Noiz sortua: 2017-04-19 00:30:00

Protekzionismoaren aurka, globalizazioaren galtzaileak babesteko eskatu du NDFk

Merkataritza libreak herrialde pobreei mesede egin diela dio, eta kalte egin diela herrialde aberatsetako sektore batzuei. Hazkunde iragarpenak hobetu ditu
Maurice Obstfeld, Nazioarteko Diru Funtseko ekonomisten burua, atzo, erakunde horren Washingtongo egoitzan.
Maurice Obstfeld, Nazioarteko Diru Funtseko ekonomisten burua, atzo, erakunde horren Washingtongo egoitzan. MICHAEL REYNOLDS / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2017ko apirilak 19
Nazioarteko ekonomia bide onetik atera dezakeen harri koskor bat ikusten du NDF Nazioarteko Diru Funtsak: protekzionismoa. Globalizazioa oro har munduko ekonomiarentzat ona izan dela adierazi du funtsak, baina aitortu du irabazleak ez ezik hainbat galtzaile ere eragin dituela, herrialde aberetsenetan batez ere. Finean, industriari lotutako lanpostu egonkorrak galdu eta orain enplegurik gabe edo lan prekarioekin aurre egin behar dutenak dira. Talde horiek babesteko neurriak eskatu ditu Maurice Obstfeldk NDFko ekonomisten buruak, neurri protekzionistak hartu nahi dituzten politikarien alde egin ez dezaten.

Ohi duten bezala, aurten ere apirilean egingo dituzte batzarrak NDFk eta Munduko Bankuak (MB), Washingtonen. Bileren aurretik, aurreikuspen ekonomikoak berritu ditu NDFk. Duela urtebete galdutako baikortasuna berreskuratu du aurten, eta azken iragarpenak hobetu ditu: aurten %3,5 haziko da munduko ekonomia —iazko urrian edo aurtengo urtarrilean zioena baino hamarren bat gehiago—, eta %3,6, berriz, 2018an. Maila horretatik behera geratuko dira herrialde aberats gehienak, baina baita lehengaiak esportatzean oinarritzen diren ekonomiak ere, Latinoamerikakoak, adibidez.

Baina, datuak datu, apirileko txostena protekzionismoaren aurkako aldarri bilakatu du NDFk. Izenik aipatu gabe, Obstfeldek aitortu zuen neurri protekzionisten aldeko olatu bat sortzen ari dela herrialde garatuenetan. Donald Trumpen garaipena AEBetan, brexit-a bera, Frantzian Marine Le Penek eta Jean Luc Melenchonek izan ditzateketen emaitza historikoak, Italian Bost Izar mugimenduak duen indarra... azken hamarkadetan nagusi izan den globalizazioarekin era batera edo bestera hausteko eta herrialdeak bere baitan biltzeko gogoa erakusten duten mugimenduak dira.

Horien aurrean, globalizazioaren defentsa sutsua egin du NDFk, eta nabarmendu du horri esker lehen pobreak ziren herrialde batzuk jada «diru sarrera handiko herrialde» bilakatu direla. Prozesu horrek, ordea, baina handi bat duela aitortu du: «Herrialde aberatsek hazten jarraitu dute, baina azken hamar urteotan diru sarrerek ez dute izan aurreko hamarkadetako igoera ikusgarririk, eta nabarmen txikiagoak izan dira gorabidean diren ekonomiekin alderatuz gero». Hots, globalizazioak batez ere herrialde pobreei egin diela mesede, eta kalte egin diela herrialde aberatsenetako talde batzuei. «Hortaz, ez da harrigarria herrialde pobreenetan iritzi positiboagoak izatea nazioarteko merkataritzak enpleguetan eta soldatetan izan duen eraginari buruz».

«Presio protekzionistei amore ematea geure buruari zauria egitea izango litzateke», ohartarazi du NDFk: «Prezio handiagoak ekarriko lituzke, produktibitate txikiagoa eta, hortaz, diru sarrera txikiagoak familia gehienentzat». Hori ikusita, Obstfeldek gobernuei eskatu die indarrean jar ditzatela «nazioarteko merkataritzaren irabaziak hobeto banatzeko» politikak: hala nola langileen trebakuntza eta hezkuntza hobetzea, «lagungarri denean» zerga progresiboagoak ezartzea, eta langileen mugimenduak errazteko etxebizitza eta mailegu politikak aldatzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Iker Aranburu

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna