Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua Txinaren atzerako saltoa

Publizitatea

Mundua

Txinaren atzerako saltoa

Liu Xiaobo hil eta hilabetera, bere horretan da giza ekintzaileen egoera Txinan. Liu Xia askatzeko eskatu du AIk. Atxilotu eta eraso egin diete hainbat laguni
Hong Kongo Sozial Demokraten Ligako kideak, Liu Xiaoboren irudiarekin, haren omenezko ekitaldi batean.
Argazkia: ALEX HOFFORD / EFE

2017-08-12 / Zigor Aldama

Liu Xiaobo hil zela hilabete izango da bihar. Haren aldeko hiletan ikusi ahal izan zen azkenekoz Liu Xia. Xiaoboren emaztea bakartuta daukate ordutik; inork ez daki zehazki non dagoen. Amnesty International erakundeak, bada, 70.000 sinadura bildu ditu aska dezatela eskatzeko. Xi Jinping Txinako presidenteari igorri dizkiote eskutitzak. Lisa Tassi AIko Asia Ekialderako zuzendariak eman du egoeraren berri: «Zigor krudela ezarri diote senarra babesteagatik, amore ez emategatik, eta hura ere isilarazteko saikera egiten ari dira orain, mendeku gisa». Xiaoboren legatua, baina, ezingo du inork ezabatu. Azken asteetan, ehunka lagun elkartu dira ekintzailea omentzeko, eta hainbat eta hainbat lagun atxilotu dituzte horregatik; Canton eskualdean, sei lagun atxilotu dituzte itsasertzean egiten ari ziren zeremonia batean.

Hong Kongen ere ekitaldi ugari egin dira azken asteetan. Eta Txinako eskualde administratibo bereziraino iritsi da jazarpena, hogei urtez autonomia zabal batean aritu bada ere. Howard Lam Alderdi Demokratikoko buruak salatu duenez, polizia txinatarrek bederatzi orduz atxiki zuten: joka ibili ostean, substantzia bat eman zioten, eta hondartza batean aske utzi gero. Mehatxu egin zioten Liu Xiarekin harremanetan jarriz gero bila joango zitzaizkiola.

Erreformarik gabe

Liu Xiaobo 11 urteko kartzela zigorrera kondenatu eta urtebetera hil zen. Bakearen Nobel saridunaren krimen bakarra izan zen galdegitea bete zedin Txinako Konstituzioaren 35. artikulua: prentsa eta adierazpen askatasunak babesten dituena. 08 Gutuna sinatu zuten zerrendan lehen izena zen berea, eta, haren bidez, demokrazia parlamentario bateranzko trantsizioa eskatu zuten; erreforma politikoak, alegia.

Kartzelan zortzi urte beteak zituelarik hil zen, joan den uztailaren 13an, Shenyangeko ospitalean; hara eramana zuten, kartzelan beranduegi diagnostikatu ziotelarik fase terminalean zuela gibeleko minbizia.

Ai Weiwei artista ospetsuak ere ondo daki zer den Txinako Gobernuari aurpegi ematea; Liurekin batera idatziriko testu hura sinatu zuten 600 lagunetako bat da. Hain zuzen, garuneko traumatismo larri bat izan zuen, segurtasun indarretako kide batek emandako kolpe batek eragina, Sichuanen 2008an izandako lurrikaran goitik behera etorri ziren eskoletan zer gertatu zen ikertzen aritu ostean; Alemanian operatu behar izan zuten. Handik lau urtera, inolako arrastorik utzi gabe desagertu zen, legez kanpo atxikita eduki zuten 81 eguneko aldian, haren enpresaren kontra zerga ihesagatiko karguak formalizatu ere baino lehen. Eta hark ziur dio horrek guztiak zerikusi zuzena duela sekula iristen ez diren erreforma politiko horiek galdegin izanarekin.

Aik nabarmendu duenez, eskuratu berri duen botere ekonomikoa du Txinak arrazoi nagusietako bat harrokeriaz eta nazioartearen errepresalien beldurrik gabe jokatzeko, hala jokatu nahi badu.

Eta ez dirudi Txinako presidente Xi Jinpingek inolako asmorik duenik lema kolpe bat emateko. Hain zuzen ere, 2013an kargua hartu zuelarik, askok erreformista deitu zioten, uste izan zutelako huraxe izango zela Txinako sistema politikoa lasaituko zuen gizona. Alabaina, lehenbiziko legegintzaldia amaitzear duela, boterea pilatu baino ez du egin, eta errepresio politikoa areagotu.

Halako pertzepzioa dute Kanadako Gobernuaren txostenaren arduradunek ere, zeina esku artean izan baitzuen herrialde horretako prentsak duela egun batzuk. Txosten horretan, zorrotz diote hau: «Bi urteotan, Txinan atzera egin du, argi eta garbi, giza eskubideen errespetuak».Esaterako, hala dio txostenak: «2016ko martxoan, presidenteak herrialdeko telebista kate nagusiak bisitatu zituen, eta haietako kazetariei esan zien Alderdi Komunistaren zerbitzura aritu behar dutela, eta haren lidergoa errespetatu».

Txinako kartzeletan 49 kazetari eta blogari daude, eta atzerriko kazetariek ere sarritan salatu izan dute agintariak jazartzen zaizkiela eta, are, nahierara ere atxilotzen dituztela lanean dihardutela. Kanadako Gobernuak alderdi on bakarra ikusten du Txinan: exekuzioak nabarmen murriztu bide direla, nahiz eta horien kopurua estatu sekretua den oraindik ere.

Internet

Internet mugatzea da eskubideen murrizketaren beste adibide bat. Txinan software berezi bat sortu dute, harresi zibernetiko handia gainditzeko, hau da, zentsurari ihes egiteko, baina buruzagiek erabaki dute errotik konpontzea arazoa eta datuen hornitzaileei galdegitea errotik moztu ditzaten software horietarako sarbide pertsonalak, oraintxetik hasi eta datorren urteko otsailera bitarte.

Ai Weiweiren ustez, Internet da demokraziarako bidea egiteko armarik ahaltsuena: «Kutxa zigilatu honetan mundura begira dugun leiho bakarra da, eta aldaketa bultza dezakeen osagai bakarra. Horregatik da gobernuaren kezka iturri, eta horregatik ahalegintzen da Internet isilarazten, herritarrek ez dezaten izan inolako adierazpiderik».

Txina bakartu egingo dela uste du, hala ere, Leung Chung-hang-ek, Hong Kongeko Youngspiration alderdi independentistako parlamentariak: «Beste erakusgarri bat baino ez da, alegia, erregimena nola biltzen ari den bere barnera. Horrek frogatzen du, halaber, ez dituela martxan jarri denek espero zituzten erreformak, ez eta jarriko ere».

Ez alferrik, 1980an, Deng Xiaoping erabaki zuelarik maoismoa amaitzea, atzerriko analistak bat etorri ziren: denbora kontua baino ez dela irekiera ekonomikoak erreforma politikoei bide ematea, baina, orduz geroztik, berdin erantzun izan diote aktibismo orori: altzairuzko ukabilaz. Berdin dio feministak diren, langileak diren, aktibistak diren, edo disidenteak diren, eskean dabiltzanak demokrazia ezar dezaten. Guztiak ere atxilotu egiten dituzte, edo kartzelan giltzapetzen, sarritan bi delituz akusatuak, zeinen definizioa bera nahikoa zehaztugabea baita gobernuari deseroso zaion edonoren kontra egiteko arma gisa baliatzeko ere: estatuaren kontra matxinatzea eta desordena sozialak eragitea.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak