Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua Egunez egun protestei eutsiz, chavismoa atakan jarri nahi du Venezuelako oposizioak

Publizitatea

Mundua

Egunez egun protestei eutsiz, chavismoa atakan jarri nahi du Venezuelako oposizioak

Asteazkenean hiru lagun hil ziren, eta lasaitzeko eskatu du EBk. Nazioartean aliatuak galtzen ari da Maduro, baina herri xehearen babesa du Venezuelan
Istiluak oposizioak deitutako elkarretaratzeetan izan dira; Poliziak ez die utzi Caracasko erdigunera eta gobernuaren eraikinetara hurbiltzen.
Argazkia: M.GUTIERREZ / EFE

2017-04-21 / Samara Velte

Venezuelako krisi politikoaren erdian iritsi da Caracasera Yair Cybel gazte argentinarra, Latinoamerikako telebista kate nagusietako batean ekoizle gisa lan egitera. Etxetik ekarritako egunkaria darama oraindik besapean: «Egia esan, Venezuelari buruz irakurtzen nuena eta hemen bizi dudana nahiko desberdina da. Kanpora, kaosa dagoela erakutsi nahi dute batzuek, baina eguneroko egoera, kalean, lasaia da».

Herenegungo protestak ezohikoak izan zirela nabarmendu du. Apirilaren 19ko data historikoa baliatuz —Venezuelaren independentzia gerra hasi zen eguna—, martxa handiak antolatu zituzten oposizioak eta gobernuak. Cybelek lantokitik behatu zituen biak: «Oposizioarena oso handia izan zen, zalantzarik gabe. Baina chavismoak ere bete zuen Bolivar etorbidea, ia bi kilometrokoa». Atzo deialdi berberak egin zituzten, eta irudi antzekoak heldu ziren: oposizioko manifestariak Poliziarekin liskartuta, Caracasko erdigunera heldu nahirik.

Protesten helburua «desegonkortasun giroa» sortzea dela uste du Cybelek: «Horrek indarkeria dakar, eta indarkeriak nazioarteko komunikabideetarako irudiak sortzen ditu». Astetik astera, apur bat gehiago tenkatzen du Venezuelako oposizioak gobernua itotzen duen soka. Chavismoa diktadura bihurtu dela irudikatzen ahalegindu da hasieratik, Nicolas Maduro presidentearen menpe jazarpen politikoa sufritzen duela salatuz. Gobernuaren jarraitzaileek «atzerritik sustatutako estatu kolpea» ikusten dute ekinbide horiengan, eta Hugo Chavez zenaren iraultza bolivartarra defendatzera irten dira kalera.

Azken egunotan maila bat gehiago igo da tentsioa. Asteazkenean hiru gazte hil ziren oposizioak deitutako elkarretaratzeetan; haietako bat, adingabea. Europako Batasunak ere eskatu die «venezuelar guztiei egoera baretzeko», eta gatazkarekiko «irtenbide demokratikoak» bilatzeko. Halakorik nekez irudika daiteke oraingoz. Maduro prest agertu da auzia hauteskundeetan ebazteko, baina MUDek haren aurkako erreferendum bat nahi du.

Legebiltzarraren auzia

«Venezuelako oposizioa» deitu ohi zaiona MUD Batasun Demokratikoko Mahaiaren inguruan antolatuta dago, eta haren bozeramaileak herrialdeko sektore kontserbadoreeneko ordezkariak dira; hiriguneetako klase ertain-altuetako eta Chavez aurreko gobernu neoliberaletako kideak, gobernu sozialista euren askatasunen murriztailetzat daukatenak. Ezkerreko mugimendu txiki batzuk ere badira gobernuarekiko oposizioan, baina, oro har, ikusgarritasun txikia dute oposizio ofizialaren aldean.

Chavismoa PSUV Venezuelako Alderdi Sozialista Batuak biltzen du, eta hainbat alderdi txikiagoren babesa jasotzen du. «Datu bat ahaztu ohi du jendeak: hemen, klase apalenak chavistak dira. Chavezekin sartu ziren lehenbiziko aldiz politikan». Cybelen ustez, oposizioaren aldarrikapenek bide nekeza dute Venezuela barruan: «Eskuina harrotuta dago, Latinoamerikako testuinguruak laguntzen diolako: Argentinan [Mauricio] Macri heldu da agintera, Brasilen [Michel] Temer; Ekuadorren ere oso estu ibili zen emaitza. Eta, nazio mailan, petrolioaren jaitsierarekin Madurok ezin izan ditu garai bateko gizarte politika aurrerakoiak egin. Baina, egiaz, MUD dirudien baino nahas-mahas ezdeusagoa da, eta ez dauka hautagai sendorik».

Botere publikoen artetik, legebiltzarra da oposizioak kontrolatzen duen bakarra. Urte hasieratik liskartuta dago Justizia Auzitegi Gorenarekin: hark Amazonas eskualdeko lau diputaturen izendapena baliogabetzat jo zuen, eskualde hartan botoak erosi zituztela igarri ostean. Bat ofizialista zen, eta beste hirurak gobernuaren aurkakoak; hain zuzen ere, oposizioari legebiltzarrean bi hereneko gehiengoa bermatuko zioketen hirurak. Hark motibazio politikoz jardutea egotzi zion Justiziari, eta berdin-berdin inbestitu zituen diputatuak; ondorioz, auzitegiak baliorik gabe utzi zituen legebiltzarraren eskumenak. Oposizioak «kolpe judizial» gisa definitu du harrezkeroztik, eta chavismoari eskubide demokratikoak urratzea egotzi dio.

Bakoitzaren aliatuak

Venezuelan zatituta dago eskuina, baina nazioartean bozgorailu sendoak ditu. AEBekin harreman estua du —Caracasek «indarkeria sustatzeko aginte gela» izatea egotzi dio Amerikako Estatuen Erakundeari—, eta nazioarte komunikabide nagusiak sarri mintzo dira Venezuelako «preso politikoez». Iberiar Penintsulan babes nabarmena jaso du oposizioak, baita Euskal Herrian ere. Espainiako Senatuko EAJko ordezkari batek harrera egin zion atzo Yon Goicoechea oposizioko kidearen emazteari, eta babesa adierazi zion «Chavez boterera heldu zenetik egin duen gisan». Goicoechea preso dago gobernuaren aurkako ekintzak egotzita; Venezuelako komunikabideen arabera, CIAren prestakuntza jaso zuen AEBetan.

Maduro, berriz, bakarrik geratzen ari da nazioartean. Latinoamerikako bloke ezkertiarra eskuinera jotzen ari da apurka; abenduan, Venezuela Mercosurren ahotsik gabe utzi zuten Argentinak, Brasilek, Paraguaik eta Uruguaik. Herrialdeko ekonomia ere krisian dago: aurreikuspenen arabera, %679ko inflazioarekin amaituko du urtea. Horrek inportazioei eragiten die nagusiki. «Elikagai eta produktu batzuk falta dira, hori egia da», azaldu du Cybelek, «baina ez da kanpora esaten dena bezain larria». Arazoa da eskasia hori klase ertainak sumatu duela nagusiki: «Gerta liteke desodorante jakin bat topatzeko zailtasunak izatea, edo elikagai marka batzuk. Horrek sumindura sortzen du haietara ohitutako sektore handi batengan: klase ertainak, unibertsitateko jendea... Horiek desliluratuta daude gobernuarekin, baina ez dute sentitzen oposizio eskuindarrak ordezkatzen dituenik ere. Chavismoaren erronketako bat sektore horiek birliluratzea da».

Publizitatea

Sortu kontua
Samara Velte Samara Velte

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak