Albistea entzun

Moussa Ag Assarid. Azawadeko MNLAko diplomazialaria

«Akordio politikoa baino gertuago dago gerra zibil bat»

Bake negoziazioetan parte hartu du Ag Assaridek Aljerian, Azawad Askatzeko Mugimendu Nazionaleko ordezkari gisa. Mali miliziak indartzen ari dela salatu du. «Genozidioaren arriskua handia da».
BERRIA

Adrian Garcia -

2014ko abenduak 28

Tuareg familia batean jaio zen Moussa Ag Assarid, 1975 inguruan, basamortuan, Timbuktu eta Gao artean, Azawaden. De facto estatu independentea da egun, Malitik 2012an banandu ostean, nahiz eta nazioarteak hala ez onartu. Gaztetatik ibili da Ag Assarid tuareg mugimenduaren aldeko borrokan. Bamakon ikasle zela, kartzelan sartu zuten. «Ikasleen bilerak antolatzeagatik, gobernuaren jarrera diskriminatzailearen eta ustelkeriaren aurka protestatzeko». Egun MNLA Azawad Askatzeko Mugimendu Nazionaleko ordezkari diplomatikoa da, eta bake negoziazioen ordezkaritzako kidea.

Maliren independentziaz geroztik, 1960tik, matxinada asko izan dira Azawaden. Azkena, 2012an.

Lau iraultza izan dira. Askotan tuaregen matxinadak balira bezala egin dira ezagun, baina, egiatan, ez da soilik tuaregen iraultza bat. Arabiarrak batu dira, eta, 2012tik, songhaiak eta fulak ere bai. Iraultzarako arrazoiak sinpleak dira: Malik ez du aintzat hartzen Azawaden nortasuna, eta ez du errespetatzen gure garatzeko eskubidea. Malin ez dago ez justiziarik, ez askatasunik. Estatu ustela da. Duintasuna, justizia, askatasuna, garapena eta lurraldetasuna; horiek eskatzen ditugu guk. Ezin gara gure etxe propioan bizi. Horregatik, 2012an Maliko armada garaitu genuen, eta apirilaren 6an Azawaden estatua aldarrikatu.

2012ko matxinadak beste arazo bat sortu du: muturreko talde islamisten eragina handitu egin da inguruan.

Estatuaren konplizitatearekin atzerritarrak etorri dira gurera, AQMI Magreb Islamiarreko Al-Qaeda taldeko kideak. Gatibuak hartzen dituzte, eta atentatuak egin. Baina Maliko armadak ez du inoiz haien aurka egin. Kontrara, armadako ofizial batzuek haiekin elkarlanean aritzen dira.

Zer-nolako eragina izan zuen Libiako gerrak 2012ko gertakarietan?

Libiako gerra ez da matxinadaren jatorria, baina azkartu egin zuen. Aurreko iraultzan (1990-1995) parte hartu zuten Azawadeko borrokalariak Maliko armadan sartu ziren. Baina horietako asko hil zituzten, eta, ondorioz, beste soldadu askok desertatu egin zuten. Libiako gatazka hastean, Gaddafiren armadan zeuden Azawadeko herritarrek uko egin zioten matxinoen aurka egiteari, eta euren armekin etorri ziren gurera. Libiako eta Maliko armadetatik ihes egindakoei beste zibil asko batu zitzaizkien, eta horrela sortu genuen MNLA.

Aljerreko negoziazioak ez dira bide onetik joan.

Nik negoziazioetan parte hartu dut, eta esan dezaket Malik ez duela bakerik nahi; deszentralizazioa nahi du. Guk federalismoa eskatzen dugu, estatu federal bat.

Akordioa lortzeko itxaropenik ba al duzu?

Malik ez badu Azawaden estatus juridiko-politikoa onartzen, guk ez dugu onartuko hogei urteotan bizitakoa. Nazioarteak ez badu gelditzen Azawaden gertatzen ari dena, Somalia edo Afganistangoa baino egoera okerragoan eror gaitezke. Akordio politikoa baino gertuago ikusten dut gerra zibil bat. Genozidio bat prestatzen ari dira, eta nazioartea erantzule izango da ezer egiten ez badu. Frantzia Aljeriaren atzean ezkutatzen da.

Frantziako armadarekin eskuz esku borrokatu zineten. Zer deritzozu Frantziak Malin duen egitekoari?

Frantziako armada eraginkorra izan da terroristen aurkako borrokan. Halere, politikoki ez dute era egokian kudeatu gatazka, gure etxera ekarri baitute Maliko armada, auzi politikoa artean konpondu gabe. Hortxe dago arazoa egun. Terroristak sakabanatuta daude, baina ez ditugu garaitu. Lurraldean daude oraindik. Frantziako armadaren laguntzarekin egiten dugu haien aurka. Parisek berak aitortu du MNLAren eta Frantziako soldaduen artean harreman bikaina dagoela.

Halere, nazioartearen eta Maliko Gobernuaren arabera, muturreko islamistekin harremana duzue.

Jihadistekin ez dugu inolako harremanik. Ez dugu zerikusirik Frantziaren eta NBEren zerrenda beltzean daudenekin, alegia, AQMI, Mujao eta Ansar Dine taldeekin; bai, ordea, Haut Conseil alderdiarekin. Islamistak dira, baina moderatuak, eta ez dituzte terroristatzat jotzen. Halere, froga dezakegu Bamakok talde terrorista horiekin baduela harremana. Frantziako armadak atxikitako Mujao taldeko borrokalariak askatu zituen ondoren Maliko armadak.

Zergatik dago borrokak pizteko arriskua?

Negoziazioetan ez da adostasunik lortu, eta Malik miliziak aktibatu ditu. Handia da gerra zibila pizteko arriskua, eta nazioartea erantzule izango da, guk Aljergo negoziazioetan esan dugulako behin eta berriz: Malik ez badio uzten miliziei armak emateari, gerra zibila piztuko da. Horrez gain, Malik milizia etnikoak sortu ditu. Azawadeko etnia bakoitzeko milizia bat sortu du, eta Maliko armadak armak eta autoak ematen dizkie.

Estatu kolpe ugari izan dira Malin; azkena, 2012an bertan, Azawad estatua aldarrikatu baino lehen. Sistema demokratiko osasuntsua al da?

Kanpotik besterik ez. Demokratikoa dela esaten dute, baina errealitatea bestelakoa da. Mali ez da sekula demokratikoa izan. Estatu ustela da. Boterean daudenek nahi dutena egiten dute. Egungo presidentearen [Ibrahim Bubacar Keitaren] semea da legebiltzarreko agintaririk boteretsuena, alegia, segurtasun indarren eta defentsarako batzordeko presidentea. Legebiltzarreko presidentea ere haren senidea da. Postu garrantzitsu guztiak betetzen dituzte haren gertukoek. Ezin esan dezakegu Mali demokrazia bat denik. Estatu kolpeak ohikoak dira.

MNLA taldeaz gain, beste asko daude Azawaden. Askok diote batasun falta horrek kalte egiten diola mugimenduari.

Normala da hori. Toki guztietan gertatzen da. Iraultza bat dagoenean, %100ek ez dute bat egiten independentziarekin. Antzekoa gertatu zen Aljerian eta Sudanen. Tamalez, toki guztietan daude hurkoa saltzeko prest daudenak. Baina egun bloke indartsua dago: Azawadeko Mugimenduen Koordinazioa. Adar politikoak eta militarrak osatzen dute. Koordinazio militar horri esker kontrolatzen dugu egun Azawaden lurraldearen %80. Frantzia, Belgika eta Luxenburgo herrialdeen tamainakoa da, 850.000 kilometro koadrokoa. Batasun osorik ez dago, baina ongi antolatuta gaude.

Duela urte gutxi sortutakoa da MNLA.

Tuaregek, arabiarrek, fulek eta songhaiek osatzen dute MNLA, Azawadeko etnia guztiko kideek. Adibide bat ematearren: presidenteordea songhai etniakoa da, eta idazkari nagusia, berriz, arabiarra. 2011ko urrian sortu genuen. Azawadeko estatuaren independentzia da gure helburua, bertako etnia askotako herritarren duintasuna eta askatasuna bermatzeko.

Berri asko iristen dira Afrikatik Ebola birusaren inguruan. Ba al duzue kasurik Azawaden?

Ez. Ez dut ebola kasuen berririk. Jainkoak babes gaitzala.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©LARA VILLALON

«Erdogan kritikatzen duten guztiak atxilotzen dituzte»

Lara Villalon

Abokatuaren esanetan, Turkiako Gobernuak legea baliatzen du bere eta estatuburuaren aurkako kritikak isilarazi eta beldurra zabaltzeko: «Ez dute nahi borroka egiterik eta jendea babesterik».
Guantanamoko atxilotze gunearen aurkako protesta bat, 2019an. ©EFE

AEBetako epaile batek ebatzi du preso bat legez kanpo dutela Guantanamon

Igor Susaeta

Asadullah Haroon Gul afganiarrak hamalau urte daramatza preso gune horretan. Magistratu federal batek defentsaren 'habeas corpus'-a onartu du
Gazte batzuk koronabirus proba egiteko zain, Moskun. ©MAXIM SHIPENKOV / EFE

Egunean mila hildakotik gora eragiten ari da COVID-19a Errusian

Arantxa Elizegi Egilegor

Moskun, oinarrizkoak ez diren zerbitzuak ixteko agindu dute azaroaren 7ra bitartean. Erresuma Batuan beste 40.000 kasu baino gehiago zenbatu dituzte hamargarren egunez
Letoniako armadako soldadu bat, Bielorrusiarekiko mugan, burdin harizko hesi labanaduna altxatzen. ©VALDA KALNINA / EFE

Zigor gehiago Bielorrusiari

Gorka Berasategi Otamendi

Bruselak Lukaxenkoren gobernuaren kontrako neurri «murriztaileagoak» hartuko ditu, migratzaileei EBrako bidea errazteagatik. Mugetan hesiak finantzatzearen aurka mintzatu da Von der Leyen

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.