Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Ekonomia «Faktura bat egitea tresna bat da guretzat, ez da helburu bat»

Publizitatea

Ekonomia

Santi Otxoa de Eribe. Goienerreko zuzendaria

«Faktura bat egitea tresna bat da guretzat, ez da helburu bat»

Subiranotasun energetikoaren eta energia berriztagarrien alde egiten duen kontsumo kooperatiba bat da Goiener. Eta berriztagarrien sortzaile ere izan nahi du. Horretarako prestatzen ari da.
Argazkia: GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

2017-08-04 / Irune Lasa

Hazten ari da Goiener. Abuztu amaierarako, 7.000 bazkideetara iritsiko da; iaz urte osoan lortutako bazkide kopurua aurten sei hilabetetan bete du. Ordiziako, Bilboko eta Gasteizko bulegoei, Donostiakoa eta Iruñekoa gehituko dizkie aurten. Donostiako bulegoa atontzen ari dira oraindik, baina aulki bana nahikoa da solasean hasteko.

Argitu dezagun hasieratik: nire entxufera heltzen den argindarra erabat berriztagarria izatea ezinezkoa da, ezta?

Fisikoki gure etxe guztietara iristen dena nahasketa bat izaten da, mix bat. Sistema elektrikoan, ekoizleek momentuan sortu dezaketena sarera botatzen dute, eta hori bideratzen da etxebizitzetaraino eta besteetaraino. Gu bezalako merkaturatze enpresek egiten dutena zera da: Energia Ministerioak energia berriztagarrien ekoizleei zigiluak aitortzen dizkie sortutako energiagatik. Guk urte kontablean erositako energia kopurua hartu, eta hainbesteko zigiluak eskatzen dizkiegu ekoizleei, ekoizle independenteei, eta horrela bermatzen dugu guk erositakoaren adinako argindar kopurua iturri berriztagarrietatik ekoitzi dela. Horrela, gobernuari mezua bidaltzen zaio, sistema orokorrean badagoela berriztagarrien eskaria. Kontsumoaren aldetik presio egiteko modu bat da. Eskari hori asetzeko adina zigilurik ez balego, gobernuaren ardura litzateke berriztagarrien ekoizpena sustatzea. Egia da halako zigiluen eskaria geroz eta handiagoa dela, baina oraindik ez dago zigilurik gabe gelditzeko arriskurik. Iaz ordaindu genuen lehendabizikoz zerbait zigilu horiengatik, eta hutsa izan zen. Horregatik, Goienerren bigarren urratsa —hasieratik gure helburua dena—izango da ekoizpen proiektuak garatzea.

Hala da, merkaturatzaileak zarete, baina ekoizle ere izan nahi duzue. Zertarako?

Energia ekoizteko gure unitate propioak nahi ditugu, gure lurraldean, gure eskaria gutxinaka-gutxinaka ase ahal izateko. Oso zaila izango da, baina horretan gabiltza.

Noizko ikusten duzue hori?

Baditugu proiektutxo batzuk nahiko bideratuta. Guk, horietan, jabetzaren zati bat izango dugu, handiagoa edo txikiagoa, proiektuaren arabera. Inbertsioa egingo dugu, gure bazkideen aurrezpen batzuek bideratu proiektuak abian jartzeko. Baina ez gara instalatzaileak izango, gehienbat sustatzaileak izango gara; gure inguruko enpresekin hitz egingo dugu haiek kudeaketa egiten dezaten. Instalazio hidroelektriko batzuekin hastea aztertzen ari gara iaztik, baina lan konplexua da. Joan, ikusi eta ikastea eskatzen du horrek, hau da, dirua eta denbora asko. Eta orain ari gara horretarako taldea handitzen, kontsumitzaile diren bazkideen apustuari esker. Negozio batekin, bestearen etorkizuna ereiten ari gara.

Datorren urtean orduan?

Niri gustatuko litzaidake aurten zerbait ateratzea. Ez dago gure esku epea jartzea, nahiz eta gure aldetik dena prest egon. Beste kooperatiba bi osatuko dira, eta, haietan, nahi duenak inbertsioa egin ahalko du, proiektu desberdinez osatutako portfolio batean. Ez dugu nahi dirua proiektuka jartzerik, gerta litekeelako instalazio bat ez izatea errentagarria diruaren aldetik baina beste balio batzuk izatea, sozialki, hezkuntzaren aldetik edo dena delakoagatik, eta portfolio horren barruan bideragarria izatea.

Energia hidroelektrikoaren aldeko apustua egingo duzue?

Gipuzkoan, bai.

Eta fotovoltaikoa?

Hori gehienbat autokontsumorako. Adibidez, bazkide den ikastola batean. Azterketa egin dezakegu, guk finantzatu dezakegu instalazioa... Azkenean, horrela Goienerren beste helburu bat ere betetzen dugu, saretik ekartzen dugun energia kopurua gutxitzea, era berean erregai fosilekin ekoizten den argindar kopurua gutxitzeko. Energia iturri berriztagarrietatik sortzea bezain ona da energia kontsumoa murriztea. Xedea bera da.

Espainiako Gobernuak oztopatu du fotovoltaikoena, ezta?

Oztopatu du, baina ez debekatu. Gauza da argindarraren merkatuko prezioak askotan ez duela bermatzen proiektu horiek diru aldetik bideragarriak izatea. Ekoizleek laguntzak nahi dituzte, edota prezio hobeak. Gu horren zain baldin bagaude... Eta autokontsumorako bada ere, instalazioa egiteko dirua behar da. Baina hor, zenbait kasutan lagundu dezake diru hori aurreratzen.

Sorkuntza banatuaren alde egiten duzue. Moda-modan dagoen terminoa da.

Sorkuntza banatuari buruz bakoitzak nahi duena ulertzen du. Jada ez dakit zenbat definizio dituen. Garoña sorkuntza zentralizatua dela argi dago, baina, hemen, Donostia erdian jarriko bagenu, sorkuntza banatua litzateke, ezta? Baina hori ez da guk nahi dugun sorkuntza banatua.

Zer da zuek nahi duzuena?

Ekoizpena egokitu behar da beharren arabera. Izan daiteke sorkuntza banatua, ez dakit, eraikin batean plakak jartzea, eraikin horri emateko, eta, gero, sarera konektatuta egon. Baina, adibidez, Oñatin, ur-jauziak dituztela, herritik hiru-lau kilometrora. Herri ikuspegi batetik, hori ere sorkuntza banatua da, nahiz eta zentralizatuago egon... Azkenean, kontua da zein baliabide dituzun eta haiekin zure energia eskaria nola ase dezakegun. Nafarroako edo Arabako herri txiki bat bazara soroez inguratuta, zergatik ez jarri haize errotatxo batzuk, edo district heating auzo berokuntzarako planta bat.

Energia konpainia handiak ere horretan hasiak dira, sorkuntza banatuan.

Bai, etorriko dira, argi daukat hori. Eta gu baino hobeto prestatuak egongo dira, baliabide gehiagorekin. Horregatik, guretzat gakoa da ezagutaraztea Goiener bezalako proiektuen xedea ez dela soilik argindarra saltzea. Ekonomia egiten dugu, gure soldatentzat, baina ez Sanchez Galan bat bihurtzeko. Gure asmoa da etekinak berrinbertitzea, non? Gure lurraldean. Nola? Pertsonetan, proiektuetan. Zer-nolako gobernantza ereduarekin? Horra ez dira iritsiko konpainia handiak. Hori gizartean azaltzea giltzarria da guretzat: ikusaraztea, begira, faktura bat egitea guretzat da tresna bat, ez da helburua. Helburua da ekonomia beste era batean ulertzea, tokiko garapenean sinetsiz, eraikiz, gure gizartearentzako onura bilatuz.

Konpainia handi bateko komertzial batek, harrituta: «Goiener? Baina...Hori garestiagoa da!».

Ez gara garestienak, ezta merkeenak ere. Eta, batzuetan, aurrezpen potoloak lortu ditu jendeak gurekin. Dena den, zenbat aldiz pentsatzen duzu, «Joxefeliperen baratzeko tomateak erosiko ditut, hobeagoak direlako...»...

Joxefelipe jatorra delako...

Eta paseo bat eman eta harekin hitz egingo dudalako. Badakidalako tomateak erosten badizkiot ez duela bere jarduera bertan behera utziko... Joxefeliperen tomateak garestiagoak dira, egia da. Baina prezioaz gain, beste gauza asko daude, eta horiei buruz hitz egin behar da, ekonomikoki balio horiek guztiak jarri behar dira mahai gainean. Gure kontsumo erabakiekin politika egiten ari gara.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak