Noiz sortua: 2016-06-11 00:30:00

Carles Sigales. UOCeko Irakaskuntzarako errektoreordea

«'On line' proiektuan sinetsi behar da, eta lehentasuna eman»

UEUk gonbidatuta, Donostian izan da Sigales, UOC Universitat Oberta de Catalunyaren esperientzia azaltzeko. 1995. urtean jarri zuten martxan 'on line' bidezko unibertsitatea: erreferentea da munduan.
JON URBE / ARGAZKI PRESS

Maialen Unanue Irureta -

2016ko ekainak 11
Euskarazko on line unibertsitate bat sortzea proposatu du UEU Udako Euskal Unibertsitateak. UOC Universitat Oberta de Catalunya du erreferentzia, 1995. urtean hasi baitzen martxan, modu guztiz digitalean, Internet batere zabaldurik ez zegoen garaian. Emaitza nabarmenak lortu ditu ordutik: egun, ia 50.000 ikasle ditu, 3.700dik gora irakasle, 68.400dik gora graduatu eta 200.000 lagun inguruko komunitatea —ikasleak, ikasle ohiak, irakasleak, langileak...—.

Euskarazko on line eskaintzaren egoeraz eta erronkez jardun zuten atzo Koldo Mitxelena kulturunean; tartean, Carles Sigales (Prat del Llobregat, Herrialde Katalanak, 1958) aritu zen hizlari, UOCeko Ikaskuntzarako eta Irakaskuntzarako errektoreordea.

Intuizio onak azaldu dezake UOCen sorrera?

Bazegoen unibertsitate ireki bat, UNED [Espainiako Urrutiko Hezkuntzako Unibertsitate Nazionala]. Katalan hiztunen biztanleria oso garrantzitsu bat bazela esan genion, eta eskatu genion plantea zezala, gutxienez, zenbait titulazio katalanez eskaintzea. Ideia, beraz, horrekin hitzarmen bat egitea zen. Baina ezetz esan zuen.

Nork eta nola hartu zuen, orduan, UOC egiteko ardura?

Kataluniako Gobernuak beharrizan gisa planteatu zuen, baina baita eskubide gisa ere, eta, beraz, ebatzi zuen unibertsitate ireki propioa sortu behar zuela Orduan, inork ez zuen imajinatzen unibertsitate ireki bat egitea Kataluniarako soilik, katalanez soilik izango zena... Aldaketa sakonena proiektua Gabriel Ferrateri eskaini izanak ekarri zuen.

Zergatik?

Oso berezia da, jenio bat. Bi baldintza jarri zituen. Batetik, unibertsitate sistema arin eta malgua nahi zuen: ez zuen nahi sistema zurrun bat, abiatu eta bost urtera aldatzeko aukerarik izango ez zuena. Bestetik, digitala izatea nahi zuen. Jendea txundituta utzi zuen.

Eta bete-betean asmatu zuen.

1995ean, jendeak, oro har, ez zeukan Interneterako sarbiderik, eta gehienek ez zekiten zer zen ere. Beraz, oso arriskutsua zen Ferraten proposamena. Oso urte gutxiren buruan, Internetek eztanda egin zuen, hedatu egin zen, eta, urte batzuk geroago, datuak transmititzeko gaitasuna izugarri hazi zen. Internetekin sortu izanak gure DNA markatu du betiko.

UEUk Euskal Herrian jarri nahi du on line unibertsitatea. Zer behar da horretarako?

Lehenik, proiektuan sinetsi behar da. Badirudi agerikoa dela, baina ez da. Proiektu hori egin nahi bada Euskal Herriarentzat, euskaraz, norbaitek konturatu beharko du hori beharrizan bat dela eta lehentasuna eman behar zaiola. Bigarrenik, motor bat behar da. Inguruko unibertsitateekin lankidetzan aritu behar du horrelako proiektu batek: bestela, disfuntzio eta errezelo ugari sor daitezke. Baina beharrezkoa da motor bat egotea, lehentasunak markatzeko, gauzak nola egin erabakitzeko, oinarriak jartzeko... Ezinbestekoa da.

1995etik, irakaskuntzan jardun duzue, baina UOC bera aldatuz, garatuz joan behar izan duzue.

UOC guztiz puntakoa eta berritzailea zen 1995ean. Egun, atoian joatea da arriskua. Badaude beste ekinbide batzuk, unibertsitatetik kanpokoak, Internet erabiltzen dutenak ikaskuntzarako. Oso adi ibili behar dugu: unibertsitate presentzialak ez dira gure lehiakideak, baina beste horiek, bai. Eguneratuta eta beti urrats bat aurretik egotea da gure helburua.

Nabarmentzeko modukoak dira UOCen dimentsioak.

Askok galdetuko dute ea UOCek zein interes eta zein behar duen hazteko. On line unibertsitate batek eskalako ekonomien logikarekin funtzionatzen du, hein batean. Esaterako: unibertsitate presentzial batek master bat martxan jartzeko, kontuan izan behar duen bakarra da irakasleak eta masterraren zuzendaria identifikatuta izan behar dituela. Gutxi gorabehera, nola gauzatuko duen pentsatuta izango du, baina, jendea ez bada matrikulatzen, ez da irekitzen, eta kito.

Guk, ikaslerik izango ote dugun edo ez jakiten dugunerako, ikasturte guztia garatua izan behar dugu. Beraz, ondo igarri behar dugu zer eskatuko duten ikasle potentzialek. Bestela, hondagarria izan daiteke.

Zein da gradu bat abiatzeko gutxieneko ikasle kopurua?

Gradu bat bideragarria izateko, gutxienez 200 ikaslek eman behar dute izena. Masterren kasuan, 100 inguruan dago langa. Horrek behartzen gaitu eskaintza ikasleen nahietara oso bideratuta egotera. Horregatik, katalanaz gain, ikasketak beste hizkuntza batzuetan ere eskaini behar ditugu, ikasle gehiago lortzeko.

Zein profil dute UOCeko ikasleek?

35 urte inguru, ziurrenik emakumea, baina nahiko pareko gabiltzan horretan: %55-%45. Landuna da, familia ere badu, eta unibertsitatea ezagutzen du aurrez.

Edozer irakats daiteke on line?

Ikasgela presentzial batean egin daitekeen guztia egin daiteke, egun, on line. Beste kontu bat da Medikuntza ikasten ari den batek praktikak egin behar baditu ebakuntza gela batean. Egun, behintzat, ezin duzu on line egin, baina ezta ikasgela arrunt batean ere: dagokizun ospitalera joan behar duzu. Badaude zenbait praktika in situ egin behar direnak, eta hori ere egiten dute gure ikasleek. Baina, gainera, badira praktikak egiteko zenbait sistema, etengabe garatzen ari direnak, praktikak on line egiteko, inguru simulatuetan.

Zeintzuk dira abantailak?

Bi, eztabaidaezinak. Batetik, espazioan eta denboran irakaslearekin topo egin behar ez izatea. Bestetik, ikasleak erakarri nahi ditugu eskaintzen dieguna interesatzen zaielako. Gure metodologia oso aktiboa da, oso eraginkorra ikasleentzat.

Desabantailarik?

Gurean ez dute tokirik bizitza beste pertsona batek antolatzea behar duten ikasleek, obligazio oso zehatzak izan ezean betetzen ez dituztenek. Uzten dutenek autodiziplina handia eskatzen dielako uzten dute.

Nola finantzatzen da horrelako unibertsitate bat?

Aurrekontuaren %25 inguru dira laguntza publikoak. Gainontzekoa matrikuletatik eta bestelako diru sarreretatik dator. Horregatik, ikasle asko izatea beharrezkoa dugu; gure prezioak publikoak dira, gobernuak ezarriak.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Apirilaren 5ean eguneratua, 14:00etan. ©

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 11.701 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 693 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 3.709 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Iñigo Urkullu lehendakaria, bideokonferentzia batean. ©Irekia

Iñigo Urkulluk «normaltasunera bueltatzeko plan bat» eskatu du

Berria

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak babesa adierazi dio Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak alarma egoera apirilaren 26ra arte luzatzeko egindako eskaerari. Ekonomiaren jarduera etetean «malgutasunez» jokatu izana eskertu dio.

Nafarroako erietxeko langileak, txalo jotzen, iragan asteazkenean. ©Idoia Zabaleta / Foku

Sanchez aztertzen ari da sintomarik gabeko gaixoak kiroldegietan bakartzea

Berria

Pedro Sanchezek bilera bat egin du autonomia erkidegoetako presidenteekin, eta azpiegituren zerrenda bat eskatu die hilaren 10erako, atzemandako kasu positibo asintomatikoak kokatzeko. Adierazi die milioi bat test banatuko dituela «detekzio goiztiarrerako».

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia, artxiboko argazki batean. ©Andoni Canellada / Foku

Otegirentzat, Moncloako Itun berriek «eskubide sozialak eta ekonomikoak urratzea» eragingo lukete

Berria

EH Bilduk astelehenean erabakiko du alarma egoera luzatzeari buruzko jarrera. Dena dela, orain artekoarekin «koherentea» izango dela esan du Arnaldo Otegik. Aurreko aldietan abstentziora jo dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna