Jon Elizalde. Musikaria

«Antzinako musika egin liteke punk espirituarekin»

Fermin Muguruzaren eta Esne Beltzaren proiektuen parte izan da tronboi jotzaile gisara; baina bere musikazaletasunaren jatorriari bide bat zabaldu dio 'Berpizkundeko euskal musika' lanarekin.
RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS

Gorka Erostarbe -

2015eko urtarrilak 29
Musika irakasle da Zumaian eta Oñatin Jon Elizalde (Donostia, 1977). Arantzazupeko herri horretako unibertsitate zaharreko eliza-kaperan aurkeztu zuen Berpizkundeko euskal musika. XV. eta XVI. mendeetako musikagileak egitasmoa, kontzertu batekin aurkeztu ere, iragan abenduaren 26an. «Musikariei esker egin ahal izan nuen bai proiektua eta bai kontzertua ere, musu truk egin baitzuten». Antzinako musikan espezializatua den musikari taldea bildu zuen. Rockaren zirkuitua ezagutu du orain artean Elizaldek; besteak beste, Ttak ska taldean, Esne Beltzan eta Fermin Muguruzarekin aritu izan baita. Baina antzinako musikaren inguruan ere egin nahi luke bidea. 5Gora zigiluaren bidez plazaratu du lana, nahiz eta autoekoitzia izan. www.berpizkundekoeuskalmusika.com webgunean eros liteke.

Nola liteke zirkuitu alternatiboetan ohitua dagoen skatalitiko bat Errenazimentuko euskal musika ikertzen eta jotzen aritzea azkenean?

Ez nabil horretan, azkenean. Horrekin hasi nintzen. Ska eta reggaea baino lehenago izan ziren Errenazimentuko doinuak niretzat. Umetan txistua ikasten ari nintzela Juan Ullibarri irakasleak antzinako musikaren ziztada sartu zidan. Eta hark bideratu du lan hau ere. Haren aholkuz hasi nintzen tronboia jotzen, Errenazimentu garaikoak diren instrumentuak jotzeko, 13 urte nituela. Gero etorri ziren ska, rocka eta abarrak. Lehenengo, antzinako musika izan zen.

Zerk piztu zizun halako ikerketa eta disko bat egiteko ideia?

Jakin-min hutsa izan zen. Duela 500 urte Euskal Herrian zer egiten zuten jakiteko gogoa, isilik ez baitziren egongo. Neure buruari galdetzen nion: Frantziako, Ingalaterrako eta Gaztelako antzinako musika iritsi baldin bazaigu, zer pasatu da Euskal Herrikoarekin. Eta nire punk espirituari eta do it yourself filosofiari jarraituz, neronek ikertzea erabaki nuen.

Eta Eresbilera, musikaren euskal artxibora jo zenuen.

Bai. Material pila bat topatu nuen han, Jon Bagues eta bere lan taldeari esker. Hura zoragarria da. Herritarron dirua halakoetara bideratu beharko litzateke, eta ez marrazo mordo baten interes, bizi guztiko soldatara eta abarretara. Besteak beste, kulturari kentzen diote beti... eta pena litzateke Eresbil desagertuko balitz.

Ikerketa hasi, eta, azkenean, disko bat egin duzu.

Bai, Errenazimentuko euskal musikaz ez nuen ia deus topatu grabaturik, badaude gauza txiki batzuk, baina oso gutxi... Gainera, antzinako musikako grabaketak oso izaten dira aspergarriak eta oso publiko elitistarentzat, eta justu kontrakoa bilatzen dut nik.

Gutxi ikertzen da Euskal Herrian antzinako musika?

Euskal Herrian ez da ikertzen ia batere, eta ikertzen dena modu antropologiko edo historizista batean ikertzen da. Ikerketa horiei esker gauza asko dakizkigu, baina zaila egiten da ideia erreal bat izatea horietatik abiatuta. Askotan aspergarri amorratuak dira. Horregatik saiatu naiz ikuspuntu atseginago bat ematen bai ikerketari eta bai diskoari ere. Horrek ez du esan nahi eztia ematerik.

Zer egin duzu hain publiko elitistarentzat izan ez dadin?

Ni ez nator mundu elitista horretatik. Akaso beste mundu ergel batetik bai, rockarenetik, alegia. Antzinako musikaren zirkuituan edo mafia-n ez nago sartuta. Ez nago batere baldintzatua, hortaz. Gauza askotaz ez daukat ideiarik ere, baina hori dut bertute. Emaitzaz ari bagara, saiatu naiz jendearentzako atsegina izan dadin. Edonorentzakoa izan dadila, etxean lana egiten ari denarentzat edo autoan doanarentzat.

Baina zer egin duzu, teknikoki, hori lortzeko?

Kutsu eklesiastiko guztia kendu egin diot diskoari; koruak, kanpaiak, organoa... Batez ere haizezko instrumentuak erabiliz egin dut, eta perkusioa ere bai. Jaso dudan musika elizakoa da. Musika herrikoia ez zen idazten, beraz galdu egin da, ahozko tradizioan ez delako gorde. Badaude arrasto txiki batzuk, baina horiekin berregitea oso zaila da.

Zuk errekreazioa egin duzu gehiago...

Bai. Mundu horretan dabiltzanek ere berregite gisa planteatzen dituzte euren lanak, baina ez dute nahiko informaziorik hori egiteko. Nik ez dakit zer zen egiten zuten Errenazimentuan, baina beraiek ere ez. Hura entzuten zuten denak hilda daude, eta ez dago grabaziorik. Beraz, espekulatzea da, oinarri batzuen gainean espekulatzea, eta hori da nik egin dudana. Nire gustatzen zaidan kolorea emanez musika horri.

Beste lurralde batzuetako Errenazimentuko musikarekin alderatuz, Euskal Herriko honek badu bereizgarririk?

Ez da jende askok nahiko duen erantzuna, baina, oro har, iberiar penintsulan zegoen musikaren oso-oso antzekoa da. Euskal Herriko musikari hauetako askok Gaztelan ikasi zuten. Garai hartan musika ikasteko apaiza izan behar zen, Jainkoan sinetsi ala ez. Garai hartan musika ez zen gauza ludiko bat, eta Euskal Herrian fanatismo erlijiosoa ere handia zen.

Grabatutako piezak oso laburrak dira. Apenas diren bi minututik gorakoak, punk abestien eran...

Bai, antzinako musika egin liteke punk espirituarekin. Musika hau entzuten duenari irudituko zaio azkar joak daudela. Rocka edo punka entzuten dutenei, berriz, irudituko zaie gozoegia dela. Diskoa planteatu dut plater txiki askoz osaturiko oturuntza baten modura. Bakoitzak bere nortasuna izan dezala. Nahiago izan dut jendea gose pixka batekin utzi, gehiegi ase baino.

Zazpi konpositoreren lanak bildu dituzu. Eta badira biografia bitxikoak?

Ia denak Euskal Herritik kanpo aritu ziren lanean, Gaztelan gehienak. Euskal Herrian geratu zen bakarra Miguel Etxarren Navarro izan zen. Juan Antxieta Ignazio gure patroi handi eta gaizkilearen musika irakaslea izan zen, besteak beste. Ignazio Loiolakoak berak hil nahi izan zuen behin. Gonzalo Martinez Bizcargi oso polemista handia izan zen; Juan de Espinosa izeneko beste batekin izan zuen eztabaida oso handia, eta argitaratua, semitonoaren inguruan [barreak]. Diego de Alvarado Portugalen egonkortu zen, Joanes Garcia Basurto Espainiako hainbat hiritan aritu zen lanean eta kantari bikaina omen zen, Luys Alberto de Gomezi arrastoa galdu zitzaion...

Ildo berean lan egiteko animoa baduzu?

Materiala badaukat bildua, eta gustatuko litzaidake zer edo zer egitea, baina ez naiz ibiliko beti faboreak eskatzen. Musikariek nahikoa egin dute diskoa grabatzen eta kontzertu bat ematen hutsaren truke. Ez naiz kapaza gehiago eskatzeko. Edo diru laguntzak ematen dituzte, edo jaialdien bidez... edo horrelako zerbait.

Esaterako, gustatuko litzaizuke Donostiako Hamabostaldian kontzertu hori bera ematea?

Gustatuko litzaidake nik egiten dudanaz gain horrelako gauza umilak egiten dabilen jendeari erraztasunak ematea, eta dirua gastatzea horretan eta ez bizkar jakin batzuen mesedetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna