Masek, Rigauk eta Ortegak helegitea aurkeztuko dute A-9ko epaiaren aurka

Espainiako Konstituzioan jasota dauden eskubideak urratu zaizkiela argudiatu dute. Forcadellen helegitea atzera bota du Kataluniako Auzitegi Gorenak
Carles Puigdemont, Artur Mas, Joana Ortega eta Irene Rigau, atzo, Kataluniako Gobernuaren asteroko bileran.
Carles Puigdemont, Artur Mas, Joana Ortega eta Irene Rigau, atzo, Kataluniako Gobernuaren asteroko bileran. ALBERTO ESTEVEZ / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ander Perez Zala -

2017ko martxoak 22

Kataluniako presidente ohi Artur Masek eta haren kontseilari izandako Joana Ortegak eta Irene Rigauk helegitea aurkeztuko dute A-9ko epaiaren aurka, Espainiako Auzitegi Gorenean. Hiru politikari kataluniarrek argudiatu dute Espainiako Konstituzioan eta Giza Eskubideen Europako Hitzarmenean jasotako eskubideak urratu zaizkiela. Kataluniako Justizia Auzitegi Gorenak bi urteko inhabilitazio zigorra ezarri zion Masi, 21 hilabetekoa Ortegari, eta hemezortzikoa Rigauri, 2014ko azaroaren 9ko galdeketa antolatzeagatik.

Txosten bana bidali dute hiru politikarien abokatuek Kataluniako Gorenera. Masen abokatu Javier Melerok argudiatu du Auzipetze Kriminalerako Legearen artikuluak urratu dituela Kataluniako Gorenaren erabakiak, baita Espainiako Konstituzioaren bost artikulu ere, tartean 16. artikulua —ideologia askatasunari buruzkoa— eta 24. artikulua —errugabetasun presuntzioari buruzkoa—. Ortegaren abokatu Rafael Entrenak gehitu du Zigor Kodeko artikulu batzuk ez direla aplikatu. Rigauren abokatu Jordi Pinak, berriz, Giza Eskubideen Europako Hitzarmena urratu dutela argudiatu du, orotara hamabost arrazoi emanez.

Hiru letraduek uste dute frogak praktikatzean «hutsegite larriak» izan direla, eta ez zirela defentsak eskatutako diligentzia batzuk aurrera eraman. Laburbilduz, argudiatu dute epaiak «hutsegite larriak» dituela, eta zigortuen askatasunak urratu dituztela. Entrenak iragarri du Giza Eskubideen Europako Auzitegira joko dutela Espainiako Gorenak zigorrak berretsiz gero. Kataluniako Fiskaltza Gorenak ere helegitea aurkeztua du, hiru politikariak prebarikazio delituagatik errugabetu zituztelako. Haren ustez, delitu horiengatik ere zigortu behar dira.

Erabaki «justua»

A-9ko epaiari buruz lehen aldiz mintzatu da Kataluniako Goreneko presidente Jesus Maria Barrientos, hain zuzen ere, hiru agintariei emandako zigorrak defendatzeko. Adierazi du erabaki «justu» batera hurbildu direla inhabilitazio zigorrekin, eta horren «erakusle» dela bi aldeek helegiteak aurkeztu izana, Ara egunkariak zabaldu duenez. Barrientosek uste du «badaezpadako» neurria dela fiskaltzak helegitea aurkeztu izana, Francesc Homsen aurkako Espainiako Gorenaren erabakiaren zain dauden bitartean. Bitartean, Kataluniako 200 bat legelarik sinatutako manifestu bat aurkeztu zuten atzo; bertan salatzen dute subiranotasunari buruzko eztabaidan «zorroztasun juridiko falta» izan dela nagusi. Sinatzaileen artean daude Espainiako Konstituzionaleko presidenteorde ohi Eugeni Gay Montalvo eta Bartzelonako Auzitegiko presidente ohi Javier Bejar.

Mas, Rigau eta Ortegak helegitea aurkeztuko dutela jakinarazi duten egun berean, Kataluniako Gorenak berretsi egin du Kataluniako Parlamentuko presidente Carme Forcadell ikertzeko erabakia, haren helegitea atzera botata. Auziaz arduratzen den aretoaren arabera, estatuarenak ziren eskumenak «argi eta garbi eta nahita urratu» zituen erreferenduma ahalbidetu zuten ebazpenak bozkatzea erabaki zuenean.

Konstituzionalaren aginduak ez betetzea egozten die fiskaltzak Forcadelli eta mahaiko gainontzeko kideei, Lluis Maria Corominasi, Anna Simori eta Ramona Barrufeti.

Puigdemont, Senatuan

Puigdemontek, bestalde, eskaria egin zion herenegun Espainiako Senatuari, bertan independentziari buruzko hitzaldi bat emateko. Eguna ere proposatu du: apirilaren 24an, arratsaldean. Ganberako presidente Pio Garcia Escuderok erantzun dio eskaria Senatuaren mahaiak aztertuko duela, datorren astean erantzuteko. Elkarrizketarako «urrezko aukera» da Puigdemontek proposatutakoa, Kataluniako Gobernuaren ustetan. «Beharrezkoa balitz, eguna eta formatua aldatzeko prest dago presidentea. Helburua ez da propaganda egitea», ziurtatu du Neus Munte presidenteordeak.

Hiru zigortuak Kataluniako Gobernuaren asteroko bileran izan ziren atzo, «pedagogia» egiteko. Munteren ustetan, egungo gobernua Masenaren «ondorengo duina» da.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Neurri bereziak dituen taberna bat, Donostian. ©Gorka Rubio / Foku

Gaueko aisialdiaren mugen aurkako salaketa jarriko dute Bizkaiko eta Gipuzkoako ostalariek

Andoni Rekondo Izagirre

Uste dute 01:30ean ixteko agindua «neurrigabea» dela, eta laguntza ekonomikoak galdegin dituzte.

Osasun langileak PCR probak egiten Donostiako Okendo kultur etxean, ostiralean. ©Gorka Rubio/FOKU

353 positibo atzeman dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Berria

Bizkaian behera egin dute kasuek: 211 positibo izan dira.

Bizkaiko zahar etxe bateko egoiliarrak paseoan. ©Marisol Ramirez/FOKU

Bilboko zahar etxe bateko zortzi egoiliarrek positibo eman dute

Olatz Esteban Ezkati

Birjinetxe zentrora eraman dituzte kutsatu diren egoiliarrak; eta hainbat langile bakartu dituzte, haiek ere positibo eman ostean.

 ©Raul Bogajo / Foku

Lanbidek Zaramagako eta Laudioko bulegoak itxi ditu, bi langilek positibo eman ostean

Andoni Rekondo Izagirre

Bulegoetako gainerako beharginak ere etxera bidali dituzte berrogeialdia pasatzera. Bitartean, kudeaketak webgunearen bitartez egin ahal izango dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna