Zazpi egun barru lekuak hustu ezean, eguneko ehun euroko isuna jasoko du ikastolak

Frederique Davous Paueko epaileak deliberatu du Ziburuko ikastolak eskolatik alde egin behar duela.

Astebeteko epea du ikastolak bertze leku bat bilatzeko
Ziburuko ikastolaren aldeko elkarretaratzea, uda hasieran.
Ziburuko ikastolaren aldeko elkarretaratzea, uda hasieran. SYLVAIN SENCRISTO

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2014ko irailak 2
Gaur izanen dute lehen eskola eguna Ipar Euskal Herriko haurrek. Ziburuko ikastolako ikasleentzat, ordea, sartze berezia izanen da aurtengoa. Izan ere, Paueko Administrazio Auzitegiko Frederique Davous epaileak atzo ebatzi zuenez, Ziburuko ikastolak Marinela auzoko eskola publikoa utzi beharko du jakinarazpena jaso eta zazpi egunera. Agindua bete ezean, eskolan gelditzen diren egun bakoitzeko 100 euroko isuna ordaindu beharko dute.

Deliberoak harridura sortu du ikastolako ordezkarien artean. Izan ere, Laida Mugikak adierazi duenez, uste zuten halako zerbait gerta zitekeela, baina ez zuten uste kanporatze epea hain azkarra izanen zenik: «Pentsatzen genuen azarora arte utziko zigula denbora, hurrengo oporrak arte, dena pixka bat lasaiago aztertzeko». Epaileak denbora askorik ez die utzi, baina. Hain zuzen, jakinarazpena jaso eta zazpi egunen buruko epean erabaki beharko dute hamabi ikasleekin zer egin. Gaur, dena den, normal hasi nahiko lukete sartzea. «Gelditzen zaizkigun zazpi egun horiek ongi aprobetxatuko ditugu, eta astea pasatuko dugu atzematen aterabideak, ezker-eskuin galdegiten», azaldu du Mugikak.

Sententzia bereziki bi punturen gainean oinarritzen da. Alde batetik, epaiketan epaileak adierazi bezala, baieztatzen du ikastola eta Ziburuko Herriko Etxearen arteko hitzarmena baliogabea zela. Urgentzia da aipatzen duen bigarren argudioa. Izan ere, sententziak dio ikastolako bi prefabrikatuek «traba» egiten dutela eskolako ikasleek azaroaren 3an sartzea egin dezaten. Testuak zehazten du udan prefabrikatu horiek egoteak obrak «gibelatu» egin dituela eta hor segituz gero arriskuan jar dezaketela eskolaren «funtzionamendu egokia». Hortaz, epaileak ondorioztatu du presazkoa dela ikastolak Marinelako eskola uztea. Mugika, ordea, ez dago ados presaren argudioarekin. Haren ustez, «gezurra da, zeren eta egiten ahal baitituzte obrak hori kendu gabe ere».

Haurrentzako alternatiba

Bi puntu horiez gain Seaskako kideak gehien harritu dituena da sententziak diola Ziburuko ikastolako haurrek badutela alternatibarik. «Agindu honek kontuan hartzen ditu Seaskak Ziburun hartu nahi zituen hamabi haurren interesak», dio sententziak. Bi alternatiba aipatzen ditu Ziburuko ikastolako haurrentzat: alde batetik, erraten du Ziburuko Herriko Etxeak eskaini diela behin-behinean eskola publikora joatea. Aukera horrek ez du kontuan hartzen, ordea, haurren gurasoek egindako hautua, hots, euskaraz ikastea. Izan ere, Ziburuko eskola publikoan ez dago irakaskuntza guziz euskaraz egiteko aukerarik.

Zibururen mugakide diren Donibane Lohizune eta Urruñako ikastoletara joatea aipatzen du, bestalde, sententziak. Zehazki, erraten du ikastolako ordezkariek auzian baieztatu zutela badagoela haurrentzako lekua ondoko bi herri horietako ikastoletan.

Ikastolako ordezkariek, alta, gezurtatu egin dute azkeneko puntu hori. Mugikak adierazi duenez, «epaileak gaizki ulertu du, zeren eta Paxkal Indok justu alderantzizkoa erran zuen; erran zuen ez dela lekurik Donibane eta Urruñako ikastoletan». Hur Gorostiaga Seaskako zuzendaria ere kexu agertu da testuaren zati horregatik: «Paxkal Indok ez zuen batere hori erran, baina epaileak bere burua zuritzen du».

Galdea herriko etxeari

Ziburuko ikastolaren aurkako sententziak ez du zehaztapenik ematen herriko etxeak hartu beharreko ardurari buruz. Mugikak azaldu duenez, epaileak ezin zuen halakorik egin: «Epaiketa zen bakarrik Marinelan genuen hitzarmenari buruz: egoten ahal garenez edo ezin garenez egon».

Hala ere, Seaskako eta Kaskarotenia ikastolako kideek argi dute herriko etxeari eta Guy Poulou auzapezari eskatuko diotela bertze aterabide bat bilatzeko. «Berriro ere herriko etxeari galdegiten diogu zerbait proposatzea», tematu da Mugika. «Bilkura bat galdeginen diogu: azken aukera, elkarrekin hitz egin eta herriko etxeak zerbait egin dezan».

Herriko etxeak hitz egiteari uko eginen badio ere, ez dute geldirik egoteko asmorik. «Guri ez zaigu burutik pasatzen ikastola ixtea: ez da posible. Ez dugu hau dena egin gero ikastola ixteko», esan du Mugikak. Bestalde, instituzioen babesa nabarmendu du, eta oroitu du Frantziako Hezkuntza Nazionalak ordaintzen duela Ziburuko ikastolako irakaslearen soldata, eta inspektoreak «begi onez» ikusten duela.

Atzo arratsaldean bildu ziren ikastolako gurasoak ikastolako zein Seaskako arduradunekin, aitzina begira dauden aukerak aztertzeko.

Sare sozialetan babes zabala izan zuen atzo arratsaldean Ziburuko ikastolak: bertzeak bertze, EH Bilduk, Euskal Herrian Euskaraz-ek eta Seaskaren Lagunak elkarteak sostengatu dute.