Albistea entzun

Legezkotasuna ezbaian

UNHCRk salatu du giza eskubideen aurkakoa dela Bruselak eta Ankarak eginiko ituna.

GKEek «lotsagarri» deritzote Turkia «herrialde seguru» gisa izendatzeari
Denentzako kanpin dendarik ez dago Idomeni kanpalekuan, Grezian, eta hainbatek euripean lo egin behar izan zuten atzo.
Denentzako kanpin dendarik ez dago Idomeni kanpalekuan, Grezian, eta hainbatek euripean lo egin behar izan zuten atzo. VALDRIN XHEMAJ / EFE

Adrian Garcia -

2016ko martxoak 9

EB Europako Batasunak Turkiarekin itxitako aurreakordioak argi baino ilun gehiago utzi ditu, ugariak izan baitira errefuxiatuekin lan egiten duten erakundeek plazaratutako zalantzak. Greziara iritsitako errefuxiatuak Turkiara kanporatzea nazioarteko legeen aurkakoa dela ondorioztatu dute eragile gehienek, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatari Pilippo Grandi barne. «Nazioarteko legeen araberako errefuxiatuentzako babesik eskaintzen ez duten herrialde batetik besterako itzulketa prozesu zabalek kezkatzen naute». Gobernuz kanpoko erakundeak ere bat datoz: «Turkia ezin da kontsideratu herrialde seguru bat». Europako Batzordeak, ordea, ziurtatu du «Europako eta nazioarteko legea» errespetatuko duela itunak.

Legezko arazo nagusia datza EBn dauden asilo eskatzaileak hirugarren herrialde batera kanporatzean. «Beste herrialde batera kanporatzeko berme bat egon behar luke: ihes egin duten tokira itzularaziko ez dituztela», ohartarazi du Grandik Estrasburgoko Europako Parlamentuan emandako hitzaldian. Horrez gainera, herrialde horrek lana egiteko aukera, osasun arreta, hezkuntza eta gizarte laguntzak bermatu beharko lizkieke asiloa eskatutakoei. Vincent Cochetel UNHCReko Europako zuzendariak argi hitz egin du: «Europako giza eskubideen hitzarmenak debekatzen ditu atzerritarren kanporaketa kolektiboak».

Europako agintariek, ordea, ituna goraipatu dute, uste dutelako Greziako iheslari siriarrak Turkiako kanpalekuetan daudenengatik ordezkatzeak Mediterraneoa gurutzatzeko asmoa kenduko diela. Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren arabera, «dokumentu sendoa da», eta giza trafikatzaileen eta mafien aurka borrokatzeko «tresna erabilgarria» izango da. Itunaren legezkotasuna defendatu du Jean-Claude Junckerrek, Europako Batzordeko presidenteak: «Greziak Turkia herrialde segurua izendatu du».

Hain zuzen ere, «herrialde seguru» izendapen horretan datza legezkotasunaren ardatza. Horrexegatik, iheslariak kanporatzeko EBren asmoetako bat da «herrialde seguru» horien zerrenda bateratu bat osatzea, estatu horretako herritarrei asilo eskubidea automatikoki ukatzeko eta beste iheslariak hirugarren herrialde horietara kanporatzeko.

«Eskubideekin tratuan»

Amnesty International erakundeko Europako zuzendari Iverna McGowanek gogor kritikatu du ituna. «EBk eta Turkiak munduko herritar zaurgarrienen eskubideekin eta duintasunarekin tratuan ibili dira maltzurki». Giza eskubideen aldeko erakundeak «lotsagarria» deritzo Turkia «herrialde seguru» izendatzeari. Are gehiago, «hirugarren herrialde seguruaren» kontzeptua bera auzitan jarri du.

Human Rights Watchek «begi laburtzat» jo ditu Europako agintariak, eginiko itunak Siriaren eta Turkiaren arteko mugaldean izan ditzakeen ondorioak kontuan ez hartzegatik. Siriatik eta Iraketik ihes egiten duten kurduek Turkian «egoera oso arriskutsua» bizi dezaketela ohartarazi du erakundeak.

Edonola ere, itunak galdera ugari utzi ditu airean, ez baitu argitzen Grezian dagoeneko harrapatuta dauden iheslariekin edo Turkiara kanporatuko dituztenekin zer egingo duten. Azken datuen arabera, 34.000 lagun daude Grezian aurrera egin ezinik, eta hurrengo egunetan kopuru horrek gora egin dezake, Bruselak bidalitako mezuek ez baitituzte errefuxiatuen zeharkaldiak galarazi. Migrazioan adituek ohartarazi dute Balkanetako bidea ixtean halabeharrez beste bideak irekiko direla. Frontex agentziako zuzendari ohi Gil Arias Fernandezek Efe agentziara esan dionez, Errusiatik Norvegiara eta Finlandiara egunean ehun lagun iristen dira.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Txertoa hartzeko ilarak, Londresen. / ©Andy Rain, EFE

Txertatzera behartzeak «azken aukera» behar duela izan adierazi du OMEk

Arantxa Elizegi Egilegor

Osasunaren Mundu Erakundeak berretsi du Europan eta Asia erdialdean delta aldaera dela oraindik ere zabalduen dagoena. Austriak igandean amaituko du itxialdia.

Putin, eta Biden, pantailan, gaurko bilera hasi aurretik ©MIKHAEL METZEL / EFE

Ukrainan tentsioa baretzeko eskatu dio Errusiari Mendebaldeak

Igor Susaeta

AEBek ohartarazi diote Moskuri NATOk Europa ekialdean dituen baliabide militarrak indartuko dituela, Errusiak Ukraina inbaditzen badu. Biden eta Putin bilduta daude auziaz hitz egiteko.

Fronte Polisarioaren soldaduak joan den urrian Mahbesen, Mendebaldeko Saharan. / ©Manuel Lorenzo, EFE

Polisarioak ohartarazi du «Marokoren krimenek» ezinezko egiten dutela irtenbide baketsu bat

Arantxa Elizegi Egilegor

Saharar herriaren aldeko elkarretaratzea egingo dute Genevan, ostiralean, Giza Eskubideen Aldeko Nazioarteko Egunean. Salatu dute Sultana Khaia ekintzaileak urtebete baino gehiago daramala etxean preso, eta asteburuan eraso egin ziotela Marokoko segurtasun indarrek.

Matxino huthi batzuk hileta batean, atzo. ©YAHYA ARHAB / EFE

Saudi Arabiak gidatutako koalizioak eta matxino huthiek elkarri eraso egin diote

Igor Susaeta

Nazioarteko koalizio militarrak leporatu die matxinoei Riadeko auzoetara misilak jaurtitzea. Huthiek adierazi dute Saudi Arabiaren petrolio enpresa publikoaren instalazioari eraso egin diotela.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.