Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Ekonomia Azkenean, zapore ona

Publizitatea

Ekonomia

Azkenean, zapore ona

Udaberri gorabeheratsuaren ondoren, Nafarroako eta Arabako laborariek aurten zereal uzta txarra espero zuten, baina, azkenik, 1,1 milioi tona zereal bildu dituzte
Gari soroa Artaxoako inguruetan, uzta biltzeko kanpainaren hasieran, ekainaren amaieran.
Argazkia: IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

2017-08-12 / Joxerra Senar

Futbolean, azken emaitzak dena baldintzatu dezake. Partida osoa galduz joan ostean, azken minutuan sartutako golak zapore gozoa utzi ohi dio zaleari. Nafarroako laborari askori antzera gertatu zaie. Zerealaren uzta oso txarra izatea espero zuten. Ezohiko udaberriak gariari eta garagarrari kalte larria egin ziolakoan zeuden. Hala ere, errealitateak aurreikuspen txarrak irauli ditu neurri batean. Bilketa amaitu berri da, eta Nafarroako Gobernuaren lehen datuen arabera, 870.000 tona zereal bildu dira, iragan urtean baino %8 gutxiago. Iazkoa inoizko uzta hoberena izan bazen, «aurtengoa izan da uztarik onenetan bigarrena», Jesus Goñi Intia sozietate publikoko teknikariaren arabera.

«Oro har, ez da izan uzta bikaina, baina bai ona. Tokirik gehienetan onik atera dira laborariak, eta urteroko batez besteko uzta parekatu edo handitu egin dute askok», azaldu du Gorka Azpilikuetak, AN kooperatiba taldeko zereal arloko teknikariak. Elikagai industriako enpresarik handiena da AN, eta Hego Euskal Herriko zein Espainiako 155 laborantza kooperatiba biltzen ditu.

Araban ere iragarpen txarrak alboratu dituzte. «Urte ona izan da. Ez da izan uzta txarra, ezta historiakorik onena ere. Etekin handiko eremua da. Kanpainaz kanpaina uzta onak biltzen dira», aipatu du Azpilikuetak. Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, errendimendu handiko eremua da: hektareako 6,3 tona garagar eta gari bildu ziren iaz, eta aurten 5,5 tona bildu dituzte. Guztira 200.000 tona biltzea aurreikusten da, iaz baino %8 gutxiago.

Araban ez bezala, Nafarroan desberdinak dira eskualde batetik besterako ezaugarriak. Iruñerrian edo Nafarroa erdialdean hektarea batek lau eta sei tona artean ematen ditu; hegoaldean, berriz, idortasunaren ondorioz, hektareako bi eta hiru tona artekoa izan ohi da bilketa. Aniztasun horrek maiz kanpaina gorabeheratsuak ekarri ohi ditu. «Urte batzuetan, Iruñerriak emaitza onak izan ditu, eta Erriberak oso txarrak; edo alderantziz, Erriberan ona eta Iruñerrian oso txarra», dio Azpilikuetak. Aitzitik, aurten ez da egon gorabeherarik, eta eskualde bakoitzak bere ahalmenaren araberako emaitza izan du.

Ezohiko udaberria

Aurreikuspen txarrek ere baldintzatu dute azken zapore ona. Ezinbestean laborariak zeruari begira egon ohi dira, baina ezohiko udaberriak buruko min franko eragin ditu. «Udaberria oso ezegonkorra izan da eta gaizki pasatu dugu. Iruñerrian ur eskasia izan dugu eta Lizarraldean lehortea eta izotza», aitortu du EHNEko Pablo Ekisoainek.

Hasiera batean zorioneko ziren. Negua nahiko ondo joan zen eta iazkoa bezalako kanpaina bikaina izatea espero zuten. «Zenbaitetan bazirudien euria laborarien nahien arabera ari zuela, eta uzta oparoa espero genuen», dio Gorka Azpilikuetak. Haatik, partidaren bigarren zatia falta zen: «Hemen, azkenean, udaberriak jotzen du azken errematea. Udaberriak landarea suntsi dezake edo aurrera atera».

Udaberriak ohikotik oso gutxi izan du, ordea. Hasteko, euri gutxi egin du: «Normalean, euri ugari egin ohi du apirilean, baina aurten apenas egin duen», kexu da Ekisoain. Horrez gain, apiril amaieran izotza egin zuen zenbait tokitan. «Erabat ezohikoa da. Azken 30 urteetan ez da halakorik gertatu», dio, irmo, Jesus Goñik. Izotzak ziurgabetasuna eragin zuen. Arriskutsua izan zitekeen galburuak honda zitzakeelako.

Horrez gain, han-hemenka txingorra jasan dute. Adibidez, maiatzaren 6ko ekaitzak 5.000 hektareako zereal eremu zabala hondatu zuen Nafarroa erdialdean (Aranguren haranetik Zarrakaztelu bitartean). «Eskualde batzuetan kaltea handia izan da», zehaztu du Goñik. Asteon bertan, tamaina handiko txingorra izan dute Zangozaldean. Zereala bilduta dago, baina ikusteko dago mahastietan eragindako kaltea.

Ekaitzez harago, maiatza amaieran zein ekainean bero handia egin zuen. «Lehortzen ari den unean bero handiak aleak izerdiarazi ditzake eta prozesua oso azkar egiten bada, kalitateari eragiten dio. Pikorrak txikitzen dira», azaldu du Azpilikuetak.

Eguraldi lehorra, ezohiko izotzak, txingorra eta bero handia... Ekain erdialdean uzta bilketa hasterako alarma guztiak piztu ziren. Aurten, ekoizpena %30 murriztu zitekeela aurreratu zuten zenbaitek. «Ezkortasuna handia izan da», aitortu du Jesus Goñik. «Azkenean, landa eremuan gertatzen dena faktore askoren emaitza da».

Azken batean, bestelako faktoreez ahaztu ziren. Baldintza klimatologiko txarrek alde ona izan dute. Ez da agertu azken urteetan gariari eragin ohi dion gaixotasun bat, herdoil horia izenekoa. «Urteak daramatzagu arazo horrekin. Lehen urteetan, ekoizpenari eragiten zion, baina laborariek ikasi dute arazoa konpontzen. Hori bai, tratamenduek euren poltsikoei bai egiten diete min», dio Goñik. Aurten apenas egon den gaixotasunik. Goñiren arabera, datorren urtean berriro ager daiteke, baina, aurten bederen, ez du aparteko kosturik eragin.

Gainera, gari barietate berriak sendoagoak dira. «Errealitateak erakutsi du laborariek lantzen dituzten barietateak oso onak direla. Kontrako baldintzei aurre egiteko gai dira, eta ekoizpen ona dute».

Europan, egoera txarra

Hegoaldera begiratu besterik ez dago zer gerta zitekeen ikusteko. Gaztelan, oso uzta txarra izan dute. «Espainiako bihitegia da Gaztela. Eremu handia hartzen du, eta, ondorioz, uzta bolumen handiak ditu. Han, hilabeteak eta hilabeteak eman ditu batere euririk egin gabe», azaldu du Azpilikuetak. Lehorteak aspaldiko uzta rik txarrena utzi du, %62 murriztu baita aurreko urtearekiko bilketa. Espainian ez ezik, Europan ere uzta ez da ona izan. Kontinentearen hegoaldean, lehorteek min egin dute, eta iparraldean euriteek. Galerak izan dituzte herrialde askok. Horregatik, Jesus Goñiren ustez, Euskal Herriko laborariak«egoera bikainean» daude, uzta ona izan baita.

Horrek ez du esan nahi derrigorrez prezioek gora egingo dutela. Azpilikuetak garia saltzeko zeregina du AN taldean. Goiz da ezer aurreratzeko, baina, oraingoz, iazkoak baino prezio garestiagoak dira. «Hala ere, uztailean eta abuztuan merkatua geldirik dago, jende asko oporretan baitago, eta produktua bihitegietan. Irailetik aurrera hartuko du jarrera bat merkatuak, eta prezio horiekin egingo dugu lan».

Baikortasunerako arrazoiak izan arren, zuhur jokatu nahi du Azpilikuetak, prezioetan nazioarteko faktore ugarik eragiten baitute. «Azkenean, prezioak igotzeko nahi adina arrazoi eman ditzaket, eta behera egiteko beste horrenbeste». Azken hamar urte hauetan inbertsio funtsak sartu dira nazioarteko merkatuetan: «Merkatu egonkor batek ez die uzten dirua irabazten, arriskua nahi dute». Diru mugimendu handiak mugitzen dituztenez, zereal merkatua baldintzatzeko gai dira.

Publizitatea

Sortu kontua
Joxerra Senar Joxerra Senar

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak