Albistea entzun

Oinazeak senideturik

Euskal ordezkaritza batek Gernikako Arbolaren kimu bat landatu du Auschwitzeko esparrutik gertu. «Bizikidetzaren bideak» goraipatu ditu Urkulluk ekitaldian
Iñigo Urkullu lehendakaria, Gernikako Arbolaren kimua landatzen, instituzioetako beste ordezkari batzuekin, atzo, Oswiecimen.
Iñigo Urkullu lehendakaria, Gernikako Arbolaren kimua landatzen, instituzioetako beste ordezkari batzuekin, atzo, Oswiecimen. STANISLAW ROZPEDZIK / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Gotzon Hermosilla -

2017ko apirilak 21

Esanguraz beteriko ekitaldi batekin amaitu da euskal instituzioetako ordezkaritza batek Polonian egin duen bidaia. EAEko lehendakari Iñigo Urkullu buru zutela, Gernikako Arbolaren kimu bat landatu dute Oswiecim hiriko Zasole parkean (Polonia). Auschwitz da Oswiecim hiriaren alemanezko izendapena, eta parke hartatik oso gertu dago izen bereko kontzentrazio esparrua, II. Mundu Gerran naziek milaka eta milaka preso sarraskitzeko erabilitakoa. Gernikako bonbardatzearen 80. urteurrenaren aurreko egunetan egin dute ekitaldia.

Urkulluz gain, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak, Oswiecimeko alkate Janusz Chwierutek, Enrique Villamor APTCE Europako Tradizio eta Kulturaren Aldeko Elkarteko presidenteak eta erakundeetako beste zenbait ordezkarik hartu dute parte ekitaldian, Euskal Herriko eta Poloniako 500 bat gazterekin batera. Euskal Herritik hara joandako neska batek eta Poloniako mutil batek ureztatu dute Gernikako Arbolaren kimu landatu berria, eta Oswiecimeko alkateak hango lurra zuen kaxa bat eman dio Urkulluri.

Bakerako «giza eskubidea»

«Mundu zabalean gerra hots ilunak» ugaritzen ari diren honetan, hitzaldia baliatu nahi izan du Urkulluk NBE Nazio Batuen Erakundeari eskaera zehatza egiteko: bakerako eskubidea «giza eskubide unibertsal» izendatzea galdegin dio. «Horixe da defenda daitekeen baliorik gorena: mundu osoan giza eskubideak sustatzea pertsona guztientzat», esan du lehendakariak.

Auschwitz eta Gernika alderatu eta bi hirietako esperientziak parez pare jarri ditu Urkulluk. Esan duenez, Auschwitz eta Gernika «denboran eta belaunaldiz belaunaldi iraun duen garrasi lazgarriaren adierazle» dira. Horregatik, ekitaldian «Auschwitzeko lurra eta Gernikako hazia» uztartu nahi izan dituzte, «bakearen fruitua eman eta zabaltzeko».

Bi herriek pairatutako «gerra eta indarkeria» atzean uzteko asmoarekin bat egin eta «bakearen eta bizikidetzaren bideak» goraipatu ditu Urkulluk. «Basakeriaren, izuaren eta sarraskiaren» aurrean «pertsona guztien bizia , duintasuna eta giza eskubideak» aintzat hartuko dituen mundua proposatu du.

«Gure nahia eta helburua berbera da», esan du lehendakariak: «bakea, bizikidetza eta giza eskubideak mundu osoan sustatu eta indartzea». «Iraganean bizi izandako oinazearen esperientziatik, etorkizuneko bizikidetza konpromisoa partekatu nahi dugu», azpimarratu du Urkulluk, eta erantsi du Gernikako Arbolaren irudia «gizakiek duten bake, justizia eta bizikidetza premiaren ikur» dela.

Aurrerantzean, bakearen ikur horren kimu gaztea Oswiecimeko Zasole parkean egongo da, Auschwitz-Bikernau kontzentrazio esparrutik gertu, baina Gernikako Arbolaren kimuak bake eta bizikidetzarako esanguratsuak diren guneetan landatzeko ohitura ez da berria. Besteak beste, euskal erakundeek azken urteotan Nairobin (Kenya), New Yorken (AEB), Buenos Airesen (Argentina) eta Gurseko kontzentrazio esparruan (Frantzia) landatu dituzte Gernikako Arbolaren kimuak.

Landaketa ekitaldiaren aurretik, Oswiecimeko Gazte Topagunerako Nazioarteko Zentroa bisitatu du Urkullu buru zuen euskal ordezkaritzak. Zentro horrek «mundu osoko gazteen arteko elkarrizketa eta elkar ulertzea» sustatzea du helburu. Izan ere, bidaia honetan Euskal Herriko hiru ikastetxetako ikaslez osatutako talde batek ere parte hartu du, eta APTCEk antolatuta hainbat jarduera egin dituzte Poloniako ikasleekin batera. Gazteen aurrean herenegun eginiko hitzartzean Urkulluk azpimarratu zuen giza duintasunaren errespetuak izan behar duela «balio gorena», edozein helburu eta ideia politikoren gainetik.

Gernikako Arbolaren kimua landatzearekin amaitu da euskal instituzioetako ordezkariek egin duten bi eguneko bisitaldia Polonian. Iñigo Urkullu eta Ana Otaduiz gain, Eusko Jaurlaritzako Bizikidetza, Giza Eskubide eta Lankidetzako idazkari nagusi Jonan Fernandezek, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak, Joseba Gezuraga EH Bilduko legebiltzarkideak, Josu Montalban PSE-EEkoak eta Elsa Pamparacuatro Ahal Dugu-koak, Bizkaiko Batzar Nagusietako kideek eta Kirmen Uribe idazleak hartu dute parte ordezkaritzan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / FOKU

«ETAko presoei besteei bezalako tratua ematen diegu»

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Gizarteratzean sinesten du Morenok, baita hirugarren graduak ematen dituen aukeretan ere. Horren lekuko dira datuak: Martuteneko presoen ia erdiak erregimen irekian daude.
2017an Nahikari Otaegiri egindako harrera, Donostian. Segiko kide izateaz akusatuta bete zuen kartzela zigorra. ©FOKU

Ongietorririk ez kasik

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Azken bi urteotan, 53 euskal preso atera dira espetxetik, eta horietatik bederatziri baino ez dizkiete egin harrera publikoak. Aurten, berriz, 25 presotatik biri baino ez.
Jose Manuel Vilarejo komisario ohia, asteazkenean, Espainiako Kongresuan. ©CHEMA MOYA / EFE

GALi gorazarre Kongresuan

Jon O. Urain

Villarejo polizia ohiak talde armatu horrekin lotu du Felipe Gonzalez; esan du «ausartu zen bakarra» izan zela. Estatu indarkeria zuritzeko «zigorgabetasuna» kritikatu du EH Bilduk

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.