Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Ekonomia EAJ prest dago orain DSBE eta gutxieneko soldataren arteko lotura kentzeko

Publizitatea

Ekonomia

EAJ prest dago orain DSBE eta gutxieneko soldataren arteko lotura kentzeko

Jeltzaleek aldatu dute gizarte laguntza nagusiaren ordaina eguneratzeko sistemari buruz zeukaten jarrera. Ez zuten halakorik jaso Iñigo Urkulluren hauteskunde programan
Infografia: BERRIA

2017-01-11 / Ivan Santamaria

Espainiako Gobernuak gutxieneko soldatari ezarri dion igoera (%8) DSBE diru sarrerak bermatzeko errentan ez islatzeko erabakia hartua du Eusko Jaurlaritzak. Horren ordez, EAEko gizarte laguntza nagusia —64.000 onuradun ditu—, inflazioaren arabera eguneratzeko proposamena eramango du Urkulluren gobernuak aurtengo aurrekontu proiektuan. Bi kontzeptuak —DSBE eta gutxieneko soldata— bereizten eta banatzen ahalegindu dira azken egunotan Urkullu bera eta Enplegu sailburua, Beatriz Artolazabal. Errealitatea beste bat da, ordea. Sorreratik egon dira lotuak bi ordainak. Aldatzekotan, EAJk sistemaren eguneraketari buruz zuen jarrera aldatu da.

Oinarrizko errentaren ondorengoa da DSBE. 2000. urteko abenduan onartu zen errenta, gizarteratzeko gutxieneko soldata ordezkatzeko. Herri ekinbide legegile baten eskaeran oinarrituta, Gizarte Eskubideen Agiria onartu zuen Eusko Legebiltzarrak. Agiri horrek —lege bat bere forma juridikoan, azken finean— zer zioen errentaren diru kopuruari buruz? Bada, Espainian ezarritako gutxieneko soldataren ehuneko bat izango zela. Hasiera-hasieran, soldataren %75 pertsona bakar batek osatutako bizikidetza unitate batentzat.

Are gehiago, eztabaidaren parte funtsezkoa bihurtu zen ehunekoa erabakitzea, baita orduan Eusko Jaurlaritza sostengatzen zuten alderdien artean. EAk zeukan proiektua aurrera ateratzeko ardura, Enplegu Sailetik, eta eztabaida gordin batzuk izan zituzten jeltzaleekin, ordainak izan beharreko baldintzen inguruan.

Errentaren ordaina dirutan gutxiegitzat jotzen zituztenen aurrean, arazoa Espainiako gutxieneko soldata zela argudiatu ohi zuten jeltzaleek. «Prest gaude behar dena egiteko, behar den lekuan, gutxieneko soldata igoarazteko, eta Europan ohikoa denera hurbiltzeko», esan zuen errenta onartzeko eztabaida saioan Joseba Arregik, garai hartan EAJko legebiltzarkide zenak.

Hori izan da historikoki EAJren jarrera. Gutxieneko soldataren eta oinarrizko errentaren arteko lotura bat, bai, baina biak parekatzera iritsi gabe. «Filosofikoki, tarte bat egon behar du bien artean, betiere onartuta gutxieneko soldata handiagoa behar dela», Arregiren beraren hitzetan.

Parekotasunaren aurkako argudioek —lana bilatzeko akuilua kentzea litzateke, jeltzaleen ustez— ez ziren traba izan, eta oinarrizko errenta gutxieneko soldataren %75 zena %88ra igo zen urte gutxiren buruan. 2008ko erreforman oinarrizko errenta DSBE bihurtu, eta ehuneko hori ezarri zen, harrezkero aldatu ez dena. Bitartean, gutxieneko soldata ere igo zen. 2005. eta 2008. urteen artean, esaterako, %30 igo zen. Urte horietan guztietan igoerei egokitu zitzaien errenta, dirutan eman beharreko ordainak beti proportzioan handituta.

Lantzean behin eztabaida itzuli zen legebiltzarrera. 2005. urtean, esaterako, PSE-EEk eman zuen lege proposamen bat errenta eta gutxieneko soldata parekatzeko eskatzeko. Ezohiko irudi batean, oposizio guztiak babestu, eta tramiterako onartu zen. Jeltzaleak haserretu zituen bozketa horren emaitzak. Laguntzarekin «demagogia» egitea egotzi zien Joseba Egibarrek, eta igo beharrekoa gutxieneko soldata zela defendatu zuen berriro.

Interesgarria da orduan nola jaso zuten eskaera hura jeltzaleek ohar batean. «Espainiak gutxieneko soldata EBko batez bestekoaren %43 da. Hortaz, parekatzeko, egungo 7.182 eurotatik pasatu beharko litzateke 16.000 eurora. Horri esker oinarrizko errenta beste hainbeste handituko litzateke proportzioan». Orain gutxieneko soldatak izan duen igoeraren aurrean ez daude prest, ordea.

Azken urteotan Espainian gutxieneko soldata nahiko handitu dela uste du EAJk? Ez dirudi. 2014. urtean gutxieneko soldata igotzeko PSE-EEk egindako zuzenketa bati aldeko botoa eman zioten Eusko Legebiltzarrean. Dena den, saio horretan iradoki zuten jeltzaleek norabide aldaketa bat. «Bidegabea iruditzen zaigu gutxieneko soldata igotzeko eskaera baliatzea DSBEren igoera eskatzeko, biek zerikusirik ez baitute», aurpegiratu zion Amaia Arregi legebiltzarkideak EH Bilduko Belen Arrondori. Orain dela gutxi EAJk babestu du Espainiako Kongresuan Podemosek egindako proposamen bat, gutxieneko soldata 950 eurora igotzeko.

Lotura hautsita, praktikan

Legea argia da: pertsona batentzako errentak gutxieneko soldataren %88 izan behar du. Haatik, ez da horrela gertatzen ari. 2012. urterako laguntza %7 murriztea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak —garai horretan PSE-EEren esku—, eta harrezkero eutsi zaio. Neurri iragankorra zena bost urtez luzatu da, eta gobernu aldaketak ere ez zuen murrizketa itzularazi.

Gobernuak aurrekontuetara eramango duen proposamenak are gehiago ahulduko luke bi ordainen arteko lotura. Inflazioa soilik igota, DSBE gutxieneko soldataren %76ra jaitsiko da. Hots, 2000. urtean onartu zenean zeukan maila. Lotura hori behin betiko kentzea eta beste sistema bat erabiltzea aztertuko dutela baieztatu zuen atzo Beatriz Artolazabal Enplegu sailburuak. Horrelako ezer ez zuen jasotzen Iñigo Urkulluk hauteskundeetarako aurkeztu zuen programak.

Eguneratzearen aldaketa aurrekontu proiektuaren bidez egin nahi izateak ere zaildu die EAJri eta PSE-EEri beste bazkide bat aurkitzea. EH Bildu eta Podemos aurka izanda, PP geratuko zaie.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak