Noiz sortua: 2016-01-27 00:30:00

Bertsolarien kezkak, kontzeptu gisa

Igandean egingo da Bertso Eguna, Donostiako Kursaalean.

Hamar bertsolari ariko dira arratseko saio nagusian, bi taldetan banaturik
JON URBE / ARGAZKI PRESS

Gorka Erostarbe -

2016ko urtarrilak 27

Azken urteetako joera izan du Bertso Egunak kontzeptu edo gai orokor edo ez hain orokor baten inguruan antolatzekoa. Lehenago, 1968an sortu eta 1990eko hamarkadaren erdialdera arte, bertsolari bat edo zenbaitzuk omentzen zituen Bertsolari Eguna izenekoak. 1995ean, omenaldien aroa amaitu, Bertsolari Egunari ateak itxi, eta Bertso Egunari ateak irekitzea deliberatu zuen Bertsozale Elkarteak. Gizartearen ohitura eta bizimolde aldaketek, hala nola bertsolaritzarenak berarenak, eguneratze bat eskatzen zuen, elkartearen ustetan. Igande eguerdi-arratsaldeko gertakizun bat izateari utzi, eta larunbat arrats-gauera igaro zen, eta helburu berriak jarri zituzten: garai horretako bertsogintzaren aldaketak islatzea, esperimentatzea, kanpoko esperientziak ezagutaraztea. Iazkoak Jolastu nahi? izan zuen leloa, eta jolasteko gonbita egin zien bertsolariei. 2014koak, berriz, Azalera izan zuen izenburu, eta bertsolaritzaren historiako zein gaurko emakumeak oholtzaren erdian jartzea eta generoa gai nagusi bihurtzea izan zen asmoa.

Larunbatean egingo da aurtengo Bertso Eguna, hilaren 30ean; badakartza zenbait berritasun, baina arratsaldeko saio nagusiak gehiago izango du saio arrunt baten itxura, azken urteetako saio esperimental eta kontzeptualena baino. Hala azaldu du Aitor Mendiluze bertsolariak, saio hori prestatzen aritu direnetako batek: «Jaialdi ohikoaren formatua izango du. Hamar bertsolari dira, baina bi taldetan banatuko dugu saioa, bi zatitan. Jaialdi nahiko normal bat geratuko zaio talde bakoitzari. Ez da jaialdi batean adina bertso izango bakoitzarentzat, baina nahiko jaialdi arrunta izango dute».

Unai Iturriaga, Andoni Egaña, Oihana Iguaran, Etxahun Lekue, Fredi Paia, Xabier Terreros, Jon Maia, Oihana Bartra, Julio Soto eta Agin Laburu ariko dira arratseko saioan, baina antolatzaileek oraindik ez dute adierazi zeintzuek osatuko duten lauko taldea eta zeintzuek seikoa: «Lau ariko dira aurrenik, eta, oholtzatik jaitsi, eta beste seiak ariko dira gero. Bertso Egun gehienetan egin izan da denak batera ateratzea oholtzaren gainera, eta bertsolaria denbora askoan isilik egoten da horrela. Talde txikiagoetan aritzeak bizitasuna ematen du». Mendiluzerekin batera, Aitor Sarriegi, Jon Agirresarobe Torrotxo eta Eneko Lazkoz bertsolariak eta Urko Casado gai-jartzailea aritu dira saioa lantzen.

Ez gaiek, ez ariketek ez dute berezitasun apartekorik izango, baina kontzeptu bat landuko dute, «modu inplizituan» bada ere. Bertsolariek gaia entzun arte hartu behar izaten dituzten erabakiak izango dituzte hizpide. «Ideia da bertso saioen inguruan bertsolariei sortzen zaizkigun kezka, zalantza, galderen inguruan egitea saioa: gaiak ez dira, ordea, bertso jardunari buruzkoak izango; saio normal bateko gaiak izango dira. Horien artean azalduko da guk buruan erabiltzen dugun kontzeptu sorta bat, baina ideia ez da entzuleari aldiro esatea 'honetaz ari gara', baizik eta jendeak berak kontzeptu horietako batzuk identifikatzea».

Saioa Donostiako Kursaaleko areto nagusian izango da. Arratsaldeko 18:00etan hasiko da. Aitziber Garmendia aktoreak egingo ditu gai-jartzaile lanak, eta Odei Barroso bertsolariaren 2zio rap taldea ere zuzenean ariko da.

Goiza musikaz, gaua afariz

Goizeko eta gaueko saioek osatuko dute arratseko saio nagusia. Azken urteetan, bertsolariak kalez kale aritu dira kantuan, baina, aurten, oholtza gaineko saio bat egingo dute, hamabietan, Kursaal parean dagoen Picachilla garagardotegian. Bertso saio musikatu horretan, bat-bateko bertsoak osatuko dituzte Ane Labaka, Maialen Lujanbio, Beñat Gaztelumendi eta Miren Amurizak, eta Rosi Lazkano eta Nerea Elustondok, berriz, bertso jarriak eskainiko dituzte. Saioaren gidaritza Estitxu Eizagirreren esku egongo da, eta Idurre Eskisabel kazetaria eta Eñaut Asurabarrena musikaria arduratuko dira «saioan klima aldaketak eragiteaz», gitarraz musikatutako testuen bidez. Azken horiek Arkaitz Goikoetxea eta Ainhoa Agirreazaldegiren laguntza izan dute gidoia eta gaiak lantzeko.

Ekitaldi nagusiaren ostean, afaria eta festa izango dira. Berrikuntza nagusi modura, bi urteren ostean berriro ere Kursaalera itzuliko dira biak, eta, antolakuntzak iragarri duenaren arabera, «emanaldi mamitsua» izango da afalostean, hamabi bertsolariri esker: Amets Arzallus, Unai Mendizabal, Xabi Igoa, Onintza Enbeita, Alaia Martin, Eli Pagola, Maddalen Arzallus, Eneritz Artetxe, Iker Zubeldia, Jexux Mari Irazu eta Unai Agirre. Alaitz Rekondok gidatuko du saioa, eta bat-bateko bertsoak eta prestatutakoak tartekatuko dira, horietako batzuk musikatuak.

SARRERAK

Goizeko saiorako ez da sarrerarik behar. Arratsaldekorako eta afarirako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragarri.

Arratsaldeko saioa: 18 euroan daude salgai —Bertsozale Elkarteko bazkideentzat, 13 euro, eta 16 urtetik beherakoentzat, 8 euro—.

Arratsaldeko saioa eta afaria:

45 euroan daude salgai —bazkideentzat, 40 euroan, eta 16 urtetik beherakoentzat, 33 euroan—.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Koronabirusaren azken datuak

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 13.406 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 905 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 4.972 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Elkarrizketa digitala: Felix Zubia

«Ez du abisatzen: ez dakigu arin hasi denak gaizki bukatuko duen»

Arantxa Iraola

COVID-19 gaitzaren izurriari aurre egiteko aparteko zeregina dute, oro har, osasun arloko profesionalek, eta bereziki zainketa intentsiboetakoek, pazienterik larrienak artatzen baitituzte. Felix Zubia medikua zurrunbilo horretan ari da; ZIUko medikua da.

Ordiziako azoka neurri berezien artean egin da krisia hasi zenetik. / ©Jon Urbe, Foku

Azokak berriz irekitzeko eskatu dute 61 eragilek

Jon Ordoñez Garmendia

Azokak baimendu eta bultzatzearen aldeko adierazpen bat atera dute 60 eragile inguruk, ekoizleak, kontsumo elkarteak, talde ekologistak, sindikatuak eta alderdiak tartean. Eusko Jaurlaritzak aste honetan hartu duen erabakiarekiko desadostasuna agertu dute. Azokak debekatu baina saltoki handiak irekita jarraitzen dutela salatzen dute eta horrek atzean beste helburu batzuk egon ditzakeela pentsarazten diela. Zuzeneko salmenta eta saltoki txikiak lehenesteko eskatu dute eta azoken aldeko ekimenetan parte hartzera deitu dute.

Frantziako Polziaren kontrola Biriatuko mugan, artxiboko irudia ©Guillaume Fauveau

Kontrolak azkartuko dituzte Ipar Euskal Herrian

Oihana Teyseyre Koskarat

Hego Euskal Herritik Ipar Euskal Herrira sartzeko baldintzak indartu ditu Frantziako Estatuak. 500 jendarme eta polizia arituko dira lanean pazko asteburuan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna