Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Beltzez jantzita gaitzetsi dituzte Baionako bestetan egindako eraso sexistak

Publizitatea

Gizartea

Beltzez jantzita gaitzetsi dituzte Baionako bestetan egindako eraso sexistak

Gizon bati eta bi emazteri egin diete eraso bestetako lehen gauean. Baionako prokuradorea gertatua ikertzen ari da. EITBk kazetari bati egindakoa salatu du
Dozenaka lagun bildu ziren atzo Xaho Pelletier kaian, asteazkeneko eraso sexistak salatzeko.
Dozenaka lagun bildu ziren atzo Xaho Pelletier kaian, asteazkeneko eraso sexistak salatzeko. MADDI ANE TXOPERENA IRIBARREN
Hiru eraso sexista larri bestetako lehenbiziko arratsean. Horixe da Baionako bestek oraingoz utzitako argazkia: beltza. Eta kolore berarekin erantzun diete Baionako herritarrek erasoei: beltzez jantzita. Eraso sexistarik ez! Aski da! lelopean elkarretaratzea egin zuten atzo dozenaka lagunek Xaho Pelletier kaiko Laborarien Xokoan, PAF talde feministak, Aitzina gazte antolakundeak eta Baionako Gazte Asanbladak deituta.

Asteazken arratsean gertaturikoak dira hiru erasoak: gizonezko bati eta bi emakumeri egindakoak. Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradoreak BERRIAri baieztatu dionez, gizonezkoak salaketa ezarri du. Bertze biek, ordea, ez. Dena den, hiru kasuak argitzen saiatzen ari dira, eta horretarako ikerketa judizialak ezarri dituzte abian polizia etxean.

Bertze gizon batek bortxatu duela salatu du gizonezkoak. Hain zuzen, mehatxu eginez felazio bat egitera behartu zuen erasotzaileak, asteazken gauean, Baiona Ttipian. 18 urte ditu erasoa jasan duen mutilak, eta segituan jarri zuen salaketa. Prokuradoreak adierazi duenez, zehaztasun handiz kontatu zuen gertaturikoa, eta egin dizkioten frogek ere «argi eta garbi» erakusten dute bortxatu zutela.

Emakumezkoetako bat Errobi ibaian aurkitu zuten segurtasun zerbitzuek. Azaldu duenez, Errobiren ertzean zegoen, eta gizonezko andana bat hurbildu zitzaizkion. Ibaira salto egitea erabaki zuen emazteak, erasoko zioten beldurrez.

Bertze emakumezkoa, berriz, kalean aurkitu zuten, bortxa zantzuekin: galtzak eta atorra urratuak zituen, beso batean markak, eta esperma gorputz gainean. Vuelta Simon prokuradoreak bi gertakari horiek hala izan zirela baieztatu arren, azaldu du ikertu beharko dela sexu erasoekin lotura duten ala ez.

Ortzegun arratsean zabaldu zen gizonezkoaren bortxaketaren berri. Bi emakumeena, berriz, atzo goizean. Horiek jakin bezain laster deitu zuen mugimendu feministak protestara.

EITBk ere, salaketa

Bertzelako eraso andana bat ere izan dira Baionako bestetan. Horietako bat, kazetari bati egindakoa. Asteazken arratsean besten hastapeneko ekitaldiaren berri ematen ari zela ipurdia ukitu zion gizonezko batek EITBko emakumezko berriemaile bati. Komunikabideak ohar baten bidez «babes osoa» agertu dio kazetariari, eta bertzelako erasoak ere salatu ditu: «EITBk publikoki gaitzetsi nahi ditu festa giroko jokabide sexista guztiak, larrienetik txikienera. Jaia eta festa ez dira inolako aitzakia gizakiaren duintasunaren kontrako jokabideak onartzeko».

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak