Albistea entzun

Gorrotoaren gorakada

2014an 141 eraso egon ziren Hego Euskal Herrian arrazakeriak, homofobiak eta antzekoek bultzatuta.

«Eraso bakar bat ere gehiegi» dela esan dute eragileek
Algortan manifestazioa egin zuten apirilaren 6an izandako eraso homofoboa salatzeko.
Algortan manifestazioa egin zuten apirilaren 6an izandako eraso homofoboa salatzeko. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Gotzon Hermosilla -

2015eko apirilak 22 - Bilbo

Espainiako Barne Ministerioak gorrotozko delituen inguruko 2014ko txostena eman du argitara. Horren arabera, iaz 141 eraso egon ziren Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan. Horietatik gehienek, 102k, arrazakeriarekin eta xenofobiarekin izan zuten zerikusia. Eraso homofoboak eta sexu identitate eta orientazioarekin erlazionatutakoak, berriz, 23 izan ziren. Eraso antisemitak, erlijio aniztasunaren kontrakoak eta elbarritasunen bat duten pertsonen aurkakoak ere egon ziren, kopuru txikiagoetan izan bazen ere.

Polizia indarrek emandako datuekin osatu du Espainiako Barne Ministerioak txostena. Horien arabera, Hego Euskal Herrian izandako 141 eraso horietan, 98 biktima izan ziren, eta 29 erasotzaile atxilotu edo inputatu zituzten.

Itxura guztien arabera, datuok gorroto delituen gorakada nabarmena adierazten dute, alderaketak egitea zaila bada ere. 2013ko txostenean, 24 erasoren berri baino ez zuen eman Espainiako Barne Ministerioak Hego Euskal Herrian, eta horietatik lau baino ez Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; baina txosten hura egiteko, ministerioak ez zuen jaso Ertzaintzak emandako daturik. Horrek azaltzen du hiru herrialde horietan erasoen kopurua hain baxua izatea.

Edozein modutan, 2013ko txosten hura osatzeko, kontuan har daiteke iazko maiatzean Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailburuak emandako informazioa. EH Bilduko parlamentari Julen Arzuagak Eusko Legebiltzarrean egindako galdera bati erantzunez, Beltran de Herediak esan zuen 2013an gorrotoak bultzatutako sei delitu izan zirela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, den-denak arrazakeriari lotuak.

Bi txostenak aintzat hartuta, eta suposatuz Espainiako Barne Ministerioak eta Jaurlaritzak jasotakoak delituak desberdinak direla, emaitza da 2013an gorrotoarekin lotutako hamar delitu izan zirela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2014an gertatutako 117etatik oso urrun. Nafarroan ere, 20tik 24ra egin zuen gora delitu kopuruak. Beraz, datuok zuhurtziaz hartzekoak badira ere, badirudi horrelako erasoen gorakada nahiko argia dela, herrialde guztietan gainera.

«Kezkagarria»

Datu horien gaineko balorazioa egin dute Sare Antifaxista, EHGAM eta Kitzikan mugimenduek. Adierazi dute «kezkagarria» dela horren atzean ezkutatzen den errealitatea: «Eraso arrazistak, homofoboak, pobreen aurkakoak edo bestelakotasun funtzionala duten pertsonen aurkakoak gero eta maizago gertatzen dira gurean».

Espainiako Barne Ministerioaren arabera, gorakada horrek zerikusia du datuak biltzeko sistemak zorroztearekin eta zenbait poliziatan ezarritako protokolo bereziekin. Aipatutako erakundeak ez datoz bat balorazio horrekin; aitzitik, esan dutenez, txostenean agertzen diren 141 erasoak ez dira iaz gertatutako guztiak, «asko salatzen ez direlako», eta datuak biltzeko moduez ere zalantza handiak dituzte. «Ohitura handia dago zenbait eraso taberna giroko liskar gisa aurkezteko, batez ere gauez gertatzen badira», esan du Sare Antifaxistako Eduardo Gonzalezek.

Artxibatzen diren kasuekin zer gertatzen den ere galdetu dute, eta, adibide gisa, Bilbon 2014ko ekainaren 17an aurkezturiko salaketa aipatu dute. «Gazte batek salaketa jarri zuen eraso faxista jaso zuelako», azaldu du Gonzalezek, «baina epaileak ez zuen aintzat hartu eta artxibatzea erabaki zuen. Kasu horretan, oso litekeena da eraso hori estatistiketan ez agertzea».

Edozein modutan, eta eskura dituzten datuak aintzat hartuta, argi dute erasoen gorakada dagoela eta horri erantzun bat eman behar zaiola. «Ez dago normaltzat edo onargarritzat jo daitekeen eraso kopururik», adierazi du Gonzalezek. «Gure ustez, eraso bakar bat ere gehiegi da».

Beste aldetik, zenbait politikarik ematen dituzten mezuak ere salatu dituzte, horrelako erasoen ugaltzea dakartelakoan eta zigorgabetasuna sustatzen dutelakoan. Bereziki, Gasteizko alkate Javier Marotok eta Laguntza Bidezkoagoak plataformak etorkinen inguruan egindako adierazpenak salatu dituzte, bai eta Bilboko zenbait zinegotzik cruising guneei buruz egindakoak ere.

«Horrelako mezuek zigorgabetasuna bultzatzen dute», esan du Gonzalezek, eta zigorgabetasun horren adibide gisa duela gutxi Algortan (Bizkaia) izandako eraso homofoboa aipatu du: «Orain dela bi aste gertatu zen, eta oraindik ez dago horren inguruko berririk».

Erasoen ugaltzearen aurrean, «jendartearen inplikazioa» eskatu dute hiru mugimenduek, «faxismo, arrazakeria, homofobia eta diskriminazio mota guztien kontra elkartu eta borrokatzeko». «Iragan hurbilean kontzentrazio esparruetara eraman gintuzten jarrera eta pentsaerei aurre egin behar zaie», esan du Kitzikaneko Aitor Latailladek. «2015erako, zero gorroto-krimen nahi dugu».

Instituzioei, berriz, «mugimendu antifaxista ez kriminalizatzeko» eskatu diete, «antifaxismoaren kontra egitea faxismoaren alde egitea delako».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Martin Villa, iazko irailaren 3an Servini epailaren aurrean deklaratu ostean, auto barruan. ©JUANJO MARTIN / EFE

Martin Villa, Servinik auzipetua

Arantxa Iraola

Auto batean auzipetu du 1976ko Gasteizko hilketengatik eta German Rodriguezenarengatik

Suhiltzaileak lanean, Gasteizen, artxiboko irudi batean. ©Endika Portillo / Foku

Gizon bat hil da Donostian, taberna batean piztutako sute batean

Berria

Gros auzoko Gure Txoko tabernako sukaldean piztu da sua, goizeko 9:00ak aldera. Taberna itxita zegoen.

Kongresuko hitzaldietako bat, atzo, Hernanin. ©GORKA RUBIO / FOKU

Demokrazia Komunalaren Aldeko Nazioarteko Sarea aurkeztu dute

Jone Arruabarrena

«Kapitalaren logikarekin eta zapalkuntza modu guztiak» amaitzeko erez aritu dira, Hernanin

Nekane Lekuona. / ©Andoni Canellada, Foku

Minbiziaren ondorioak samurtu nahian umeei

Maria Ortega Zubiate - Gipuzkoako Hitza

Aspanogi elkarteak eskatu berri du protokolo bat ezar dezatela minbizia gainditu duten haurrei jarraipena egiteko. Gaixotasuna gainditu duten haurren %70ek jasaten dituzte ondorioak gerora.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna