Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Ekonomia Zuberoatik Gipuzkoara

Publizitatea

Ekonomia

Zuberoatik Gipuzkoara

Maulen sortu zuten Elkar, bi lagunen artean, eta gaur egun bulego bat dute Baionan eta beste bat Ordizian. Hego Euskal Herrian dibertsifikatzeko parada ikusten dute
Elkarreko arduradunak, enpresaren lan sailak erakusten bezeroei, hilaren hasieran.
Argazkia: JOANES ETXEBARRIA

2017-04-21 / Joanes Etxebarria

Industria azkarra du Gipuzkoak, eta ahula Zuberoak. Baina, uste zabalduen aurka, Zuberoa ez da basamortu bat industriarentzat, eta badira merkatu eta aukera berrien bila Zuberoatik Gipuzkoara zabaldu diren enpresak ere. Zehazki, Mauletik Ordiziarako bidea egin du Elkar ingeniaritza enpresak.

Elkar bi ingeniari gaztek sortu zuten, 2005ean. Berriki egin dituzten ate irekitzeetan, 27 pertsonako lantaldea eta hiru egoitza dituen enpresa zuten aurkeztu haien bezeroen aitzinean. Epe laburrean hainbat urrats egin dituzte Jean-Jacques Karrikiribordek eta Beñat Elkegaraik haien lantaldeekin.

Maulen lan berdintsuan ari diren enpresa gehienak bezala, hegazkingintzako azpitratatzaile lanetan hasi zen Elkar, ingeniaritzan. Gaur egun, hasieratik egiten zutenaz gain fabrikazio eta metrologia sailak sortu dituzte, robotikan lehen urratsak egiteaz gainera. Ate irekitzeen helburuetarik bat zen ikusaraztea Elkar zehazki zer zerbitzu mota eskaintzeko gai den, haien bezeroek sail bat edo beste baizik ez bazuten ezagutzen. Bisitara joan zirenen artean, berriz, Frantziako enpresetako ordezkariak eta gutxi batzuk Hego Euskal Herrikoak.

Sektoreen mugak gaindituz

Elkar mugak gaindituz joan da handituz. Hegazkingintzan abiaturik, Tolosako (Okzitania) eta Bordeleko gune industrialak ziren erreferentzia, baina bi zuberotarrak Euskal Herriko beste merkatuetara so ere jarri ziren lan berrien bila joateko. Karrikiribordek oroitu duenez, Baionara batetik: «Estrategikoki behar genuen Mauletik harago joan, zeren Mauletik dena kudeatzea ez baita aisa. Behar genuen zentro batean egon. Lehen ideia zen Baionan behar genuela metrologia zentro bat plantatu, han ez baitzen halakorik».

Ondotik, Gipuzkoara eta, zehazki, Goierrira: «Hemen lan gehiena aeronautikatik heldu zen, eta nahi genuen sektore horretatik kanpo zerbait egin. Han, trengintza bada, CAFekin besteak beste, autobusetan Irizar, eta energien aldetik ere badira gauzak egiteko. Ikusi genuen han izugarri azkar direla industria mailan».

Intentzio horrekin hartu zuten Ander Sarasola goierritarra Maulen, urte batez lehenik, «Elkarren martxa hartzen», haren erranetan, Ordizian bulego bat sortzeko gero. Gaur egun, lau langile dituzte Ordizian, eta beste hainbeste Baionan. Sektore berrietan lehen urratsak baizik ez badituzte ere egin oraingoz, horietan garatzeko nahia dute. «Ikusten dugu lanjera badela; hartzen badugu bezero bat bakarrik eta momentu gaitzak iragaten baditu, guk sufritzen dugu gibeletik».

Muga gainditzeak ez die zailtasun handirik ekarri. Sarasolak dioenez, «zailtasunak egotekotan administratiboak izan daitezke», baina hoberena da hizkuntzarekin ez dagoela arazorik: «Oso enpresa euskalduna izanda, gure tresna euskara da, eta horrekin ez daukagu arazorik».

Lau langileko Ordiziako adarra hasi berria da, baina Mauleko egoitza nagusian dauden azpiegiturak baliatzen dituzte, Sarasolak dioenez: «Hemen [Maulen] hiru zerbitzu daude, eta han [Ordizian] ingeniaritza bakarrik, oraindik langile kopuru oso txikia garelako. Baina hemengo zerbitzuez baliatzen gara: metrologia zerbitzua daukagu, eta, fabrikazio konplexua baldin bada, hemen fabrikatzen ditugu gure tresnak».

Ez da ohikoa Zuberoako enpresa bat Gipuzkoara hedatzea, eta, distantziaz galdeturik, Sarasolak umorez erantzun du: «Zailtasuna bi orduko bidea da; hortik aurrera, ez». Bestelako zailtasunetan Espainiako lan legediarena aipatu du enpresako nagusiak, baina hori kontabilitate enpresa batekin lan eginez gainditu dute.

Bi sortzaileetatik 27ko lantaldera jauzi egiteko urrats desberdinak egin dituzte. Zerbitzu gehiago eskainiz batetik, geografikoki hedatuz eta teknologiaren abiadurari jarraikiz. Joan den astean, berriki abiatu lan ildo bat ikustera eman zuten Maulen. Eskualdeak manaturik, plater desberdinak ezagutu, hartu eta biltzen dituen robotaren gaitasunak erakutsi zituzten.

Kuriositateaz harago, bezeroen eskakizun zorrotzei ihardetsi nahi dietela zehaztu du Karrikiribordek: «Geroz eta haboro ikusten dugu bezeroek nahi dutela produktu bat finitua. Orain behar dugu dena asmatu: mekanikoki, fabrikazioa egin eta denak integratu —eskaerak, elektronika, informatika...—. Bezeroa geroz eta zorrotzagoa da, teknologiak zale aldatzen dira, eta guk ere jarraiki behar dugu».

Produktu baten bila

Bide berri gehiago urratzeko nahia ere agertu dute bi buruzagiek. «Orain arte zerbitzuan ari gara, baina nahi genuke edo marka bat sortu, edo produktu bat, edo tresna bat, baina guk asmatu eta guk merkatura zabaldu». Produktu propioarena, aldiz, Karrikiribordek erran du heldu diren «bost eta hamar urte artean» egingarri ikusten duela.

Enpresaburuak ez du ahazten lehentasuna gaur egun Elkar osatzen duen lantaldea mantentzea dela: «Hiru arduradun badira, bat lantalde bakoitzeko. Izugarri ontsa joaten da. Gehienak zuberotarrak dira, batzuk Donapaleukoak... kasik adiskideak bezala gara. Giro ona bada».

Orain arteko dinamikarekin baikor izanik ere, merkatuaren gorabeherak ez dituzte menderatzen, eta horri ere aurre egitea desafioa zaio Karrikiriborderi: «Ez dakigu nolakoa izanen den urte hondarra edo heldu den urtea. Ni geroz eta haboro kontzentratuko naiz lan komertzialean, lana sarrarazteko izan dadin beti lana talde horien atxikitzeko. Ez naiz sobera lotsa, uste dut helduko garela». Azken hamar urteetan, gaurko lantalde eta azpiegituretara heltzeko, bi milioi euroren inbertsioak egin ditu Elkarrek.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak