Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Euskarazko hezkuntzak gora egin du Iruñerrian, eta iazko mailari eutsi dio hegoaldean

Publizitatea

Gizartea

D eredua Nafarroan

Euskarazko hezkuntzak gora egin du Iruñerrian, eta iazko mailari eutsi dio hegoaldean

Populazio handieneko auzoetan asko hazi da D ereduko matrikulazioa. Antzin eta Erriberrin euskarazko lerroa jartzea galdegin dute. Ikastolak, «oso pozik»
Iruñeko hainbat ikastetxetako familien agerraldi bat, 2013an, D ereduaren alde..
Argazkia: IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

2017-02-21 / Ion Orzaiz

Iraultza handirik gabe, baina aurrera. Euskarazko hezkuntzak —publikoak nahiz itunpekoak— gora egin du Nafarroan, 2017-2018ko ikasturteko aurrematrikulazioaren behin-behineko datuen arabera. Iragan ostiralean bukatu zen Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan izena emateko epea, eta, datu ofizialik ezean, ikastetxeetako lehen zenbaketak agerian utzi du D eredu publikoan eta ikastoletan eginiko eskaeren kopurua hazi egin dela aurten.

Datuak aztertuta, hainbat ondorio atera litezke. Batetik, euskarazko hezkuntzaren igoera orokortua izan arren —%9tik gorakoa sare publikoan, eta %2koa Nafarroako ikastoletan—, eremuaren araberakoa dela hazkundearen erritmoa: bizkorra eremu euskaldunean eta Iruñerrian; apalagoa, berriz, Erriberan. Bestalde, aurrematrikulazio datuek agerian utzi dute eremu ez-euskalduna deritzonaren barruan ere askotariko errealitate soziolinguistikoak daudela: hala, Tafallan, esaterako, nabarmen egin du gora D ereduan izena eman duten 3 urteko haurren kopuruak, eta Estellerrian ere aukera sor liteke euskarazko eskaintza zabaltzeko. Hegoalderago, ordea, oso familia gutxik egin dute D eredu publikoaren aldeko hautua, eta ikastolek iazko mailari eutsi diote.

Iruñerrian, hazkunde demografiko handieneko auzo eta herrietako ikastetxeetan nabaritu dute D ereduaren hazkundea, batez ere. Sarrigurenen, esaterako, 126 familiak egin dute matrikula D ereduan —iaz baino 25 gehiagok—; eta Buztintxurin, berriz, 50etik 64ra igo dira euskarazko ereduaren aldeko eskaerak. Auzune gazteak, biak ala biak. Amaiur, Erreniega eta Antsoain ikastetxe publikoetan ere gora egin du D ereduak.

Hezkuntza publikoaren hazkundeak, gainera, ez ditu ikastolen emaitzak belztu: Iruñerrian dauden hiru ikastoletan —Jaso, Paz de Ziganda eta San Ferminen—, eskaintza gainditu dute eskaerek; 40 ikasle lekurik gabe gelditu dira, itxaron zerrendan.

Emaitzak apalagoak izan dira eremu ez-euskaldunean. Iazko ikasturtean euskarazko lerroa ezarri zuten ikastetxe publikoetan, iazko mailari eutsi diote, baina gorabeherekin: Lodosan eta Caparroson, esaterako, D ereduko eskaera gutxi jaso dituzte, baina, adin ezberdineko ikasleak gela bakarrean bilduta, euskarazko lerroari eustea lortuko dute. Noainen, hamabost eskaera jaso dituzte, iazkoaren pare. Tafallan, berriz, nabarmen egin du gora D ereduak, hamazortzi eskaera jasota. Horrek kalte egin dio Garces de los Fayos ikastolari, iazko 25 eskaeretatik hamabira jaitsi baita.

Erreferentziazko gainontzeko ikastetxeetan, ez dira gutxieneko kopurura iritsi. Hala ere, D ereduko ikasgela gehiago zabaltzeko aukera sortu da bi herritan, Antzinen eta Erriberrin, hango eskolek eskaera egina baitiote Hezkuntza Departamentuari euskarazko hezkuntza publikoa eskaintzen hasteko. Antzinen, esaterako, zazpi eskaera jaso dituzte, baina, adin ezberdineko haurrak izanda —3 eta 7 urte bitartekoak—, eskaera aztertu eta baimendu beharko du departamentuak. Erriberrin, ordea, ikastetxea ez, familiak izan dira departamentuari D eredua jartzeko eskaera egin diotenak. Zortzi eskaera egin dituzte, eta, Erriberrikoa erreferentziazko ikastetxea ez den arren —ez dago departamentuaren zerrendan—, litekeena da han ere euskarazko adarra zabaltzea.

Eragileak, pozik

Behin-behineko datuen balorazio «positiboa» egin dute euskarazko hezkuntzaren alorrean diharduten eragileek. D ereduko ikastetxeetako zuzendariak biltzen dituen Nize elkarteak, esaterako, «pozik» hartu ditu datuak, eta iazko aurrematrikulazioarekin alderatuta euskarazko hezkuntza publikoak izandako igoera nabarmendu du. Elkarteko datuen arabera, 1.380 eskaera jaso dituzte D ereduko ikastetxeek.

Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendari Josu Reparazen ustez ere «oso datu onak» dira aurtengoak: 461 eskaera jaso dituzte Nafarroako hamabost ikastoletan. «Oso balorazio positiboa egiten dugu, iaz baino bederatzi eskaera gehiago jaso ditugulako; Iruñerrian, bereziki, oso emaitza onak izan ditugu, baita Altsasun, Etxarri Aranatzen eta Lizarran ere», azaldu du. Tafallan, berriz, behera egin du ikastolako matrikula eskariak, D eredu publikoaren eraginez. «Gogoeta egin behar dugu horren inguruan, beherakada nabarmena baita». Ilunberriko eta Zangozako ikastoletako eskaerek ere behera egin dute, demografiaren ondorioz.

Sortzen elkarteko Sergio Iribarrenek, azkenik, D ereduaren aldeko hautua egin duten familien «borondate irmoa» goraipatu du. «Txalotzeko modukoa da eremu ez-euskaldunean, elementu guztiak kontra edukita ere, euskararen alde egin duten familien jarrera eredugarria».

Publizitatea

Sortu kontua
Ion Orzaiz Ion Orzaiz

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak