Clara Sanchez. CUPeko koordinazio feministako kidea

«Egitura publikoak gutxitzea arriskutsua da emakumeentzat»

Erakunde publikoetan feminismoa nola txertatu aztertuko dute bihar Baionan, Bilgune Feministak antolatutako mintegi batean. Euskal Herriko eta Kataluniako esperientzien berri emango dute hizlariek.
DANI CODINA

Samara Velte -

2017ko ekainak 2
Feminismoaren betiko korapiloetako bat dira instituzio publikoak: denborarekin eta nekez lortu ditu berdintasun planak, emakumeen presentzia bermatzeko espazioak eta indarkeriaren aurkako protokoloak. Baina agerian geratu da, era berean, presentziak ez duela boterea esan nahi, eta espazio publiko horietarako ateak zabaldu bezain azkar itxi daitezkeela. Nola txertatu, beraz, feminismoa erakunde publikoetan? Horixe izango dute bihar hizpide Baionan, Bilgune Feministak antolatutako mintegian, Feminismoak egiten gaitu herri: gorputzak, lurraldeak eta erakundeak izenburupean. Euskal Herriko eta atzerriko esperientziak bilduko dituzte; Clara Sanchez CUPeko politika feministetarako arduradunak (Mataro, Bartzelona, 1989) Herrialde Katalanetako esperientzia azalduko du han.

Denbora da CUPek udal mailako proiektu feminista daukanetik, eta duela gutxi aurkeztu duzue Eraiki ditzagun udalerri feministak: Jar dezagun bizitza erdigunean kanpaina. Zertan datza?

Krimen matxistei modu sistematikoan aurre egiteko sortu zen: ikusarazi nahi dugu hilketak badirela, baina icebergaren punta baino ez direla. Sistemak berak sustatutako indarkeriazko oinarria dute azpian, eta horretan eragin nahi dugu. Beraz, xede nagusia indarkeria hori salatzea da, eta ohartaraztea nola ohikotu den emakumeon bizitzetan. Bestetik, erakundeetan gaudenok prestatu eta mugimendu feministarekin sareak sortu nahi ditugu. Hortik sortuko dugu politika feministen laborategia deitu dioguna.

Zer esan nahi du «bizitza erdigunean» jartzeak?

Politika feministei buruz hitz egitea subiranotasunaz hitz egitea da. Hau da: nola ase ditzakegun pertsonek euren garapenerako dauzkaten behar material eta sozialak, kapitalaren ibilbidetik at. Alferrik ari gara eskubide bat aldarrikatzen, gizarteko sektore guztiek ez badaukate hartarako sarbidea; esate baterako, abortua, osasuna edo beste edozein zerbitzu publiko.

CUPek hainbat udaletan gobernatzen du; beraz, izan dituzue ideia horiek praktikatzeko laborategi batzuk. Zertan bereizten dira udal horiek besteetatik?

Subiranotasuna gaika lantzen da. Sabadellen, adibidez, erreprodukzio eta zaintza lanak eta ardurak kolektibizatzeko proiektu bat dago; nagusiki osasun arloan lan egiten dute, baina osasunaren ikuspegi fisikoaz harago joanda. Bestalde, badira ahalduntzeko espazio kolektiboak nola sortu hausnartzen duten proiektuak. Udala ingurune egokia da ordezkaritzazko logika horri buelta emateko eta demokrazia zuzen eta parte hartzailezko espazioak sortzeko, baina, aldi berean, estatuak ezarritako egitura bat da, eta, horregatik, mila kontraesan sortzen dizkigu: herritarrengandik gertuen dagoen erakundea da, baina botere gutxien daukana. Egunero asmatu behar dugu noiz ari garen subiranotasunaren alde apustu egiten, eta noiz kapitalismoa bera elikatzen.

Nola txerta daiteke feminismoa goragoko instituzioetan, esate baterako, legebiltzarrean?

Hasteko, garbi eduki behar dugu zertarako gauden hor. Gu krisi hirukoitza ikusarazteko sartu ginen: demokratikoa, soziala eta nazionala. Estrategia gisa, lidergo eredua aldatzen saiatzen gara: lidergo feminista korala da, bozeramaileak sarri aldatzen dituena, malgua dena eta gaiak kooperatiboki banatzen dituena. Arazoa da instituzioak berak trabak jartzen dizkizula sarri. Bestalde, garrantzitsua da oin bat kalean edukitzea beti: mugimendu feminista bera izan dadila agenda politikoa, denborak eta helburuak ezartzen dituena, eta gu, haren bozgorailu. Gaur egun, erraza da alderdientzat feminismoaren alde edo hilketa matxisten aurka agertzea; baina esaten diezunean horretarako aurrekontuak behar direla eta zerbitzu publikoen murrizketek emakume horiei egiten dietela kalte, oso bakarrik geratzen zara.

Kuoten auzia aipatzen da maiz. Bistan da presentziak ez duela parte hartzea bermatzen, baina posible da gizonak gehiengoa diren instituzio feminista bat?

Ez. Emakumeok geure burua eta gure beharrak ordezkatzea ezinbestekoa da: espazio horiek okupatu eta bozeramaileak behar ditugu. Arazoa da espazio hori berez patriarkala bada hortik ateratzen diren politikak ere hala izango direla. Proposamen erradikalagoak behar ditugu. Europan hainbat adibide ikusi ditugu: emakumezko figura politiko askok rol maskulinizatua hartu behar izan dute agintera heldu direnean. Ez dugu maskulinizatu nahi botere gune horiek okupatzeko; garen bezala ordezkatu nahi dugu geure burua. Horrenbestez, lidergo eredua bera da birplanteatu behar dena, eta klase eta arraza kontzientzia eduki, goi klaseko emakumeak ez daitezen izan espazio horiek okupa ditzaketen bakarrak.

Katalunian pribatizazio prozesu orokor baten lekuko izan zarete azken urteotan. Nola eragin dio publikotasunaren deseraikitze horrek emakumeen parte hartze politikoari?

Ikusi dugu azken urteotan eraikitako ongizate sistema kapitalismoaren zerbitzura zegoela: hari komeni zaionean hedatu eta murriztu da. Eta, orain, erabateko desmuntatze prozesuan gaude; krisi deitzen diote. PDECatek [lehengo CDCk, Kataluniako Gobernuko alderdi nagusiak] ituntzearen aldeko apustu sendoa egin du, osasun sistema osoa erreformatuz eta gutxieneko diru sarrerak eskuratzeko baldintzak zorroztuz. Eta emakumeak dira neurri horiek gehien sufritzen dituztenak, ia %50 daudelako pobrezia arriskuan.

Emakumeak beti izan dira zaintza eta erreprodukzio lanei eutsi dietenak, eta sistema publiko horrexek ahalbidetzen zien espazio publikoagoak okupatu eta haietan irtenbidea topatzea. Horregatik, azken urteotan, murrizketak baino okerragoak izan dira pribatizazioak: egitura publiko eta komunitarioak gutxitzen badituzu, lehen aipatutako lan horiek espazio pribatuetara itzularazten ari zara. Eta hori oso arriskutsua da emakumeentzat.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna