Fatiha Al-Muali. Arrazakeriaren Kontrako Plataformako eleduna

«Erakundeen erasoa da errotik kentzen zailena arrazakeriaz ari bagara»

Al-Mualik salatu du arrazakeriaren konplize izatea dela eraso bat ikusita isilik geratzea. Kataluniatik ari da faxismo eta arrazakeriaren kontra: «Nik egunero bizi dut islamofobia, emakume gisa eta pertsona gisa».
DANI CODINA

Saioa Baleztena -

2017ko martxoak 23
Arrazakeriaren Kontrako Egunaren harira —herenegun izan zen—, asko hitz egin da egunotan komunikabideetan arrazakeriaz, baina egun sinboliko hori pasatu ostean, berriz ere, isilean geratzen den arazo bat dela salatu du Fatiha Al-Mualik: «Isiltasuna arrazakeriaren konplize da». Marokon jaioa da, Tangerren, 1973an, baina ia hogei urte daramatza Bartzelonan, eta arrazismoaren kolpeak jasan ditu azalean: «Gizaldia zatituta dago hegoaldearen eta iparraldearen artean, eta hori oso gogorra da». Eguneroko bizipen latzek bultzatuta eman zuen izena Kataluniako Faxismoaren eta Arrazakeriaren Aurkako Plataforman. Egun, elkarteko eleduna da.

Zein diagnosi egiten duzu gaur egungo arrazakeriaz eta islamofobiaz?

Islamofobiak indarra hartu du sare sozialei esker. Duela mende askotako gaitz bera da, baina orain gehiago ikusten da, arazoa ikusgarriago egiten duten baliabide gehiago daudelako. Nik egunero bizi dut islamofobia, emakume gisa eta pertsona gisa, egunero eta etengabe.

Zenbateraino hobetu da egoera Europara iritsi zinenetik?

Tira, ez dut uste hobetu denik. Larriena ez da kalean topatzen dudan jendearen erantzuna, gorrotoaren solasa bera ere, baizik eta erakundeetan gertatzen dena. Erakundeen erasoa da errotik kentzen zailena. Azken finean, gainontzeko guztia erakundeen begirada horren ondorio da. Beraz, gauzak goitik aldatzen ez badira, nekez lortuko dugu gizartearen begiradan eragitea.

Atzerritarren Legeak mesede gutxi egiten dizue alde horretatik, ezta?

Batere ez. Badira, oraindik ere, lan eskubideak bermatzen ez dituzten bizileku txartelak. Emakumeon kasuan, 2010ean aldatu zen legea, eta, horri esker, orain lan egiteko eskubidea dute berrelkartuta datozen emakumeak. Espainiako Estatuak, bitxia bada ere, eskubide hori bermatu zuen krisiak eztanda egin zuenean. 2010 urtetik-edo, emakume musulmanek ezin genuen lanik egin.

Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak aurreko astean onetsi egin zuen enpresa batek langileei orotariko ikur politiko, filosofiko edo erlijiosoak agerian eramatea debekatzea. Betiko eztabaida da buruko zapiarena. Feminismoaren hainbat adarrek ez dute ongi ikusten…

Niri ez zait gustatzen buruko zapiaz hitz egitea, eztabaida faltsua delako. Zapiaren eztabaida sustatu duen feminismoak ez du sekula zalantzan jarri, adibidez, Atzerritarren Legea. Ezta salatu ere Iraken Ameriketako Estatu Batuetako soldaduek emakumeei egin zizkieten sexu erasoak. Ez hori bakarrik, 2010 baino lehen Atzerritarren Legeak ez zienean emakume musulmanei lan egiteko aukerarik ematen, hainbatek esaten zuten kulturak eta senarrek bideratzen gintuztela testuinguru hartara. Eta, aldiz, etxetik ateratzeko aukera izan eta indarra hartu dugunean, eztabaida zapiaren esparrura zokoratu dute. Tira, feminismoaren adar horiek erabiltzen ari dira gure eskubideen kontra joateko.

Burkiniaren erabilerak ere zeresan handia eman zuen udan...

Eztabaida bera da. Burkiniaren debekuak emakume asko etxean geratzea eragiten du. Ez naiz burkiniaren erabilera aldarrikatzen ari, baizik eta debekua salatzen; izan ere, debekuarekin integristei baino ez diezu mesede egiten, islamaren izenean horrelakoak sustatzen dituztenei. Emakumeok eskubidea dugu libreki erabakitzeko zer janzten eta zer pentsatzen dugun. Inork ez du eskubiderik esateko nola jantzi behar duzun edo nola pentsatu behar duzun.

Islama estigmatizatuta dago Mendebaldean. Emakume musulmanen kasua estigmatizazioa handiagoa al da?

Hala da. Emakumeak erabiltzen dira islama eta kultura musulmana are gehiago estigmatizatzeko. Beraz, erasoa bikoitza da: diskriminazioa eta manipulazioa.

Desinformazio gehiegi al dago oraindik islamaren inguruan?

Erabatekoa. Espainian bertan erabateko ezjakintasuna badago, adibidez, Kataluniaren edo Euskal Herriaren inguruan, imajinatu zein neurriko ezjakintasuna egongo den Marokoren, islamaren eta kultura arabiarraren inguruan! Jendea ez da gauza lehen eskutik informazioa bilatzeko, eta, zoritxarrez, gehiegi sinesten ditu sarean eta gainerako erakusleihoetan saltzen diren mezuak.

Beste estigmetako bat da emakume musulmanen feminismoa zalantzan jartzea. Zer duzu esateko horren inguruan?

Mezu hori aspaldi zabaldu zen Mendebaldean. Nahiko kritikoa naiz Mendebaldeko feminismoaren hainbat adarrekin, mesede gutxi egiten baitigu. Dolors Ramon aditua da mundu musulman eta arabiarraren feminismoan, eta, hark esaten duen moduan, mundu arabiarrean emakumeek beren eskubideak hemengoek baino dezente lehenago aldarrikatu zituzten.

Faxismoaren eta Arrazakeriaren Kontrako Plataforman ari zara. Zeintzuk dira elkartearen erronka nagusiak?

Plataforma honetan bat egiten dugu bidegabekerien kontra lanean ari garen hainbat eta hainbat lagunek. Pentsamolde askotako jendea dago, fededunak eta ateoak, emakumeak, buruko zapiarekin eta buruko zapirik gabe; finean, hainbat borrokatan ari garen ekintzaileak. Denon artean ekinaldi asko antolatzen ditugu gertakari zehatzen kontra. Burkiniaren eztabaida suertatu zenean, adibidez, Frantziako Kontsuletxean elkarretaratze bat egin genuen. Elkartasunari esker, erakusten ari gara gizartean jende asko dagoela lehenengo eta bigarren mailako biztanleen arteko banaketaren kontra.

Ia hogei urte daramatzazu Katalunian. Nolatan etorri zinen?

2000. urtean iritsi nintzen hona. Senarra marokoarra da, eta hura 1980tik zegoen Europan. Ezkonduko ginela erabaki genuenean, Bartzelonako bizitza nolakoa zen ikustera etorri nintzen. Eta gaur arte. Atzerritarren Legearen bitartez, modu bakarra dago Espainian sartzeko: familia berrelkartzearen bitartez.

Pozik zaude erabakiarekin?

Pozik nago pertsonalki asko ikasi baitut. Munduak nola funtzionatzen duen ikusi dut, esperientzia propioari esker, eta horrek erabat bete nau. Baina munduaren inguruan gehiago jakiteak ere alde txarrak ditu; batez ere neurririk gabeko bidegabekeriak azalean bizi izan ditudalako.

Ama zara. Zure seme-alabak hemen jaio ziren. Egoera desberdina al da haientzat?

Beti esaten dut ni aktibista naizela, ez niregatik, baizik eta datozen belaunaldiei bake, kohesio eta bizikidetza testuinguru hobeago bat eraikitzen laguntzeko. Hiru seme-alaba ditut, eta ez dut uste nire begiekin aldaketa gehiegi ikusiko ditudanik, baina lasai geldituko naiz gizarte hobe eta justuago baten zimenduak lantzen baditut, ez bakarrik nire seme-alabengatik, baizik eta gizarte hobeago batetan sinesten dudalako. Nik ez dut arazorik hona etorri naizen bezala nire herrialdera itzultzeko, baina nazioarteko arazo larri bat sufritzen ari gara, eta horren kontra borrokatu nahi dut.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna