Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Ama hil duelakoan, 56 urteko gizonezko bat atxilotu du Ertzaintzak Portugaleten

Publizitatea

Gizartea

Ama hil duelakoan, 56 urteko gizonezko bat atxilotu du Ertzaintzak Portugaleten

Gurutzetako erietxean ospitaleratuta dago gizona, larri, bere buruari eragindako zaurien ondorioz. Erakundeek ez dute indarkeria matxista kasu gisara hartu
Ama-semeak elkarrekin bizi ziren Portugaleten, hilketa gertatutako etxean.
Argazkia: LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

2017-01-11 / Maite Asensio Lozano

Ertzaintzak 56 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo Portugaleten (Bizkaia), haren ama bortxaz hiltzea leporatuta. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak azaldutakoaren arabera, atzo goizean gertatu zen hilketa, 10:30 aldera, Ruperto Medina kaleko etxebizitza batean: gizonak labanaz eraso zion amari, eta ondoren bere burua zauritu zuen. Larrialdi zerbitzuak iritsi zirenerako, hilda zegoen andrea. Semea, berriz, Gurutzetako ospitalera (Barakaldo, Bizkaia) eraman behar izan zuten, bere buruari eragindako zauriak artatzeko; erietxeko iturriek jakinarazi dute larri dagoela gizona.

92 urte zituen andreak, eta Alzheimerren gaitza zuen, Portugaleteko Udalak berri agentziei adierazi zienez. Ama-semeak elkarrekin bizi ziren —seme bakarra zen gizona, eta hura arduratzen zen amaz, zaintzaile baten laguntzaz—; haien etxean bertan izan zen hilketa. EFE agentziak zabaldu du gizonak telefonoz deitu ziela adiskide batzuei, ama hil izana aitortzeko. Haiek eman zioten abisua Ertzaintzari, etxera gerturatu eta ama-semeak odoleztatuta zeudela berretsi eta gero.

Zerbitzu medikoek ezin izan zuten emakumearen bizitza salbatzeko ezer egin. Semea, berriz, larri zaurituta aurkitu zuten, bere buruari sabelaldean emandako sastakaden ondorioz. Ertzaintzak atxilo hartu zuen, amaren hilketan «inplikatuta» dagoelakoan, baina Gurutzetako erietxera eraman behar izan zuten. Ospitaleratuta dago, bizkortzeko gunean; egoera larrian dagoela adierazi dute hango iturriek. Edonola ere, geratutakoa argitze aldera, ikerketa abiatu du Ertzaintzak

Aurten indarkeria matxistaren ondorioz hildako lehen emakumezkoa da Portugaleteko andrea —iaz urte bereziki gogorra izan zen: zazpi emakume hil zituzten Euskal Herrian—. Dena den, erakundeek ez dute abiatu genero indarkeriari lotutako protokolorik, ez baita izan bikotekideak edo bikotekide ohiak egindako eraso bat. Portugaleteko Udalak etxe barruko indarkeriatzat hartuko du kasua. Mugimendu feministak ere ez du adierazpenik egin oraingoz.

Dena den, ez da gizon batek ama hiltzen duen lehen aldia. 2010. urtean antzeko bi kasu izan ziren Euskal Herrian. Hilabete berean izan ziren biak: otsailean. Hilaren 8an 65 urteko andre bat labankadaz hil zuen haren semeak Barakaldon (Bizkaia), eztabaida baten ostean; hainbat iturriren arabera, gizonaren aurkako zenbait salaketa jarriak zituen andreak. Bi aste igaro ez zirenean, hilaren 19an, beste eraso bat izan zen Lasarte-Orian (Gipuzkoa): 48 urteko emakume bat hil zuen semeak; Ertzaintzak jakinarazi zuen familiatik urruntzeko agindua eduki izan zuela gizon gazteak. 2015ean ere beste kasu bat izan zen, Madrilen: Azpeitiko (Gipuzkoa) 72 urteko emakume bat hil zuen haren semeak.

Publizitatea

Sortu kontua
Maite Asensio Lozano Maite Asensio Lozano

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak