Albistea entzun

Barbara Fernandez Andujar. Mis Amigas Las Palomas

«Usoak hiltzea ez da neurri eraginkorra, ez eta etikoa ere»

Usoen errealitateaz mintzatu da Barbara Fernandez Andujar asteon, Bilbon, Animalien Defentsarako eta Babeserako Elkarteak antolatu jardunaldietan. Animalion kontrako tratu txarrak gogor salatu ditu.
MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Edurne Elizondo -

2014ko azaroak 5 - Iruñea

Ehiztariek Euskal Herriko mendietan bilatzen dituzte usoak, tiro egin eta hiltzeko. Hiri eta herrietan ere bizi dira animaliok, ordea. Eta hiri eta herrietako karriketan ere, tiroak jasotzen dituzte. «Usoen kontrako tratu txarrek hamaika aurpegi dituzte», nabarmendu du Barbara Fernandez Andujarrek (Madril, 1983). Tratu txar horiei aurre egiteko sortu zuen Mis Amigas Las Palomas elkartea, Patricia Fernandez Andujar ahizparekin batera. Bilbon eman dute egiten duten lan horren berri bi ahizpek.

2009. urtean sortu zenuten zuen elkartea. Beharra zegoelako?

Bai. Gurea da usoen eskubideak defendatzeko sortu den lehendabiziko elkartea. Hiru esparru jorratzen ditugu, batez ere: gaixo edo zaurituta dauden usoak hartu eta artatzen ditugu; usoak artatzen dituzten herritarrei ere aholkuak eta laguntza eskaintzen dizkiegu; eta, hirugarrenik, usoen egoerari buruzko informazioa zabaltzen dugu, usoak babesteko beharraz ohartarazteko.

Non artatzen dituzue zaurituta jasotako usoak?

Madrilen usategi bat dugu. Burrolandia elkarteak bere lursailean txoko bat utzi digu. Haiek astoak erreskatatzen dituzte. Egun, 80 uso ditugu han. Gainezka gaude, egia erran. Animalientzako aterpeen laguntza eskatu nahi dugu, haiek ere usoak har ditzaten. Denen laguntza behar dugu. Nahiko genuke lursail bat erosi, baina oraingoz ez dugu hori egiteko aukerarik. Usoen kontrako tratu txarrak era anitzetakoak dira. Ez da erraza. Etxean uso bat hartzen duzunean lagunek eta familiek aurka egiten dizute. Babesgabe daude, erabat. Arazo nagusietako bat da usoak, oraindik ere, osasun arazotzat jotzen dituela administrazioak.

Izurrite bat direla pentsatzen du jende anitzek, ezta?

Hala da. Eta udalek izurrite bat balira bezala kudeatzen dute usoen gaia. Hau da, kontrolatuz. Udalek usoak hil egiten dituzte, tiro eginez, edo tranpen bidez harrapatuta. Izurritea direla diote; monumentuak izorratzen dituztela. Baina ez da egia. Eta hamaika ikerketak erakusten dute bi kontu horiek gezurra direla. Usoak ez dira izurrite bat. Ez dira bat-batean agertu. Eta monumentuei dagokienez, kaltearen %50 autoen keak eta berogailuen gasek eragiten dute. Usoek ere kalte egiten dute, egia da, baina anitzez ere maila apalago batean. Horregatik usoak hil behar direla errateak ez du inolako zentzurik. Ezin dugu hori onartu.

Administrazioek usoak akabatzeko hartzen dituzten neurrien aurrean, zer alternatiba daude?

Herri zibilizatuetan erabiltzen dituzten neurriak dira alternatibarik onena. Herri horietan pentsu antikontzeptiboa erabiltzen dute. Merkeagoa da, eta hagitzez ere eraginkorragoa. Datuek agerian uzten baitute usoak hiltzea ez dela neurri eraginkorra. Ezta etikoa ere. Pentsuarekin, berriz, bi urtean usoen populazioa %50 jaisten da. Halako neurriak behar ditugu. Administrazioaren kontrolak, dena den, ez dira arazo bakarra hirietan. Bertze hainbat dituzte usoek.

Zer-nolako arazoak?

Pozoia, adibidez. Usoen kontra pozoia jartzen da hirietan. Tiro egiten diete, gainera. Ezkontzetan, bertzalde, uso zuriak erabiltzen dituzte anitzetan, eta uso horiek gosez edo auto batek harrapatuta hiltzen dira gehienetan. Bada bertze arazo larri bat. Herrialde bakoitzak fauna leheneratzeko zentro publiko bat izan behar du, eta zentro horietan ez dituzte usoak artatzen. Baztertu egiten dituzte.

Hiritik kanpo, zein da egoera?

Jende anitzek ez daki, baina usoak hazteko etxaldeak badira. Jateko saltzeko hazten dituzte, edo ehizarako saltzeko. Uso tiraketarako erabiltzen dituzte, adibidez. Ikaragarria da. Bertze ehiza modu batean usoak abatarako erabiltzen dituzte. Lotuta uzten dituzte lurrean, bertze usoak erakartzeko, eta erraz tiro egin ahal izateko. Uso horiek hagitz baldintza txarretan izaten dituzte, beti kaioletan sartuta. Gainera, erabiltzen dituzten bakoitzean, bertze usoak nola hiltzen dituzten ikusi behar dute. Tratu txar fisikoak eta psikologikoak jasaten dituzte uso horiek.

Usoen ehizak zer eragin du?

Hagitz zabaldua dago ehiza. Gaur egun, gainera, ehiza barruti pribatu anitzetan etxaldeetan hazitako usoak askatzen dituzte, haiei tiro egiteko. Ehunka akabatzen ahal dituzte, egun bakar batean. Ehiztariek erabiltzen dituzten txakurren egoera ere salatzeko modukoa da.

Euskal Herrian ehiza postu anitz bada. Zer deritzozu?

Usoen pasa eta kontrapasa daude. Pasa neguko migrazioarekin dago lotuta. Hegaztiak negua pasatzera doaz hegoalderantz. Kontrapasan, otsail edo martxo aldera, alderantzizko bidea egiten dute. Pasan ehizatzen dute. Kontrapasa, ordea, debekatuta dago. Europak debekatu zuen aspaldi, baina ehiztariak ez ziren ados. Azkenean, 2005ean Europak berretsi behar izan zuen debekua. Ehiztariek ez dute amore eman nahi, hala ere. Adi egon behar dugu.

Uso mezulariak ere badira. Nolakoa da haien egoera?

Uso federatuen esparrua da hori, nolabait errateko. Hau da, lizentziak ematen dira, batetik, uso mezulariak izateko; eta, bertzetik berriz, arrazako usoak hazteko. Mezulariei dagokienez, txapelketak egiten dira, eta lehiaketa horietan uso anitz galdu eta hil egiten dira. %90, hain zuzen ere. 100 edo 1.000 kilometroko bidaiak egin behar izaten dituzte. Kamioiez eramaten dituzte toki batera, eta usoak etxera itzultzen saiatzen dira, bikotea zain dutelako. Arrazako usoei dagokienez, bi kontu daude aipatzeko: batetik, uso arrak hazten dituzte. Baldintza hagitz kaskarretan izaten dituzte. Lehiaketak egiten dituzte. Nork bere usoa margotu egiten du. 50 elkartzen dituzte, adibidez. Eme bat askatu, eta arrak borrokan hasten dira. Emeak sekulako jipoia hartzen du, eta arretako anitz ere hiltzen dira. Bertzetik, uso exotikoen auzia dago; hau da, hemen ez dauden espezieak dira. Baina horiek ere hazi egiten dituzte hemen. Kaioletan sartzen dituzte, etxean izateko.

Tratu txar mota horien guztien aurka, zer egin daiteke?

Hori da gure lana, egoera horiei aurre egitea. Tratu txarrak salatzeko kanpaina jarriko dugu abian gure webgunean (http://www.misamigaslaspalomas.com/). Jendearen esku jarri nahi dugu daukagun informazioa, denen artean gertatzen diren tratu txarrak salatzeko.

Sumatu duzue lanean aritu zareten urteotan jendearen jarrera aldatzen ari dela?

Bai, hurbilekoen artean ikusten ari gara. Lehenik eta behin jende animalistarengana jo dugu. Denon artean usoen alde egin ahal izateko. Erakutsi nahi dugu usoekin partekatzen ahal dugula espazioa. Hobeki ezagutzea da kontua; eta babestea.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Gotzone Sagardui Osasun sailburua eta Rosa Perez Osakidetzako zuzendari nagusia, atzo, lehendakaritzan. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Sagarduik «antolakuntza aldaketa» soiltzat jo ditu kargugabetzeak

Edurne Begiristain - Jon O. Urain

Sailburuak azaldu du «gertaera kate baten» ondorioz beharrezkoa zela Donostialdeko ESIko zuzendaritza aldatzea. Agustin Agirre izendatu dute jarduneko zuzendari. Sailburuaren dimisioa eskatu dute EH Bilduk nahiz PP+C's-k; EP-IUk, azalpenak
Donostia ospitalea, artxiboko irudi batean. ©JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Osakidetzaren kudeaketa eredu «bertikalak» eragindako zurrunbiloa

A.Iraola-P.Ostolaza-E.Begiristain

Donostiako ESIko langileen artean «ezinegona» dago. Donostiako ESIko 30 bat zerbitzuburuk Osakidetzaren «politika suizida» salatu dute
SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, otsailean Osakidetzan egindako greba. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Osakidetzako arazoak lehenagotik datozela salatu dute sindikatuek

Isabel Jaurena

SATSE «kezkatuta» dago gertatutakoak osasun langileengan izanen dituen ondorioengatik
 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Alderdien arteko jokotik kanpo utzi behar da hizkuntzaren auzia»

Julen Aperribai

Kontsentsuak sortzeko duen gaitasuna goratu dio Eskisabelek Kontseiluari, baita eraldaketa prozesuekin lotzeko borondatea ere. Horretan eragin nahi du, baina bide horretan hasia ikusten du euskalgintza.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...