Gazaren aurkako erasoa. Elkarrizketa. Michel Warschawski. Israelgo idazlea eta ekintzailea

«Gizartea hondatu ahala, behera egin du bakezaletasunak»

1980ko edo 1990eko hamarkadekin alderatuta, gaur egun oso ahula da Israelgo bakearen mugimendua. Warschawskiren ustez, sortutako mugimendu faxistek eragiten duten beldurra da horren zergatia
BERRIA

Adrian Garcia -

2014ko abuztuak 3
Hamasei urte zituela Frantzia utzi eta Jerusalemera jo zuen Michel Warschawskik (Estrasburgo, Franzia, 1949), «erlijio arrazoiengatik». Israelgo Matzpen (Iparrorratza) sionismoaren aurkako alderdi sozialista eta iraultzailean ibili zen, hura desagertu zen arte. Kazetaria eta idazlea da. Hainbat liburu idatzi ditu palestinarren eta israeldarren arteko gatazkari buruz. 1984an AIC Informazio Alternatiborako Zentroa sortu zuen, ezkerreko palestinarrak eta israeldarrak biltzeko guneak eratzeko: «Okupazioaren eta kolonialismoaren aurka borroka daitezen». Elkarteak bi herrien arteko zubi lana sustatzea du helburu. Azalean ordaindu du palestinarren eta israeldarren arteko elkar ulertzearen alde eginiko lana: 1987an atxilotu egin zuten, talde palestinarrekin zuen harremanagatik. «Estatu faxista da Israel».

Erasoarekin zein helburu politiko lortu nahi du gobernuak?

Erasoaren atzean dagoen benetako helburua da bertan behera geratzea Israelen deskolonizazioaren inguruko elkarrizketa eta presio guztiak. Zisjordaniatik koloniak kentzeko presio guztiak baztertu ditu gerrak, eta, noski, palestinarrek estatu independente bat izateko aukerak zapuztu ditu. Hori da gobernuaren lehentasuna. Beste helburu bat badu erasoak. Ez dute Hamasekin amaitu nahi, baizik eta Mahmud Abbas ahuldu. Erasoaz geroztik Hamas indartsu egin da, ez bakarrik Gazan, baita Zisjordanian eta nazioartean ere.

Israelgo hedabideetan argitaratutako inkesten arabera, Israelen gehiengo nabarmen batek babesten du Gazaren aurkako erasoa.

Tamalez horrela da. Gazaren aurkako erasoa gizarte osoak babesten du aho batez, milaka gutxi batzuk salbu. Israelgo herritarrek Gaza mehatxu gisa ikusten dute, baita Zisjordania ere. Haientzat, Gaza ez da milioi bat eta erdi lagun baino gehiago bizi diren lurraldea, baizik eta edozein unetan leher daitekeen bonba bat. Eta bonbak indargabetu egin behar dira. Oso erraza da iritzi publikoa Gazaren aurkako erasoaren alde mobilizatzea.

Ez al dago erasoa amaitzearen inguruko eztabaidarik?

Bai, badago horri buruzko eztabaida gizartean, baita gobernuaren eta armadaren barruan ere. Prezio handia ordaintzen ari da Israel. Batetik, asko dira galdutako soldaduak, aurreko operazioetan baino askoz gehiago. Bestetik, nazioarteko babesa galtzeko beldurra dago. Nolabait, Israelgo eliteak pentsatzen du gobernuak onespena duela nahi duena egiteko. Baina uste dute onespen hori mugatua dela denboran, eta amaitzen ari dela.

Kide zaren Balad Batzar Demokratiko Nazionala alderdiak ez ezik, beste inork egiten al du erasoaren aurka?

Alderdi komunistak gidatzen duen fronte demokratikoa salbu, alderdi politiko guztiak daude erasoaren alde.

Joan den larunbatean, Tel Aviven kalera atera zineten gerraren aurka protesta egiteko.

Ez ginen asko, 5.000 lagun baino gutxiago. Hori da erasoaren aurkako oposizio bakarra. Gerraren aurkako mugimenduaren muina ez dago alderdi politikoetan.

Zein da bakearen aldeko mugimenduaren egoera? Indarra galtzen ari al da?

Ikaragarri. Iraganean, askoz ere indartsuagoa zen. Orain dela urte batzuk, 1982ko Libanoko inbasioan; Intifada bitartean, 1997ean; eta Bigarren Intifadan bakearen aldekoa masa mugimendua zen. Iritzi publikoaren gehiengoa zegoen gerraren aurka. Ez hasieran, agian; baina, denborarekin, gerraren aurkako oposizio sendoa sortu genuen. Ez da horrelakorik gertatzen egun.

Zer dela eta, mugimendu horren gainbehera?

Israelgo gizartea kutsatu egin da, hondatu. Gizartearen gainbeherak bakearen aldeko mugimenduarena ekarri du. Eskuin muturrak eraso egiten die oposizioko indarrei, eta izu handia dago kalean. Fisikoki ere eraso diete bakearen aldeko ekintzaileei. Jende askok beldurraren eraginez ez du ezer egiten. Isilik geratzen dira, eta ez dute pentsatzen dutena adierazten. Eta, noski, ez dira manifestazioetara etortzen.

Nola kutsatu da gizartea? Zerk hondatu du?

Nire ustez, mugarria da Ehud Barakek [Israelgo lehen ministro ohia] hartutako erabakia. Bakearen bidea zapuztu zuen, eta mugimendu bakezalea suntsitu. 2000. urtean PAE Palestina Askatzeko Erakundearekin negoziazioak hautsi zituen, eta esan zuen ez zegoela norekin hitz egin, Jasser Arafat muturreko palestinarrak baino arriskutsuagoa zela, Israel suntsitzeko asmoa ezkutatzen zuelako. Baraken diskurtso horrek suntsitu zuen belaunaldi bateko gerraren aurkako mugimendua.

Gizartea gaixorik dagoela esan izan ohi duzu.

Joera faxista asko ditu gizarteak, gero eta gehiago. Mugimendu faxista berriak sortu dira, gobernuaren jarrerak bultzatuta. Gobernua bera faxista da.

Beldurra izan ohi al duzue bakearen aldeko ekintzaileek?

Badago gizartean Arabiazale gisa identifikatuta izateko beldurra.

Gizarte militarizatua da Israel.

Erabat militarizatua; ez da gauza berria. Beti izan da erraza Israelen iritzi publikoa mobilizatzea diskurtso militarra erabilita. Oso errotuta dago indarkeriarekin konpon daitezkeela auzi politikoak. Gero eta indar handiagoarekin, azkarrago eta hobeto.

Zer rol jokatzen du hezkuntzak militarizazio horretan?

Militarizazio prozesuaren parte da. Haurtzaindegian bertan hasten da prozesu hori. Armada santua da, eta soldaduak gure heroiak. Ez soilik hezkuntzan: hedabideetan ere hezurretaraino sartzen dizkigute ideia horiek.

Ongi informatzen al dute hedabideek?

Bai. Israeldarrak oso ongi dakite zer gertatzen ari den Gazan. Arazoa ez da informazioa, baizik eta inork ez dietela azaldu zeintzuk diren palestinarren nahiak. Irakurketa koloniala egiten dute komunikabideek, errealitatearekin zerikusirik ez duena.

Konturatzen al dira israeldarrak kanpora islatzen duten irudiaz?

Israeldar asko konturatzen dira horretaz, baina erreakzioa sinplea da: ez zaie axola. Diskurtsoak horrela dio: «Ondo da, badakigu bakarrik gaudela, denak gure aurka daude mundua antisemita delako». Hori diote, baina ez da guztiz egia. Inori ez zaio gustatzen irudi txarra izatea.

Halere, nazioartearen babesa ez zaio falta Israeli.

Nazioartearen jokamoldea lotsagarria da. Ez AEBena soilik: Europak ere Israelen erasoa babesten du, batzuetan aktiboki, beste batzuetan ez ikusiarena egiten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna