Lanari ekiteko sasoia

Eusko Jaurlaritza berriko sailburuek kargua hartu dute. Agintaldiak «berebiziko garrantzia» izango du, Urkulluren ustez. Gaur egingo dute lehenengo bilera
Urkullu lehendakaria eta Eusko Jaurlaritzako sailburuak, atzo, Ajuria Enean.
Urkullu lehendakaria eta Eusko Jaurlaritzako sailburuak, atzo, Ajuria Enean. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS

Gotzon Hermosilla -

2016ko azaroak 29
Eusko Jaurlaritza osatzen duten sailburuek kargua hartzearekin bukatu da gertaeraz beteriko astebete luzea. Azaroaren 21ean jakinarazi zuten EAJk eta PSE-EEk gobernu akordioa bazutela, eta hurrengo egunean sinatu zuten ituna bi alderdietako ordezkariek. 24an hasi zen inbestidura saioa Eusko Legebiltzarrean; 25ean, Iñigo Urkullu lehendakari izendatu zuten, eta Jaurlaritza osatuko zuten sailburuen izenak jakinarazi zituzten. Joan den larunbatean, Urkulluk zin egiteko ekitaldia izan zen Gernikan, eta, orain, sailburuek ere kargua hartuta, lanari ekiteko sasoia iritsi zaio Jaurlaritza berriari.

Gasteizko Ajuria Enea jauregian izan da ekitaldia, eta, han, Iñigo Urkullu eta kargua hartu duten 11 sailburuez gain, ardura utzi duten hiru sailburuak ere izan dira —Ana Oregi, Angel Toña eta Ricardo Gatzagaetxebarria—. Instituzio eta alderdien ordezkaritza ere ugaria izan da: han egon dira Eusko Legebiltzarreko mahaia osatzen dutenak —EAJko Bakartxo Tejeria presidentea, EH Bilduko Eva Blanco, PSE-EEko Txarli Prieto, EAJko Iñigo Iturrate eta Elkarrekin Podemoseko Cristina Makazaga—. EAJren EBBko presidente Andoni Ortuzar eta PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendia ere izan dira ekitaldian.

Lehenbizi, Urkullu lehendakariak sailburuen izendapenen dekretuak irakurri ditu. Ondoren, sailburuek banan-banan egin dute zina, eskua Gernikako Estatutuaren ale baten gainean eta ondoan ikurrina zutela.

Duela lau urteko moldea erabili dute sailburu berriek kargua hartzeko: «Hartzen dudan agintea, Euskadiren zerbitzuan eta legearen arabera, zintzo eta leialki erabiliko dudala hitzematen dut»á Sailburu gehienek euskaraz egin dute zina; Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiriak eta PSE-EEko hiru sailburuek —Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburu Iñaki Arriolak, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Alfredo Retortillok eta Lan eta Justizia sailburu Maria Jesus San Josek— euskaraz eta gaztelaniaz egin dute. Amaitutakoan, sailburu berriak agurtu ditu Urkulluk, eta argazki ofiziala egin dute Ajuria Eneko atariko eskaileretan.

Gakoa, «egonkortasuna»

Ekitaldiaren bukaeran, berbaldi laburra egin du Urkullu lehendakariak. Aurreko legealdian aritu diren sailburu eta arduradunei eta bereziki kargua utzi duten hiru sailburuei eskerrak eman ondoren, «etorkizuneko erronkei» aurre egiteko gakoak zein diren azaldu du Urkulluk: «egonkortasuna eta gobernabidea» bermatzea eta «barne eta kanpo konfiantza» sustatzea.

Urkulluk gogorarazi du gobernu akordio bat hitzarturik dutela, eta akordio hori garatzeko hurrengo urratsak zeintzuk izango diren argitu du: gobernu programa adostea, aurrekontu proiektua landu eta aurkeztea, egutegia osatzea legebiltzarrean dauden bost proiektuak eta adostu dituzten hamalau lege proiektuak oinarri hartuta, eta 2013ko irailean abian jarritako Enplegua Sustatzeko eta Ekonomia Suspertzeko Plana aztertu eta horretan oin hartuta plan berria prestatzea, 2020. urteari begira.

«Ikuspegi partekatua adostea, konpromiso zehatzak landu eta betetzea, gizartearen beharrei erantzutea eta denon artean etorkizun hobea eraikitzea» izango dira Jaurlaritza berriaren xedeak, Urkulluk azaldu duenez. Lehendakariak uste du hasi berri den legealdiak «berebiziko garrantzia» izango duela, eta, esan duenez, gobernu hitzarmenean jasotzen diren ardatzak —enplegua sustatzea, ongizate sistemaren gizarte zerbitzuak bermatzea, bizikidetza egonkortzea eta estatutu berria adostea— garrantzi horren frogak dira. Bide horretan, «errealismoa, egia eta lana» eskatu dizkie bere sailburuei: «konpromisoa gure ekintzekin erakutsi behar dugu».

Horrenbestez, lanari ekingo diote sailburuek, eta nor bere eguneroko agendari ere lotuko zaio. Gaur bertan, lehenengo gobernu bilera egingo dute, eta, amaitutakoan, Josu Erkorekak —Jaurlaritzaren bozeramaile izango baita orain ere— horren berri emango die hedabideei.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna