Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Ekonomia Aurten baino 110 milioi gehiago gastatuko ditu Nafarroak datorren urtean

Publizitatea

Ekonomia

Aurten baino 110 milioi gehiago gastatuko ditu Nafarroak datorren urtean

Ekonomiaren hazkundea eta enpleguaren sorkuntza pixka bat motelduko dira 2018. urtean. Klausula sozialak bete beharko dituzte kontratu publikoek
Mikel Aranburu Nafarroako Ogasun kontseilaria, parlamentuko agerraldi batean.
Argazkia: JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

2017-09-14 / Iker Aranburu

Udaren amaiera eta udazkenaren hasiera aurrekontuen garaia izan ohi da, lehenik gobernuentzat eta ondoren parlamentuentzat. Nafarroak giro lasaian ekingo dio eztabaida horri, ezustekorik ezean kontuak onartzeko gehiengoa ziurtaturik izateaz gain, zenbaki txukunen gainean osatuko dituelako aurrekontu horiek. Mikel Aranburu Ogasun kontseilariak atzo azaldu zuenez, Nafarroako Gobernuak 3.633 milioi euroko gastu muga jarri dio bere buruari, aurten gastatzeko asmoa duena baino 110 milioi gehiago (%3,1). Diru gehigarri hori nola banatuko duten hurrengo asteetan finkatuko dute, gobernuko sailekin eta gobernua sostengatzen duten taldeekin negoziatu ondoren.

Zergen bidez 3.733,8 milioi euro biltzea espero du Ogasunak. Horiei beste 82,8 milioi euroko zorra batu nahi dizkie Uxue Barkosen gobernuak. Nafarroako barne produktu gordinaren %0,4 da diru hori, hain justu, Espainiako Gobernuak 2018an autonomia erkidegoei ezarri dien defizitaren gehienezko muga.

3.633 milioi euroren kopururaino iristeko beste bi operazio hartu behar dira kontuan. Batetik, Espainiaren kontabilitatean egingo diren doikuntza batzuren ondoren Nafarroak beste 30,4 milioi izango dituela gastatzeko. Horrek dakar 3.847 milioi euroren gastu muga. Baina diru hori guztia ez da Iruñeko gobernuarentzat, 213,6 milioi udalen funtsean bukatuko dutelako.

Gobernuak gastatzeko izango duten diruak gehiago haziko dira ekonomia bera baino. Izan ere, Aranburuk kalkulatu duenez, 2018an %2,7 haziko da Nafarroako BPGa. Aurten baino lau hamarren gutxiago da hori, uztailean egindako azken berrikuspenean %3,1eko hazkundea iragarri baitzuen Manu Aierdi lehendakariordeak.

BPGaren hazkundearen eta zerga bilketaren hazkundearen arteko desberdintasuna azaltzen duen faktoreetako bat zerga erreforma da. «Arrakasta bat», Aranburuk aurreko agerraldi batean adierazi zuenez. 2015eko azaroan onartu zuen parlamentuak, Geroa Bairen, EH Bilduren, Ahal Dugu-ren eta Ezkerraren botoekin. Erreforma horrek errenta zerga igo zuen herritar askorentzat, eta bereziki irabazi handiak dituztenentzat, eta oso bortizki salatu dute UPNk eta PPk. Ondorioak batik bat aurten ari dira nabaritzen: urtearen lehen erdian iazkoan baino %9 handitu da bilketa. Zuzeneko zergetan antzeman da batik bat aldea —%16,5—, hots, Nafarroako erakundeen esku daudenak.

Gobernuaren iragarpenei dagokienez, BPGaren hazkunde erritmoa bezainbeste motelduko da enpleguaren sorkuntzarena, lau hamarren: %2,5 aurten, eta %2,1 datorren urtean.

Kontratu publikoen legea

Atzoko bileran ere, Barkosen gobernuak Kontratu Publikoen Foru Legea onartu zuen. Nafarroako legedia Europako arauetara egokituko dute horren bitartez. Horrela, legeak aukera handiagoak emango dizkie enpresa txikiei kontratu publikoak eskuratzeko, zatikatu egingo baitituzte. Kontratuetan klausula sozialak ere izango dira, ingurumena gehien babesten duten enpresek edo lan baldintzak zorrotzago errespetatzen dituztenek abantaila izan dezaten. Klausula sozial horien gida sindikatuekin, enpresaburuekin eta beste gizarte eragileekin negoziatu nahi du gobernuak.

Publizitatea

Sortu kontua
Iker Aranburu Iker Aranburu

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak