Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Zorrotz ezkutatutako idazlea

Elena Ferranteren 'Adiskide paregabea' nobela kaleratu du Igelak.

Fernando Reyk euskaratu du
Fernando Rey, <em>Adiskide paregabea</em>-ren itzultzailea.
Fernando Rey, Adiskide paregabea-ren itzultzailea. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Juan Luis Zabala -

2015eko martxoak 10 - Donostia

Elena Ferrante «idazle misteriotsua da benetan», Xabier Olarra itzultzaile eta Igela argitaletxeko arduradunak dioenez. «Inork ez daki ziur nor den, eta haren argitaratzaileek zorrotz ezkutatzen dute. 'Elena Ferrante nobelagile anonimo bat da'. Hala dio Wikipediak. Izenik ez du falta hala ere, bistan denez. Izengoitia edo goitizena da, ordea». Haren benetako nortasuna ezezaguna bada ere, oihartzun handiko idazle estimatua da Ferrante, eta baita oso itzulia ere. Euskarara ere iritsi da haren lana, Igela argitaletxeak haren L'amica geniale eleberriaren euskarazko bertsioa argitaratu baitu, Adiskide paregabea izenburuarekin, Fernando Rey Escalerak euskaratuta.

Eleberriak «bi neskaren bizitza, haien adiskidetasuna eta adiskidetasunaren beraren bilakaera» kontatzen ditu, Reyk azaldu duenez. «Lenu eta Lila dira bi neskak, eta haien haurtzaroa eta nerabezaroa kontatzen dira, nola irekitzen zaizkien begiak bizitzaren aurrean Napoliko auzo pobre batean. XX. mendearen 50eko hamarkadako giro xume eta grisa deskribatzen da, bien arteko harreman afektiboa, eta nesken garapen fisiko, emozional eta mentala. Bi neskak oso desberdinak dira izaeraz, baina harreman estu eta bitxia sortuko da bien artean, zenbaitetan elkarrengandik pixka bat urrundu arren bizitzaren une erabakigarrietan beti elkartzen dituena».

Lenu eta Lilaren bizitzak ardatz nagusi direla, bederatzi familiaren gorabeherak kontatzen ditu nobelak, 1950eko hamarkadako Napoliko gizartea «nolakoa zen» eta «nolako balio, ezaugarri eta miseria zituen» deskribatzen duen «mosaiko bat» osatuz, itzultzailearen iritziz. «Zoragarri marraztuak daude nesken ezaugarriak eta beren arteko afektua, elkartasuna, frustrazioak, beldurrak eta inbidiak, pozak, ametsak, lehiak, ilusioak eta desilusioak, maitasunaren eta adiskidetasunaren indarra». Ferranteren lanak «nerabezaroan izaten diren tentsio eta gorabeheren» berri ere ederki ematen duela irizten dio: «autoestimuaren problema, besteen onespenaren beharra, askatasun egarria eta besteei gustatu nahia, ametsak, konplexuak...».

Horrekin batera, «gizartearen eskema zurrunak, beldurraren eta indarkeriaren eragina, gizartean emakumeak eta gizonak dituzten rolak, prestigioaren garrantzia» ere islatzen ditu eleberriak. «Eta beste mila kontu: otzantasuna, pobreziatik ateratzeko premia, eskolako giroa, gurasoen eta maisu-maistren autoritatea eta haienganako errespetua eta beldurra...».

Irakurriz bidaiatzeko aukera

Ferranteren nobelak irakurleari «hegazkinik edo trenik hartu gabe bidaiatzeko» aukera eskainiko diolakoan dago Rey; baita «denboraren makinarik izan gabe beste garai batera alde egiteko» ere. Bidaia horretan irakurleari «hain arrotz egiten ez zaizkion esperientzia eta sentimendu asko» pitz dakizkiokeela uste du. «Ez gaude hain urruti belaunaldi hark bizi izan zuen girotik. Niri behinik behin, 1961ean jaioa izanagatik, gauza asko ezagunak zaizkit».

Estiloari dagokionez, prosa «bizia» eta «aski gardena» da Ferranterena. «Uste dut ongi funtzionatzen duela euskaraz ere. Italiera garbia eta dialektoa askotan aipatzen badira ere, italiera batuan idatzia dago, napolieraren ukitu bakar batzuekin. Eta itzulpena ere, jakina, ez da ateratzen euskara batutik».

Ferrantek 1992an argitaratu zuen lehenbiziko nobela, L'amore molesto, oso aintzat hartua Italian. «Baita hurrengoak ere, eta denbora asko igaro gabe, bazituen bi nobela film bihurtuta», azaldu du Olarrak. «Eta hori guztia batere promozio lanik egin gabe. Baldintza moduko bat zen, berak argitaratzaileari ezarria. Lehenagotik AEBetan J.D. Salingerrek edo Thomas Pynchonek ibilitako bidetik —medioetan oso bakan edo batere ez agertzea—, bere obraren atzean ezkutaturik jarraitzen du. Baina harantzago eraman du joera hori: ez da sekula jendaurrean agertu, idatziz bakarrik erantzun ditu elkarrizketak, ez da haren argazkirik argitaratu». Idatziz erantzundako elkarrizketa bakanetako batean, honako hau erantzun zuen behin: «Nire ustez, liburuek, behin idatziz gero, ez dute beren egileen inolako premiarik. Esatekorik badute, laster aurkituko dituzte irakurleak, bestela... ez».

2002an I giorni dell'abandono argitaratu zuen; 2006an, La figlia oscura; eta 2011n, Adiskide paregabea, 2014an osatu duen tetralogiaren aurreneko liburukia. Egileak promozioan parte hartu ez arren, zabalkunde handia izan dute liburu guztiek.

Elena Ferrante idazle ezagunen baten heteronimoa ote delako susmoa zabaldu da. Izen horren atzean Domenico Starnone edo Goffredo Fofi ote dagoen uste duenik bada. Batzuek diote Napolin jaiotako emakumea dela, gero Grezian eta Turinen bizi izandakoa. Goitizenaren zergatiari buruzko susmo aski zabaldu bat ere bada, ez oinarririk gabea: Elena Ferrante goitizena Elsa Morante idazlearen (Erroma, 1912-1985) omenezkoa izan daitekeela.

@ Elena Ferranteren 'Adiskide paregabea' liburua BERRIAren bitartez eskuratu daiteke: www.berria.eus/kioskoa

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / FOKU

«Amaia Ezpeldoik aldez alde kanbiatzen ikusi du Euskal Herria»

Gorka Arrese

Amaia Ezpeldoi izena du Itxaro Bordaren pertsonaia literario nagusiak. Hiru hamarkada zeharkatu ditu, mende batetik bestera. Nobeleskoa da, detektibea delako; benetakoa dirudi, fikzioaz honago dagoelako.
Stanislaw Lem, 1962an, Krakovian (Polonia). ©EFE

Itsasoa, itsasoa

Joannes Jauregi

Stanislaw Lem idazle poloniarrak ehun urte beteko zituzkeen aurten, eta duela hirurogei kaleratu zen haren obra nagusia, 'Solaris' eleberria; nobela bikaina da, klasiko peto-petoa.

Mikrotasuna

Nagore Fernandez

Idazlea: Joxemari Iturralde. Argitaletxea: Pamiela.

Mamua galdekatzeaz

Asier Urkiza

Idazlea: Juanjo Olasagarre. Argitaletxea: Elkar.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.