Albistea entzun

Zalantzak aldarrikatuz

Ada Colau Bartzelonako alkatearentzat, Kataluniako galdeketak «presaka» egin delako itxura du. Generalitateak «lasaitasuna» eskatu die funtzionarioei
Iazko Diadan, irailaren 11n, Bartzelonan dozenaka milaka lagun batu zituen ANCk eta Omnium Cultural erakundeek antolatutako mobilizazioak.
Iazko Diadan, irailaren 11n, Bartzelonan dozenaka milaka lagun batu zituen ANCk eta Omnium Cultural erakundeek antolatutako mobilizazioak. TONI ALBIR / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Igor Susaeta -

2017ko uztailak 12

Bai Kataluniako galdeketa hauspotzen dutenek, eta bai horren aurka daudenek Ada Colau Bartzelonako alkatea kritikatu dute azken egunetan. Beraz, batzuek zein besteek leporatzen diotenari erantzuteko, eta erreferendumaz, are prozesuaz, duen iritzia plazaratzeko, mezu bat argitaratu zuen atzo, Facebookeko bere kontuan. Erreferendumari buruzko zalantzak dauzka Colauk, eta, gainera, horiek aldarrikatzen ditu, «bidezkoa baita dudak edukitzea». Iruditzen zaio, gainera, Kataluniako Gobernuak datorren urriaren 1erako deitutako galdeketa «presaka» egin delako «itxura» daukala. «Ez dut bat egiten 'edo orain edo inoiz ez'-arekin, horrela jendea engainatzen dela uste baitut».

Colauk, dena den, erreferendumari, «edo dena delakoari», lagunduko diola eta horretan parte hartuko duela jakinarazi zuen herenegun. Horren harira mintzatu zen Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordea atzo Espainiako Kongresuan, eta, hura aipatu ez zuen arren, ohartarazpen bat egin zion Bartzelonako alkateari: «Erraztasunak ezin daitezke funtzionarioentzako zailtasun bilakatu». Izan ere, Espainiako Gobernuarentzat «ilegala» da erreferenduma, eta, haren arabera, hori antolatzen duen orok, funtzionarioek kasu, legezko ondorioei aurre egin beharko diete.

Neus Munte Kataluniako Gobernuko bozeramaileak, baina, «lasaitasuna» eskatu die funtzionarioei, eta berriro adierazi du Generalitateak horiek babestuko dituela. Gogoan izan zuen, era berean, Kataluniako tokian tokiko 993 erakundeetako 1.500 funtzionariei Madrilek bidalitako gutuna. Horretan eskatzen zaie ez dezatela galdeketaren antolakuntzan parte hartu. Munteren iritziz, «mehatxatzen» duena Espainiako Gobernua da. «Ez dira modu koherente eta heldu batean erantzuteko gai».

Erantzun duena Colau izan da. Uztailaren 2an, Kataluniako El Periodico egunkarian argitaratutako elkarrizketan, ondokoa adierazi zuen: «Zaila dirudi hain denbora gutxian erreferendum on baterako baldintzak egotea». Besteak beste, horregatik kritikatu dute batzuek zein besteek. «Junts Pel Sik eta CUPek demokraziaren kontrako aldean jartzeaz akusatu gaituzte azken egunetan, eta baita PSCk, Ciutatansek eta PPk; baina kontrako arrazoiengatik!», idatzi zuen, atzo, Facebooken. «Eztabaida zintzoa» aldarrikatzen duenez, pentsatzen du zilegi dela «planteamendu bitarikoak» ez onartzea. Gauza bat argi dauka Bartzelonako alkateak: «Urriaren 2an, 1ean edozer gertatuta ere, Katalunia elkarrekin aurrerarazi beharko dugu, bestela denok porrot egingo baitugu».

Eta planteamendu horretan, alboan dauka Pablo Iglesias. Atzo, Podemoseko buruak defendatu zuen Kataluniako instituzioek erreferenduma «baliabide guztiak erabilita» ahalbidetzea. Halere, ez zion galdeketa deitu, «mobilizazio politiko legitimoa» baizik; ez zaiola loteslea iruditzen, alegia. Joan den ostiralean adierazi zuen, dena den, katalana izango balitz ez lukeela galdeketan parte hartuko.

Hautetsontziak

Erreferendumerako hautetsontziak lizitatzeagatik Meritxell Borras Gobernazio kontseilariaren aurka kereila zabaldu zuen Kataluniako Fiskaltzak joan den ekainaren 13an, eta, atzo, Kataluniako Auzitegi Gorenak adierazi zuen kontseilaria ikertzen jarraituko duela. Munteren ustez, ikerketak ez du oinarri juridikorik. Generalitateak, duela bi aste, bertan behera utzi zuen hautetsontziak erosteko lehiaketa. Bozeramaileak nabarmendu du horiek «zuzenean» erosten hasi direla.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Letoniako armadako soldadu bat, Bielorrusiarekiko mugan, burdin harizko hesi labanaduna altxatzen. ©VALDA KALNINA / EFE

Zigor gehiago Bielorrusiari

Gorka Berasategi Otamendi

Bruselak Lukaxenkoren gobernuaren kontrako neurri «murriztaileagoak» hartuko ditu, migratzaileei EBrako bidea errazteagatik. Mugetan hesiak finantzatzearen aurka mintzatu da Von der Leyen
 ©Maialen Andres, FOKU

“Gure taldearen gisakoek alde egitea nahi du Greziako Gobernuak"

Maria Ortega Zubiate, Gipuzkoako Hitza

Elkarte gastronomikoetako lapiko eta zartaginen artean hasi zen sukaldean Garcia Amiano; gaur egun, Europara sartzeko zain dauden milaka iheslariri ematen die jaten. Gastronomia bokaziotik militantziara eramanez egin du ibilbide luzea.

Gazte batzuk koronabirus proba egiteko zain, Moskun. ©MAXIM SHIPENKOV / EFE

Egunean mila hildakotik gora eragiten ari da COVID-19a Errusian

Arantxa Elizegi Egilegor

Moskun, oinarrizkoak ez diren zerbitzuak ixteko agindu dute azaroaren 7ra bitartean. Erresuma Batuan beste 40.000 kasu baino gehiago zenbatu dituzte hamargarren egunez
Guantanamoko atxilotze gunearen aurkako protesta bat, 2019an. ©EFE

AEBetako epaile batek ebatzi du preso bat legez kanpo dutela Guantanamon

Igor Susaeta

Asadullah Haroon Gul afganiarrak hamalau urte daramatza preso gune horretan. Magistratu federal batek defentsaren 'habeas corpus'-a onartu du

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.