Albistea entzun

Espainiako Bankuaren esku dago Kutxabanken geroa

BBK-k, Kutxak eta Vitalek argudiatu diote banku zentralari ez direla bat eginda aritzen.

Horrela eragotzi nahi dute bankuaren %50 saldu behar izatea

Iker Aranburu -

2014ko azaroak 19

Bat ala hiru? Galdera xume horren erantzunak baldintzatu dezake Kutxabanken hurrengo urteotako bilakaera. Espainiako Bankuak uste badu haren hiru akziodunak, praktikan, akziodun bakarra direla, orduan zailagoa izango dute bankuaren jabetza osoari eustea. BBK, Kutxa eta Vital Kutxaren alegazioak ontzat hartu eta bakoitza bere aldetik aritzen dela onartuz gero, berriz, akziorik ez saltzeko edo gutxiago saltzeko aukerak zabalduko dira. Erantzuna aste gutxi barru jakingo da.

Atzo amaitu zen epea Espainiako Bankuak banku-fundazioen legea zehazteko prestatu zuen zirkularraren zirriborroari alegazioak aurkezteko. Kutxabank osatzen duten hiru erakundeek bakoitzak bere aldetik egin dute, bat eginda ez dutela jokatzen frogatzea baita akzio salmenta masibo bat eragozteko azken karta. Kutxak ez du azaldu zer dioen bere alegazioan, baina pentsatzekoa da Vitalek eta BBK-k bezala ukatu egin duela hiru banku-fundazioek bat eginda jokatzen dutela, eta gogoraraziko duela bakoitzak bere kudeaketa organoak dituela, eta beren kasara antolatzen dituztela beren gizarte ekintzak.

Beste bi arrazoi eman dituzte alegazioetan. Herenegun jakinarazitakoan, Vitalek auzitan jarri zuen Espainiako Bankuaren autoritatea erabakitzeko nork jokatzen duen itunpean eta nork bere aldetik. Atzo aurkeztu zituen bere alegazioak BBK-k; haien artean dago banku zentralak finkatutako erreserba funtsa handiegia dela. Izan ere, Espainiako Bankuak erabakitzen badu hiruak batera doazela, 700 milioi euroko erreserba funts bat osatu beharko lukete bost urteko epean. Kopuru horrek Kutxabanken irabazi guztiak xurgatuko lituzke, eta ez luke dirurik utziko gizarte ekintzarako. Iaz, esaterako, 108 milioi irabazi zituen, eta 76 milioi, berriz, aurtengo lehen sei hilabeteotan.

Txikiagoa —300 milioi eurokoa— izango litzateke erreserba funts hori banku-fundazio bakoitza bere kasara doala onartuz gero; kasu horretan, BBKri soilik legokioke funtsa osatzea, hark soilik gainditzen badu erreserba hori egiteko legeak finkatu duen akzioen %50en muga. Kutxabanken akzioen %57 ditu BBK-k, %32 Kutxak eta %11 Vitalek.

BBKri ere oso zaila izango litzaioke bere aldetik funts hori sortzea. Aurten, esaterako, 15 milioi eskas jaso ditu Kutxabanken irabazietatik.

Kutxa guztien alegazioak Aurrezki Kutxen Espainiako Konfederazioak (CECA) bildu ditu, eta hura arduratuko da alegazio orokor bat egiteaz. Horiek aintzat hartuta edo hartu gabe, zirkular bat egin beharko du orain Espainiako Bankuak, eta Espainiako Estatu Kontseiluari igorri beharko dio. Haren txostena ez da bete beharrekoa, baina jaso beharrekoa da behin betiko zirkularra argitara emateko.

Alegazioak alegazio, legearen helburua aurrezki kutxa izanikoek bankuen jabetza eta kontrola galtzeko eginda dagoela barneratuta dauka Mario Fernandez Kutxabankeko buruak. Horregatik, etorkizunari buruz duen ideiari eusten dio: hiru kutxek jabetzaren %30 izango dute, horrekin kontrolari eusteko gai izango direlakoan erreserba funtsik osatu gabe. Bi modu ikusten ditu Fernandezek gaur egungo %100ko parte hartzea txikitzeko: zati bat salgai jartzea —eta horretan lortutako irabaziak inbertitzea gizarte ekintza elikatzeko—, eta kapital handitze bat egitea —«Europako gainontzeko bankuen maila berean jokatu ahal izateko»—.

Urkulluren desmarkatzea

Kutxabankeko presidentearen planekiko distantzia bat hartu nahi izan dute azken asteotan Eusko Jaurlaritzak eta EAJk. «Fernandezen darabilen lan hipotesi bat baizik ez da hori», esan zuen joan den ostiralean Iñigo Urkullu lehendakariak, Eusko Legebiltzarrean. Akzioen salmenten aurka dagoela gaineratu zuen Urkulluk, baina bankuaren kudeatzaileen «erabaki subiranoak» errespetatzen zituela esan zuen: «Haiei bakarrik dagokie beren jarduerari hobekien datozkien erabakiak askatasun osoz hartzea».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Greba deialdiaren berri ematen duten afixak. ©Oskar Matxin Edesa / FOKU

Akordiorik ezean Bizkaiko metalgintzako grebak luzatuko direla iragarri dute

Imanol Magro Eizmendi

CCOO, LAB eta UGT borroka luzatzeko prest daude, baina hil bukaerako lanuzteen ondoren erabakiko dute nola. ELArekin harremanetan jarraitzen dute.

Mitxel Lakuntza eta Mikel Noval, gaur, Bilbon. ©ELA

ELAk uste du inoiz baino premiazkoagoa dela zerga erreforma bat

Iker Aranburu

Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta aldundiak kritikatu ditu kapitalaren gaineko zergak handitu nahi ez dituztelako.

Kamioi bat AP-8 autobideko bidesari batean. ©Gari Garaialde / Foku

Bizkaiko AP-8a eta Supersurra %10 merkeagoak izango dira kamioientzat

Jokin Sagarzazu

Horrez gain, erabilera maiztasunaren araberako deskontuak %13rainokoak izango dira, eta motor alternatiboak erabiltzen dituzten kamioiek %25ekoa izango dute gehienez. Aldundiak 5,5 milioi gutxiago jasoko ditu.

Cirmautoko langileen elkarretaratzea, artxiboko irudia ©ELA

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du Cirmauto enpresako kaleratze kolektiboa

Isabel Jaurena

ELAk sententzia ospatu du, eta Nafarroako Gobernuaren «geldotasuna» kritikatu du

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...