Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika Giroa goxatzen hasteko

Publizitatea

Politika

Giroa goxatzen hasteko

Javier de Andresek Espainiako Gobernuko EAEko ordezkari kargua hartu du, Urkijo ordezkatuta. Jaurlaritzari «lankidetza» eskaini dio Saenz de Santamariak
Javier de Andres, Soraya Saenz de Santamaria eta Carlos Urkijo atzo, Gasteizen, Espainiako Gobernuko ordezkaritzara sartzen.
Javier de Andres, Soraya Saenz de Santamaria eta Carlos Urkijo atzo, Gasteizen, Espainiako Gobernuko ordezkaritzara sartzen. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS

2017-01-10 / Edurne Begiristain

Mezuek eta keinuek. Biek ala biek irudikatu dute Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko harremanetan aro berri bati ekiteko nahia badagoela. «Akordioa», «elkarrizketa», «elkarrekiko lankidetza» eta «leialtasuna» hitzak behin baino gehiagotan entzun dira Javier de Andres Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariaren kargua hartzeko ekitaldian. Eman dituzten mezuek eta ikusi diren keinuek agerian utzi dute elkar ulertzeko borondatea badagoela, eta azken lau urteotako giro hotza urtzeko prestasuna ere bai.

Ikusmin handia piztu du Javier de Andresen kargua hartzeko ekitaldiak, batez ere bertara joan diren gonbidatuengatik. Madrilen PP eta EAJ harremanak bideratzeko ahaleginetan ari direnean, komunikabideen arreta guztia bereganatu dute Espainiako Gobernuko presidenteorde Soraya Saenz de Santamariak eta Eusko Jaurlaritzako eledun Josu Erkorekak. Biak izan dira Espainiako Gobernuak Gasteizen duen ordezkaritzan gonbidatuak, bi gobernuetako goi ordezkari gisa —Iñaki Arriola Etxebizitza sailburua ere izan da Jaurlaritzaren izenean—. Elkar agurtu dutenean, hizketan aritu direnean eta argazkilarien aurrean paratu direnean, kamerak eta kazetariak izan dituzte gainean. Kargua hartzeko ekitaldia hasi aurretik, bilera informala egin dute Saenz de Santamariak, Erkorekak, Arriolak, De Andresek eta Urkijok, komunikabiderik gabe. Eta ekitaldiaren amaieran, berriz, gonbidatu guztiekin batera eta kazetariak aurrean zirela, luze hitz egiten aritu dira, giro adeitsuan.

Gonbidatuen artean izan dira Espainiako Segurtasun Indarrak, PSEko Txarli Prieto, Javier Lasarte eta Cristina Gonzalez, PPko Borja Senper, Carmelo Barrio, Carlos Iturgaitz, Alfonso Alonso eta Ramon Rabanera, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente Juan Luis Ibarra. Nafarroako, Kantabriako eta Errioxako gobernu ordezkariak ere egon dira ekitaldian.

Saenz de Santamaria eta Urkijo ondoan zituela egin du karguaren zina De Andresek. Gazteleraz eta euskaraz egin du, Espainiako Konstituzioaren ale zahar baten gainean, hura «gorde eta gordearazteko» hitza emanez. Adierazi du bere borondatea dela Espainiako Gobernuaren eta EAEren arteko «lankidetza» sustatzea, akordioak lortzea eta euskal gizartearentzat «gertuko bitartekari» izatea. Halaber, «terrorismoaren biktimak» babesteko konpromisoa hartu du tokiko erakundeetatik etor litezkeen «umiliazioen» aurrean.

Bestalde, Urkijori eskerrak emateko hitzak ere izan ditu, hark egin duen lana goraipatuz: «Espainiako Gobernuko ordezkaritzan arrastoa utzi du, eta kargua zorrotz eta zintzo bete du». Gogoratu du Espainiako Konstituzioa betetzea eta betearaztea dela gobernuko ordezkari baten egitekoa, eta Urkijok «sendo» bete duela zeregin hori. Txalotu egin du, gainera, bere aurrekoak karguan erakutsitako zorroztasuna, eta azken bost urteotan izan diren«liskarren» erantzule egin ditu «legea urratu dutenak».

Elkarrizketa, tresna

Saenz de Santamariaren diskurtsoa ez da oharkabe pasatu. Espainiako presidenteordeak «akordiorako» eskua luzatu du, eta «lankidetza eta leialtasuna» eskaini dizkio Eusko Jaurlaritzari. Haren ustez, politikan, «elkarrizketa» da tresna eta «akordioa» xedea, eta albo batera utzi behar dira «erasoak eta inposizioak». «Guztiok gara Estatua, eta erantzukizunez jokatu behar dugu lankidetza eta leialtasuna praktikatuz», esan du.

Hiru erronkei heldu beharko die De Andresek hemendik aurrera, Saenz de Santamariak azaldu duenez. Lehenik, Espainiako Gobernua euskal herritarrena ere badela erakustea: «Espainiako Gobernuaren belarriak eta ahotsa izan behar du hemen». Bigarrenik, «arazoei» aurre egiteko «bitartekari» lanak egitea eta irtenbideak bilatzea. Eta hirugarrenik, eztabaida publikoa sustatzea, «eraso eta jazarpenik» gabe.

Helburu horiek lortzeko pertsona egokitzat jo du Espainiako Gobernuko ordezkari berria, «estatu zentzua» ez ezik, «foru bokazioa» ere baduelako, eta Arabako ahaldun nagusi zein oposizioko buru izan denean erakutsi duelako «akordiorako gaitasuna» baduela. Haren nortasuna goraipatu du Saenz de Santamariak: «Sendotasuna, ideia argiak, elkarrizketarako eta elkar ulertzeko gaitasuna, lurraldearen ezagutza eta bere herriarekiko harreman estua ditu». Urkijorentzat ere izan ditu esker oneko hitzak, gobernuaren ordezkaritza «elkarbizitzaren,eta guztion eskubideen eta askatasunen mesedetan jarri duelako».

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea