Batera ez, «oraingoz»

EAEn ez da hautagaitza bateraturik izango Espainiako bozetan, sustatzaileek baieztatu dutenez.

2016ko autonomikoetarako oinarriak lantzen hasiko dira
EH Billduko kideak eta Ahal Dugu-koak, ekainaren 9an Bilbon eginiko bilera batean.
EH Billduko kideak eta Ahal Dugu-koak, ekainaren 9an Bilbon eginiko bilera batean. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Jokin Sagarzazu -

2015eko abuztuak 8
Udazkenean egingo diren Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan ez da ezkerreko alderdien zerrenda bateraturik aurkeztuko Euskal Autonomia Erkidegoan. Hala baieztatu dio BERRIAri proposamenaren sustatzaile Ramon Zallok. Azkeneko bi asteetan bilerak egin dituzte EH Bilduko, Ahal Dugu-ko, Ezker Anitza-ko eta Equoko buruzagiekin, eta horietatik ondorioztatu du «ezinezkoa» dela bat egitea, «oraingoz». Dena den, harremanak «oso positiboak» izan direla zehaztu du, eta baieztatu du harreman taldeak lanean jarraituko duela. Alderdiak ere «prest» azaldu dira bide horretan urratsak egiteko, Zalloren arabera. Horiek hala, ez du baztertzen proposamena hezurmamitzea datorren urtean, Eusko Legebiltzarrerako bozetarako. «Hazia erein dugu».

EAEko indar aurrerakoiek bat egiteko proposamena uztailaren 22an aurkeztu zuten, Bilbon, gizarte zibileko hainbat lagun ezagunek; EHUko irakasleak, bereziki: besteak beste, Pedro Ibarrak, Mari Luz Estebanek, Francisco Letamendiak, Iratxe Fresnedak, Yolanda Jubetok, Beatriz Zabalondok eta Petxo Idoiagak. Bat egite prozesu horretarako, hiru ardatz nagusi proposatu dituzte: aldaketa sozialaren beharra, erabakitzeko eskubidearen aitortza eta pluraltasuna errespetatuz indarkeriari uko egitea. Aurkezpen ekitaldian zehaztu zutenez, «behar bati» erantzuteko egin dute eskaera, PPren «politiken aurka» egiteko, eta horregatik dela Espainiako bozetara begirako proposamena —aurrera begirakoetara ere lanean jarraituko duten arren, Zallok zehaztu moduan—. Era berean, argitu dute euren eskaintza Araba, Bizkai eta Gipuzkoako alderdiei egindakoa dela, EAE eta Nafarroa «subjektu politiko» diren aldetik, haiek euren etorkizuna erabakitzeko eskubidea dutelako, eta bien arteko «desberdintasunak» kontuan hartu behar direlako. Horrekin lotuta, Zallok adierazi du bere taldeak ez duela loturarik Iruñean aurkeztu berri den taldearekin.

Herenegun, herrialde horretako 28 pertsona ezagunek hautagaitza bateratu baten aldeko agiria plazaratu zuten, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu, Ezker Batua, Batzarre eta Aranzadiri zuzendua. Oinarriak ere hiru dira: aldaketa soziala, prozesu konstituziogile bat zabaltzea Espainian eta bake prozesua sendotzea. Sinatzaileen artean daude Juan Carlos Longas parlamentari ohia, Jon Alonso idazlea, Mikel Soto editorea, Irati Jimenez idazlea eta Yolanda Rodriguez aktibista soziala.

Atzo, Uxue Barkos Geroa Baiko buruzagiak ez zuen proposamenari buruzko iritzirik eman nahi izan, Nafarroako Gobernuko presidentea izanik, horretarako «unea» ez zela adierazita. Batzarre, berriz, duela bi aste «ezkerreko ez-abertzaleak» bat egitearen alde azaldu zen, EH Bildurengandik oraindik «hainbat gauzak» —iraganeko indarkeriari buruzko jarrera, bereziki— bereizten dituelako. Koalizio subiranistako Adolfo Araizek, berriz, ondo ikusiko luke gisa horretako hautagaitza bat. Sustatzaileek proposamena aurkeztu aurretik eginiko adierazpen batzuetan adibide moduan jarri zituen Nafarroako udal eta foru gobernura «aldaketa» ekarri duten «formulak».

Zallok ere «aukera gehiago» ikusten du Espainiako bozei begira han akordio bat iristea, Nafarroako alderdien arteko hartu emanek «ibilbide luzeago» dutelako eta euren arteko arazoak konpontzeko «mekanismoak» landuagoak dituztelako. Zallok aitortu du Nafarroan gobernatzeko akordio batera heldu izana izan dela proposamenaren oinarrietako bat.

Zalantza gehiago EAEn

Espainiako bozetara EAEn hautagaitza bateraturik ez dela aurkeztuko baieztatu du proposamenaren sustatzaile Ramon Zallok, baina ez du gehiago zehaztu nahi izan alderdiek bileretan emandako azalpenen eta agertutako jarreren inguruan. Harremanak «interesgarriak» izan direla azaldu du, haiek planteatutako hiru oinarriak «ondo ikusi» dituztela lau alderdiek eta, beraz, eta aurrera begira, «plataforma bateratuak» sortzeko aukerak egon badaudela.

Euren proposamenari alderdiek eginiko «ñabardurei» buruz, Zallok azaldu du Ahal Duguk agertu duela «errezelo» gehien, eta EH Bildu aritu dela «baikorren». Koalizio subiranistak «interesgarritzat» jo du proposamena, betiere Zalloren arabera, eta azaldu du haien asmoa ere badela «antzeko bideak» urratzea —bilerei buruz hitz egiteko EH Bildurekin harremanetan jartzen saiatu da BERRIA, baina ez du erantzunik jaso—.

Ahal Dugu-k, berriz, zalantza gehiago azaldu ditu proposamenaren inguruan, bereziki Espainiako bozei begira, baina «baikorrago» azaldu da datorren urteko Eusko Legebiltzarreko hauteskundetarako. Roberto Uriarte EAEko Ahal Dugu-ko koordinatzaileak azaldu du gaur gaurkoz ez Ahal Dugu-rentzat ez EH Bildurentzat ez litzatekeela «mesedegarri» izango bat egitea, eta haien asmoa dela Espainiako bozetan euren siglekin aurkeztea.

Ezker Anitzak eta Equok «edukietan sakontzeko» nahia agertu dute, eta ondo ikusten dituzte sustatzaileek mahai gainean jarritako «gutxiengoak», «elkarren arteko konfiantza guneak zabaltzeko». Isabel Salud Ezker Anitza-ko idazkari nagusiak kazeta honi baieztatu dio talde sustatzailearekin eta alderdiekin hitz egiten jarraituko dutela, eta azaldu du proposamena aurkeztu aurretik bildu zirela azkenengoz EH Bildurekin eta orduan ere mahai gainean jarri zutela, «batzuek eta besteek», elkarlanerako aukera. Azpimarratu du Espainiak bozak, baina «gertuegi» daudela —abenduan ziurrenik— eta euren apustua beste bat dela.

Zallo eta proposamena egin duten talde sustatzaileko kideak irailaren 3an bilduko dira eta ondoren egingo dute orain artekoari buruzko balorazio «zehatzago» bat. Hala ere, EHUko katedraduna «pozik» azaldu da egitasmoak jaso duen babesarekin eta izan duen oihartzunarekin, «bereziki gizarte eragileen artean». Aurrera begira, talde horrek lanean jarraituko duela baieztatu du, baina baztertu egin du haiek aurkeztea «inoren edo ezeren gainetik» Espainiako bozetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna