Noiz sortua: 2017-03-22 00:30:00

Negoziazio kolektiboaren blokeoa kalte egiten ari zaio pentsio osagarrien sistemari

2016an 870 milioi euroren ekarpenak jaso zituzten BGAEek, eta lehen aldiz ondarea 24.000 milioi eurotik gorakoa da. BPGaren herena ordezkatzen du
BGAE federazioko arduradunak, atzo.
BGAE federazioko arduradunak, atzo. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Lander Muñagorri Garmendia -

2017ko martxoak 22
Negoziazio kolektiboaren blokeoa albo kalte ugari eragiten ari da lan esparruan, eta egoera hori pentsio osagarrien kasura ere iritsi da. Hala adierazi zuen atzo Ignacio Etxeberria BGAE fundazioko presidenteak. Borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeek inoizko ondarerik handiena lortu dute, eta 2016an lehen aldiz 24.000 milioi euro biltzera iritsi dira, BPGaren %33,7 ordezkatzeraino. Joan den urtean bakarrik, 870 milioi euroren ekarpenak jaso zituzten pentsio osagarrien erakundeek, baina, balorazioa egiteko garaian, ikuspegi negatibo hori gehitu dio Etxeberriak. 755 milioi eurotik gorako kuotak bildu zituzten iaz, eta arlo horretan norbanakoek egindako ekarpenek %4 egin zuten gora, baina enpleguaren modalitateko datuak 2015eko datuen parean geratu ziren. Eta hor sumatu du negoziazio kolektiboaren blokeoa BGAE fundazioko presidenteak. «Elkarrizketen blokeoak enplegu arloko ekarpenen geldialdia azaldu dezake».

Baina, horretaz aparte, Eusko Jaurlaritzak ere ez du pentsio osagarrien inguruko sustapen kanpainarik egin, Etxeberriaren ustez, eta horrek ere eragina izan du. «Datozen urteetan Gizarte Segurantzak bere babes maila jaitsi egingo duela aurreikus daiteke, eta, guk inoiz pentsio publikoa ordezkatuko ez dugun arren, gogorarazi nahi diegu herritarrei harentzako osagarri bat beharko dela». Etorkizuneko ikuspegi batekin pentsatzeko deia egin die herritarrei horregatik. Gaur egun biztanle bitik bat da BGAE bateko bazkide.

Pentsio osagarrietan dagoen kapitalak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomiaren herena ordezkatzen du gaur egun, euroguneko herrialdeen batezbestekotik gertu. Hala ere, OCDEko %82ko batezbestekotik urrun dago oraindik.

Industriaren inbertsioak

Kapital kopuru handi bat gordetzen dute borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeek, eta, horregatik, hainbat inbertsio egin izan dituzte zenbait arlotan. Joan den urtean zor publikoan 2.450 milioi euroko inbertsioa egin zuten BGAEek, eta 311 milioi euroko inbertsioa enpresetan. Krisi garaian patronalak behin eta berriro eskatu zuen enpresak finantzatzeko funts bat sortzea, eta horretarako pentsio osagarrietan zegoen dirua erabiltzea proposatzen zuen. Eusko Jaurlaritzak datozen urteetan proposamen hori gauzatzeko asmoa erakutsi du, eta, Etxebarriak esan zuenari jarraikiz, BGAEek ez diote ukorik egingo halako ekinbide bati. «Inbertsioak egiteko eskatu izan diguten guztietan egin dugu ahalegina, baina kontuan hartu behar da diru hori herritarren aurrezkiak direla».

Hala ere, gaur-gaurkoz oraindik proposamen zehatzik ez dute jaso. «Erakunde batzuek hitz egiten dute gaiaz, eta egin beharko litzatekeena aipatzen dute, baina guk oraindik ez dugu proposamen formalik jaso». Funts hori sortzeko mahaiaren bueltan esertzeko zain daude, beraz, borondatezko gizarte aurreikuspenen erakundeak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna