Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua 'Real politik' tradizionala

Publizitatea

Mundua

'Real politik' tradizionala

Trumpek AEBetako presidentetzarako kanpainan adierazpen gogorrak egin zituen Saudi Arabiaren aurka, baina aliantza sendotzera joanen da bihar Riadera
Donald Trumpek martxoan Etxe Zurian hartu zuen Mohammad bin Salman Saudi Arabiako tronuko oinordekoa.
Argazkia: MICHAEL REYNOLDS / EFE

2017-05-19 / Mikel Rodriguez

Duela urte eta erdi Alderdi Errepublikanoaren presidentegai izateko lehia betean zegoen Donald Trump. Musulmanei AEBetan sarrera debekatzea proposatu zuen orduan. «Zoritxar bat zara Alderdi Errepublikanoarentzat ez ezik, Amerika guztiarentzat ere. Erretira zaitez Estatu Batuetako presidentetzarako lehiatik, ez duzu inoiz irabaziko eta», idatzi zion Twitterren Al-Waleed bin Talaal Saudi Arabiako printzeak, erresumaren sortzaile Abdulaziz erregearen bilobak. «Printze artaburuak Estatu Batuetako gure politikariak kontrolatu nahi ditu aitatxoren diruarekin. Ezinen du hori egin ni [presidente] hautatuko nautenean», erantzun zion Trumpek. Handik urtebetera hautatu zuten presidente, eta bihar hasiko du lehenbiziko bira atzerrian. Geltokia: Riad.

Saudi Arabiaren aurkako adierazpen gogor anitz egindakoa da Trump : World Trade Center-a «leherrarazi» zutela erran izan du, emakumeak «esklabo» dituztela, «gayak hil» egiten dituztela, eta defentsa AEBen kontu uzten dutela «sosik ordaindu gabe». Kanpainan iradoki zuen Saudi Arabiarekiko politika aldatuko zuela. Riadetik, berriz, garbi utzi zuten hautagai errepublikanoa ez zutela atsegin.

Jerusalem baino lehen, Riad

Presidente kargua hartu ondoren, ordea, real politik tradizionala nagusitu da batzuen eta bertzeen artean. Trump hil hasieran errespetuz mintzatu zen Saudi Arabiari buruz, eta «islamaren bi leku santuen [Mekaren eta Medinaren] zaintzailea» dela nabarmendu nahi izan zuen. Etzi, islamari buruz hitzaldi bat ematekoa da herrialde arabiarrekin eta musulmanekin antolatu den bilkura batean. Trumpek Saudi Arabiaz zuen iritzi negatiboa egia bazen, AEBek herrialde horrekin eratu duten aliantza estrategikoak gain hartu dio. Ez da lehena izan, ordea. Barack Obama ere kritikoa zen Saudi Arabiarekin, baina presidente hautatu zutenean Ekialde Hurbilean egin zuen lehenbiziko biran Riadera joan zen lehenik. Obama bezala, Trump ere Israelera baino lehen joanen da Saudi Arabiara —astelehenean joatekoa da Jerusalemera—.

AEBek demokraziaren eta askatasunen eredutzat dute beren burua, eta Saudi Arabiak balio horien kontrako aldea irudikatuko luke. Saudi Arabiak, berriz, islamean oinarritutako moraltasun zuzen, espiritual eta garbiaren gordailutzat du bere burua, eta AEBek esportatzen duten kulturak kontrakoa ordezkatuko luke. Hala ere, elkarren artean sortu diren krisialdi guztiak gainditu ditu aliantzak, hamarkada luzetan. Bi oinarri dauzka aliantza horrek: petrolioa eta Ekialde Hurbileko estrategia geopolitikoa.

Saudi Arabiako Erresuma 1932an sortu zen, eta Etxe Zuriko diplomatikoak baino lehen ailegatu zen AEBetako petrolio industria —munduko ekoizle handiena da Saudi Arabia—. AEBek Ekialde Hurbilean Sobietar Batasunari gailentzeko bi aliatu nagusi zituzten: Riad eta Irango xah. Iraultza islamikoak, ordea, xah boteretik kendu zuen (1979), eta ondorio bikoitz bat utzi: AEBei aliatu bat kendu zien, eta Saudi Arabiari etsairik handiena sortu.

Iranen aurka

Obamak programa nuklearraren auzian akordio bat egin zuen Teheranekin, eta Riad deseroso sentitu zen detente egoera horrekin. Trumpek erretorika gogorra berreskuratu du Iranen aurka, eta horrek Saudi Arabiako agintariak poztu ditu. «Trumpek Iranen politika erasokorren aurka hartu duen jarrera babesten dugu», adierazi zuen atzo Adel al-Jubeir Atzerri ministroak. AEBetako armen industriari ere ongi doakio tentsio egoera horrekin, erosle nagusia baitu Riad. Hortaz, Trumpek «printze artaburuak» ahantziko zituen honez gero, eta seguruenik Al-Jubeirrek iragarritakoari helduko dio bihar: «Akordio politikoak eta akordio ekonomiko handiak».

Publizitatea

Sortu kontua
Mikel Rodriguez Mikel Rodriguez

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak