelako egileen aldetik horretarako eskaririk. Badirudi ez dutela interesatuen iritziak biltzeko lanik ere hartu. Etengabeko harremana dut nik SGAEko kide diren eta ez diren sortzaileekin eta SGAE egungo garaietara egokitu behar lukeela uste du gehiengo handi batek.

Gardentasun falta da beste arazo iturri nagusia SGAEn.

Hala da. Jendeak SGAEri galderaren bat egiten dioenean edo ez du erantzuten edo ematen dituen erantzunak nahasiak eta lausoak izaten dira. Opakoa da funtzionatzeko eta erabakiak hartzeko modua ere. Horrek zuzenean eragiten du entitatearen irudi publikoan, eta egileen eta erabiltzaileen konfiantza falta areagotzen du. Eta hor daude justiziaren esku dauden ustezko ustelkeria kasuak ere, eta Espainiako Merkatu eta Lehiaren Batzordeak SGAEri jarritako isun sorta ere. Orain hilabete gutxi jarri zioten azkena. 3,1 milioi euroko isuna, «bere monopolioaz abusatu eta musika promotoreei abusuzko baldintzak ezartzeagatik».

250 sortzailerekin hitz egin duzu zure lanerako. Aldaketa gogoa igarri duzu haien artean?

Harrituta gelditzen dira gehienak egungo legedia eta kudeaketa entitateen funtzionamendua azaltzen zaienean. Entitate garden eta justu bat nahi du jendeak. Lotsarik sentitu gabe izan nahi dute haren kide, bakoitzak bere printzipioekin koherentzia mantenduz. Sortzaileek ez dituzte beren eskubideak oparitu nahi, kudeaketa modu justu bat bilatu nahi dute.

Zu ere musikaria zara. Zertan eragiten dizu honek zuri?

SGAEko kide naizenez, behartuta nago nire obra guztia entitatean deklaratzera, bestela kontratua ez betetzea egotzi ahalko baitidate. Teorikoki ezin dut CC lizentziak erabiltzen dituzten artistekin lankidetzan obrarik sortu. Bestetik, ni ez nator bat SGAEren lan egiteko moduekin, eta horrek pertsonalki asko eragiten dit, batez ere badakidalako entitateak nire izenean bildutako eskubideak jasotzeko ez dudala haren kide izatea beste alternatibarik.

Esperantzak badu tarterik, ordea. Beste eredu bat posible da izendatu duzu zure lana. Nolakoa behar luke eredu horrek?

Alemanian C3S sortu da, kooperatiba gisa antolatutako entitatea da, eta aurten hasiko da kudeaketa operadore independente modura. Gardentasuna eta berdintasuna ditu oinarri: kide bakoitzak boto bat izango du, sortzaileek soilik izango dute kide izateko aukera eta ez argitaletxeek, eta lizentzia libredun zein eskubide erreserbatuko obrak onartuko ditu. Eredu hori sortu da, beraz, Europan. Gainera, 2014/26/EB europar zuzentaraua onartu da; entitateen lizentziak lizentzia indibidualekin bateragarri egiten ditu horrek, adibidez. Bestetik zuzentarauak indartu egin nahi ditu entitateen barne kontrolerako mekanismoak; eskubideen egikaritzan egileek parte hartu ahal izatea; eta baita bilketa eta banaketari buruzko erabakien gaineko parte hartzea ere. Zuzentarauak, gainera, bidea libre uzten die C3Sren moduko kudeaketa independenteko operadoreei. 2016ko udaberrirako espero da Zuzentarauaren transposizioa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna