Albistea entzun

Luis Mari Ugarte. Lagun Aro BGAEko zuzendari nagusia

«Prest gaude CNAn dauden 135 bazkide ohiak berriz hartzeko»

Mende erdi bete du penintsulako BGAErik handienak; Fagor Etxetresnen porrotaren azterketa gainditzeak sistemaren sendotasuna islatu du. CNAko 135 mutualista ohiek ere zabalik dituzte ateak.
LAGUN ARO

Xabier Martin -

2017ko uztailak 12 - Arrasate

Larrialdi batek abiarazi zuen Lagun Aro BGAEa orain 50 urte: 418 kooperatibista gizarte segurantzatik kanpo geratu ziren. Kasik mende erdiren ondoren, beste larrialdi handi batek probatu du sistemaren gaitasuna: Fagor Etxetresnek langabezian utzitako 1.700 mutualistei erantzun beharra. «Prozesua bukatu ez arren», azterketa hori «nota onarekin» gainditu du Lagun Arok, Luis Mari Ugarte zuzendariak dionez, eta prest da orain CNA taldearen Edesa Industrialeko 135 mutualista ohiei erantzuteko ere.

Edesa Industrialen 135 kooperatibista ohi daude Lagun Arora itzultzeko eskubidearekin. Zer esan nahi du horrek zehazki?

Fagor Etxetresnak kooperatibako bazkide ziren, eta CNAk jarduera martxan jarri zuenean haien soldatapeko bihurtu ziren, baina aukera eman genien hiru urteko epean BGAEra itzultzeko, gizarte segurantzara pasatzeko nolabaiteko sare bat. Ez zen ezer sinatu CNArekin, hara zihoazen mutualistekin baizik. Beraz, prest gaude CNAn aritzen diren 135 mutualista ohiak berriro hartzeko.

Ba, orain argi ikusi da zergatik eskaini zen... Zer esan nahi du itzultzeak? Zer eskainiko zaie itzultzen direnei?

Lagun Aroren prestazioa; alegia, langabezia sari moduko bat. CNAra joan aurretik geratzen zaien prestazioaren zatia, alegia. Dena den, gehienak urtebete baino gutxiago erabili zuten; besteak beste, enpresa berrira joan aurretik lanean aritu zirelako beste kooperatiba batzuetan. Lagun Aroko beste mutualistei bezala, beste kooperatibetan lanpostua emateko kudeaketa lana egingo dugu, eta, aurkitzen ez badiegu, langabezia laguntza jasoko dute.

Mende erdia ospatzeko ekitaldian, Lagun Aro «aterki soziala» dela azaldu zen. CNAtik itzultzen direnak gehiegi ez bustitzeko aterki nahikoa izango da?

Jakina. Kontua da lanpostu berrietan hasten direnak agian epe batez egoten direla leku horretan, eta gero beste batera joaten dira, eta, gero, agian, prestazioa jasotzen egoten dira beste epe batez. Lanpostuak ez dira sortzen ti-ta batean. Baina langabezia saria bukatzen ari den mutualistak hiru hilabete lan eginez langabezia saria jasotzeko beste hilabete bat eragiten du, baldin eta sei hilabete baino gutxiago falta bazaizkio prestazioa bukatzeko. Aldaketa hori egitea erabaki genuen, aterkia handiagoa izan dadin.

135 itzul daitezke Lagun Arora CNA Edesa Industrialen geroa ez duelako argitzen. Ez dira gutxi, baina bai Fagor Etxetresnen porrotak langabezian utzi zituenekin alderatuta.

Orduan 1.700 bazkide geratu ziren lanik gabe; 1.700 gure mutualista zirenak. CNAra 200 baino ez ziren joan. CNAk soluzioaren zati txiki bat baizik ez zuen eman. Beste 1.500 mutualistei Lagun Arok erantzun zien, erretiroekin, aldez aurreko erretiroekin, eta kooperatibetan lanpostu berriak emanez. Eta kontuan hartu beste 700 bazkideri ere erantzun zitzaiela porrot handi aren aurretik, urte batzuk lehenago hasi zirelako arazo larriak Fagor Etxetresnak kooperatiban. 2.500 ere izan ziren, ez ahaztu.

Zenbat itzuliko dira orain CNAtik?

Ez dakigu. Batzuek deitu dute informazio eske. Aurreko bi urteetan 65 bat itzuli dira jadanik, hiru urteko epe horren barruan edonoiz itzultzeko eskubidea baitute.

Badira diotenak oraindik ehunka direla lanpostua lortu ez duten bazkide ohiak...

Gezurra da. Bat da behin betiko soluzio bat, eta bestea, behin-behinekoa. 700 bat bazkide ohi daude beren kooperatiba berrietako bazkide ez direnak oraindik. Baina lanean daude. Fagor Etxetresnak enpresako bazkide ziren, baina enpresa hori ez dago jada, eta orain dauden enpresa berri horretan bazkide bihurtzeko prozesuan egon daitezke. Enpresa bakoitzak bere arauak dauzka, bere epeak. Lanik gabe 20-25 bat daude orain; baina sortzen diren aukeren arabera txikitzen edo handitzen da talde hori. Ordainduk esango du akaso 800 direla langabezian daudenak, baina gezurretan ari dira.

Zenbateko prestazioa jasoko dute CNAtik itzultzen direnek?

Ez dakigu zenbateko soldata jasotzen duten orain, eta Fagor Etxetresnak enpresan zuten indizea hartzen dugu erreferentzia gisa. Orduko soldataren %80 jasoko dute langabezia jasotzen badute, eta lanpostu berria lortzen badute, haren %100. Lanpostua lortzen duten enpresa horren saria txikiagoa izan daiteke, bestalde, eta, horrela bada, Lagun Arok osatzen du soldata mutualistaren indizearen %100 jaso arte. Gainontzeko estaldura guztiei ere eusten diete: osasunari eta erretiroari begira, adibidez.

CNAn aritzean gizarte segurantzan ere langabezia eskubidea eragingo zuten gehienek? Kaleratzeak badatoz, aukeratu egin beharko dute?

Bi langabeziak batera ezin dira jaso. Gizarte Segurantzaren langabezia saria jasotzea erabakitzen badute, guk denbora gehiago izango genuke haien itzulera kudeatzeko. Badira langabezia arrunta jasotzen hasi direnak eta handik bi hilabetera deitu ditugunak lanera. Nahiz eta langabezia arrunta jasotzen egon, gu haien lan soluzioa kudeatzen hasten gara.

Zer-nolako funtsa daukazue langabezia sariak pagatzeko?

Orain 67 milioi euro ditugu. Fagor Etxetresnena gertatu aurretik 70 milioi zeuden, eta 27 milioira jaitsarazi zuen kopurua porrot horrek. Bada, jada 67 milioira igo dugu funtsa, besteak beste, mutualistek kuotak igotzea erabaki zutelako, %3tik %6,5era. Kooperatiben konpromisorik gabe ez zegoen egiterik.

28.000 mutualista dituzue, eta 13.000 pentsiodunei erretiroa pagatzen diezue. 6.325 milioi euro daude erretiroen funtsean. Nola zaintzen duzue altxor hori?

Dibertsifikatuz, lehenik eta behin. Errentagarritasun bat lortzeko helburua daukagu, baina lehen-lehena erretiroak pagatzea da. Oreka bat behar dugu segurua denaren eta errentagarria denaren artean. Mundu osoan inbertitzen dugu, askotariko finantza produktuen bidez. Diruak gutxi balio du gaur egun, baina emaitza onak ditugu.

Zer esaten diezu orain hiru urte Fagor Etxetresnen krisiak Lagun Aro aurrean eramango zuela esan eta idatzi zutenei?

Pentsioen kutxa ziurtaturik zegoela, lehen eta orain, ez zuela zerikusirik kooperatiba jakin horren itxierarekin. Eta sistema sendo bat daukagula, kooperatiben konpromisoari esker. Enpresa hori itxi eta bi hilabetera kongresu bat egin genuen, eta erabaki garrantzitsuak hartu ziren Lagun Aroren babesa indartzeko, diru sarrerak igoz. Horrek ekarri gaitu gauden lekura.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Jaurlaritzako, aldundietako eta udaletako ordezkariak, atzo, bilera hasi aurretik, Gasteizen. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Jaurlaritzak inoizko gastu handiena egingo du zerga bilketa onari esker

Aitor Biain

Bilketa %9,6 handituko da aurten, eta %4,6 datorren urtean. Diru gehigarria zorra txikitzeko eta inbertsioak egiteko erabiliko dute. Aurrekontuak 13.000 milioiren langa gaindituko du lehen aldiz

Urnietako kiroldegiko berritze lanak, atzo; hor hil zen bi beharginetako bat. ©JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Egun berean eraikuntzako bi langile hil dira, Urnietan eta Amurrion

Jokin Sagarzazu

Bata kiroldegia berritzeko lanetan ari zen, eta bestea, berriz, etxe berri baten eraikuntzan

ArcelorMittalek Euskal Herrian duen lantegi bateko altzairutegi elektrikoa ©Jon Hernaez (Foku)

Argindarraren kostua dela eta, Arcelorrek geldialdiak egingo ditu Olaberrian eta Bergaran

Jokin Sagarzazu

Multinazionalak jakinarazi neurria indarrean dela, eta ordu zehatz jakin batzuetan eteten ari direla ekoizpena.

Mahats biltzaileak uzta kamiora botatzen, Tierra upategiko Bastidako (Araba) mahastietan. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Araban kilo bat mahats ekoizteak 70 eta 80 zentimo arteko kostua du

Imanol Magro Eizmendi

Aldundiak aginduriko ikerketa baten ondorio nagusia da. Upategien eta mahastizainen arteko negoziazioetan langa hori ezar dadin nahi du

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.