Edu Barinaga. ETBko zuzendaria

«Emaitzak hobetzeko lan metodoak aldatu behar dira ETBn»

Zuzendari berriak iragarri du ETB1era fikziozko apustu berri bat eta haurrentzako saio bat iritsiko direla eta ETB3 «pertsonalizatzeko» asmoa duela. ETB2n euskara sartzeko ahalegin bat ere hitzeman du.
MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Urtzi Urkizu -

2014ko uztailak 31

ETBrentzat makina bat saio egin ditu Edu Barinagak (Bilbo, 1956): haurrentzako saio arrakastatsuak —Superbat, Euskaraokea, Betizu...—, eztabaida saioak —Políticamente incorrecto, Plato 2.0, Eztabaida...—, dokumentalak, eta abar. Baleukoko kudeatzailea zen ETBko zuzendari kargua eskaini ziotenean. Ekoizpen etxearen bere zatia saldu du, izendatua izan aurretik. Amaituak utzi ditu, halaber, A escondidas filmeko eta Goazen gudari danok dokumentaleko lanak. Miramongo egoitzan erantzun die BERRIAren galderei, goizean Gasteizen Lehendakaritzan izan ostean.

Ekoizpen etxe bateko kudeatzailea izanda, zalantza etikoak izan al zenituen eskaintzari baiezkoa ematean?

Harritu egiten naute alde horretatik jasotako kritikek. Beste herrialdeetan, oso ohikoa da mundu pribatutik publikora pasatzea. Hemen arraro egin da; heldutasun falta sumatu dut hor, ikuspegi laburra. Inork ez dezala pentsatu ni hemen nagoelako Baleukok inolako faboritismorik izan dezakeela. Mundu publikotik pribatura pasatzea balitz, ulertuko nuke kritika, baina kontrakoa bada, ez dut onartzen. ETBko ibilbidea bukatu eta hurrengo bi urteetan, ezingo dut lan egin ETBrekin lotura duten enpresetan.

PSE-EEk administrazio kontseiluan proposatu du zuk ez parte hartzea ETBren adjudikazio prozesuetan.

ETBko zuzendari batek egiten dituen gauza guztiak egin behar ditut. Neure lanarekin konbentzituko ditut hanka sartze bat dela haien planteamendua.

EITBko LABena izan da beste kritika bat. Euskal telebista publikoa «gero eta meheagoa» nahi duzula esan du.

EITBko LABek, batetik, hanka sartu du Baleukon langileekin izan dudan harremana azaltzean. Baleukoko langileek agiri batean erantzun diote hamabi urteotan lan hitzarmena izan dugula LABen oniritziarekin. Bestetik, ni ez nator pribatizazioaren aldeko planteamenduekin. EITBko LABi gogorarazi behar zaio ETB sortu zenean telebista publiko bat eta sektore bat proposatu zirela. Ekoizpen etxeek ahalik eta produktu txukunenak egin behar dituzte, eta, era berean, ETBk izan behar du sektorearen motorra. Denek osatzen dute ikus-entzunezko sektorea.

Esan berri duzu espero duzula ETB hobeto uztea kargua uzten duzunean. Nolako ETB egin nahi duzu?

Euskal telebista publikoa. Telebista bat egin behar dugu, eta ikusle datuak oso garrantzitsuak dira, nahiz eta baliabide gutxiagorekin lehiatu behar dugun. Publikoa izanik gizartearen aniztasuna islatu behar dugu: eragile politikoak, gizartekoak, ekonomikoak eta erakunde publikoak. Euskal hitzari dagokionez, ETB utzitakoan euskal telebista baten alde lan egin dudalako sentipena izan nahiko nuke. Ahaleginduko naiz hasiera-hasieratik indarra ETB1en jartzen.

Metodologiari dagokionez, zer ideia dauzkazu?

EITBko lehen zuzendaritza bileran paper bat eman nien kideei lau ideiarekin. Ez baditugu emaitza berak nahi, ez ditzagun egin gauza berdinak. Emaitzak hobetzeko lan metodoak aldatu behar dira. Maite duzun horri ez badiozu balioa ematen, ezingo zara borrokatu ez daukazunaren alde. ETB gure gizartean eta kulturan nolako ikurra den aintzat hartu behar da. Zaindu dezagun. Bidaiarik luzeena lehen pauso batekin hasten da. Aldaketarako urratsak egin behar ditugu. Azkenik, ondo kopiatu behar da. Ezin ditugu kopiatu mimetismoz beste kateen formatuak, baizik eta ikasi, eta euskal ekoizpen propioak egin behar dira.

Kopiatzea aipatu duzunez, Cuadrilla busca cita-ren tankerakoek izan behar al dute eredu?

Cuadrilla busca cita ezin da aztertu atal bakar bat ikusita; baina, hala ere, buruan ditudan proiektuak beste bide batetik doaz.

Zer erreferente daude ETBn, eta zeintzuk iritsiko dira?

Albistegiak hobetu daitezke, baina erreferente dira dagoeneko. Kirolak ere ondo funtzionatzen du. ETB1en arratsaldetan umorea eta informazioa uztartuko dituen saio bat gidatuko du Anjel Alkainek, Airean-en ordutegian. Proiektu horrekin itxaropentsu nago. Debatea-k datu onak lortu ditu azken denboraldian, eta jarraituko du. Fikzioaren aldeko apustu berri bat egingo dut. Sektoreak fikziozko beste produktu bat behar du, gainera.

Maite Iturbek EITBko zuzendari nagusi kargua hartu zuenean ETB1eko barne ekoizpeneko orduak asko ugaritu ziren. Baina apustu batzuek ez dute denboran iraun. Adibidez, Jaime Otamendiren Airean. Ez al du ETBk epe luzerako ikuspegiarekin jokatu behar?

ETB1en bilakaera ez da ona izan, eta egia da proiektuek denbora behar izaten dutela. Hitz egin dut Otamendiren saioa kentzea erabaki zutenekin, eta zalantza asko izan zituzten. ETBren apustuak ezin dira epe motzera egin, eta nire esku dagoena bideratuko dut epe luzera aritzeko.

Esan duzu ikusle datuak garrantzitsuak direla. ETB1ek zailtasunak ditu %2ko ikusle kuota gainditzeko. Zer datu litzateke ontzat jotzeko modukoa?

Helburuak %3 izan behar du. Nahiko nuke ETB uzten dudanean euskarazko katea puntu bat goitik uztea.

ETB barnean eta kanpoan ahotsak izan dira eskatzeko zuzendari bat ETB1erako. Aurreko zuzendaritzan, ETB1eko eduki zuzendari kargua ere sortu zen; gutxi iraun zuen. Zer iritzi duzu?

Barneko baliabideak ikusita, ez nuke kargu horren aldeko apustua egingo. Argiago ikusiko nuke hori albistegietan.

ETB2k zer rol jokatu behar du euskal mundua erdaldunei gerturatzeko? Eta nola?

ETB2ren lana euskal gizartea euskaldunak ez direnei hurbiltzea da. Egiten duela uste dut. Gertatzen dena da lehiatzen den esparrua gogorragoa dela. ETB2ko albistegiak liderrak dira, lan hori egiten dute, eta lidergoari eustea erreferente garrantzitsua da euskaldunak ez direnentzat.

Euskara ETB2n sartuko duzue?

Ahalegin bat egingo dugu, modu natural batean.

Haurrentzako saio ugari ekoitzi dituzu ETBrako. Egun, ordea, ez dago haurrentzako saiorik.

Baina egongo dira. Hori argi daukat. ETB1en izango dugu haurrentzako eta gazteentzako saio bat. ETB3 gehiago pertsonalizatzea garrantzitsutzat jotzen dut. Kate horri nortasun propioa eman behar zaio. Barne ekoizpena behar da horretarako.

Gure Esku Dagoren giza katearen orduan ETB1ek Real Madril-Unicaja partida eman zuen, eta ETB2k, meza. ETBk ez zuen egin TV3ren mailako saiorik. Tamaina bertsuko mobilizaziorik balego, ETBk egingo al luke zuzeneko saio bat?

Informazio aldetik gaia garrantzitsua bada ez dut arazorik ikusten hori egiteko, eta beharrezkoak diren baliabideak jarriko lirateke. Gizartean dagoen errealitateari erantzun behar dio ETBk.

Unibertsitateko irakasle batzuek diote ikus-entzunezkoen diru publikoa banatu egin behar dela. Zer iritzi duzu?

Tokiko kateekin elkarlana ondo ikusten dut, eta aztertzeko gaia da. Baina finantzaketari dagokionez, ETB eta sektorea garai mugarri batean daude. ETBk dituen baliabideak optimizatu behar ditu, bai, baina diru gehiago behar du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©ANDONI CANELLADA / FOKU

«Handikeria anbizioa duenak asebete dezala kazetari hasi aurretik»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Kroniken kontrakronikekin, Merinok 'Lo que puedo contar' liburua ondu du, kontatu nahi bai baina premiek eta presek kamustu zizkiotenekin: 42 urteko eskarmentua, hainbat herrialde eta 'bacalao'-ren istorioa.
Euskal Sagardoa jatorri izeneko arduradunak eta sagardogileak, atzo, Donostian egindako aurkezpenean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Mahaira eta pitxerrera bueltan

Enekoitz Telleria Sarriegi

Otsailaren 5ean hasiko da ofizialki 2021eko sagardo denboraldia. Sagardo berria botila eta pitxer gardenetan zerbitzatuko dute mahaira; ez da zutik eta joan-etorrian txotx egiterik izango. Guztia atondu dute horrela, sagardotegiak segi dezan «sozializatzeko eta gustura egoteko leku bat» izaten.
Jorge Monje eta Barbara Rivas, <em>Altsasu</em> telesaileko aktoreak. ©ETB

Milioi bat herritarrek ikusi dute uneren batean 'Altsasu' TV3en

Urtzi Urkizu

Baleukok ekoitzitako fikzioaren lehen atalak %22,7ko ikusle kuota lortu zuen Katalunian

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna