Albistea entzun

Berrikuntzarako keinuak

Buruz buruko txapelketak hiru berrikuntza izango ditu: egutegi osoa zehaztu dute, botilero arautegia sortu dute eta finalerdietarako pilotak aurretik emango dizkiote hautatzaileari. Finala Bilbon izango da
Buruz buruko txapelketan parte hartuko duten pilotariak, La Caixa banku babesleko ordezkariarekin, atzo, Bilboko portuko La Carola garabiaren aurrean.
Buruz buruko txapelketan parte hartuko duten pilotariak, La Caixa banku babesleko ordezkariarekin, atzo, Bilboko portuko La Carola garabiaren aurrean. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Imanol Magro Eizmendi -

2017ko apirilak 12 - Bilbo

Urteak dira pilota enpresek euren jarduna profesionalizatu eta zehaztu nahi dutela. Pilotaren profesionala berriztatzeko hainbat erabaki hartu dituzte. Batzuetan pauso irmoak izan dira, pilotarien prestaketan edo egutegien antolakuntzan esaterako, eta beste batzuetan keinuak baino ez. Enpresak, historikoki, ez dira oso aldaketa zaleak izan, baina aurtengo buruz buruko txapelketak hiru berrikuntza dakartza: egutegi osoa hasieratik zehaztuta dago, finala barne; finalerdietatik aurrera erabiliko diren pilota sortak final-laurdenak jokatu baino lehenago hautatuko dira, eta botilero nor izan daitekeen arautu dute. Tira, zehatzagoak izanda, nor izan ez daitekeen arautu dute. Ikusi beharko pausoak edo keinuak diren.

Ostiralean hasiko da txapelketa, Sorian, eta maiatzaren 28ra arte luzatuko. Atzo aurkeztu zuten, Bilbon, Itsas Museoan, eta honezkero jakin da finala Bizkaia pilotalekuan jokatuko dela. Are gehiago, partida bakoitza non jokatuko den erabakita dago, baita partida bakoitzeko sarreren prezioa ere. Enpresek antzeman dute jaialdiak non jokatuko diren ahalik eta goizen zehaztea onuragarria dela zaleak erakartzeko.

Beste berrikuntza handia pilotena da, finalerdietatik aurrera aplikatuko dena. Enpresek final-laurdenak jokatu baino lehen eman beharko dizkiote Kepa Peñagarikano pilota hautatzaileari partida bakoitzerako hamar pilotako sortak. Asmoa «pilotarien araberako sortak jartzen diren susmoa eragoztea da», azaldu zuen Iñaxio Errandonea Aspeko zuzendari komertzialak. Gero hautatzaileak bere galbahea egingo du, eta, azkenik, pilotariek aukeraketa. Ikusteko dago neurriak eragina izango zen, baina pilotari beteranoek aurkezpenean esan zutenez, ez dute aldaketa handirik espero. Aimar Olaizola mintzatu zen argien gaiari buruz. «Ez dute uste gauza asko aldatuko denik, berdin egongo da eztabaida. Gainera intendenteak hor daude, eta badakigu zein lan egiten duten. Niretzat, garbiena pilotak pilota egiletik hautatzailearengana zuzenean joatea litzateke, intendenteek ukitu gabe». Oinatz Bengoetxeak ere ez du aldaketa handirik espero.

Hirugarren berrikuntza botileroak arautzea da. Iaztik indarrean zegoen zurrumurrua gauzatu egin da. Pilotariak bi pertsona aukeratu behar ditu botilero izateko, eta bakoitzak Enpresen Ligako agiri bat sinatu beharko du. Era berean, enpresek pertsona bat «aukeraezin» bilakatzeko aukera dute. Alegia, beto eskubidea dute. Errandoneak azaldu zuenez, «enpresekin liskar bat izandako» pertsonak lirateke adibidez. Ez zuten eredurik eman, baina espresuki hala galdetu ostean, argitu zuten, esaterako, Ekaitz Saralegi Jokin Altunaren botilero izan daitekeela esan zuen Errandoneak. Saralegik, bere garaian, Asegarceri salaketa jarri zion kontratuaren kitapen ordainsaria jasotzeko. Pilotariek izendaturiko pertsona horiek enpresako ordezkariak balira: teknikariak, beste pilotari batzuk... Ezingo lukete botilero jarduna egin enpresa bereko bi pilotariren arteko partidetan.

Kirol arloari dagokionez, Unai Laso (19 urte) eta Aitor Mendizabal iazko 2. Mailako txapeldunak dira berriak. Lehen faseko partidak zozketa bidez erabaki ziren atzo, eta Beñat Rezustak bete du Juan Martinez de Irujok final-zortzirenetan hutsik utzitako tokia. Txapelketako adarrak iazko finalerdietako emaitzen arabera banatu dituzte: Irribarria txapelduna adarra Altuna 4. sailkatuarekin gurutzatuko da, eta Urrutikoetxea txapeldunordearena Bengoetxea hirugarren sailkatuarenarekin.

Bestalde, atzo ere Bigarren Mailako buruz burukoa aurkeztu zuten. Hamasei pilotarik hartuko dute parte eta denek behetik ekingo diote. Larunbatean hasiko da, Iruñean eta Ikaztegietan. Finala maiatzaren 20an jokatuko da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Brais Mendez Realeko jokalaria, Omoniako jokalariez inguratuta, Europa ligako aurreko partidan. ©JON URBE / FOKU

Realak zigilua jarri nahi du

Jon Ander De la Hoz

Txuri-urdinek Moldavian jokatuko dute gaur Europa ligako hirugarren jardunaldian, Xeriffen aurka. Garaipena dute helburu, multzoko lidergoa indartzeko. Imanolek dio «lehia gogorra» izango dela
Shane Larkin eta Vasilje Micic, Efeseko bi izarrak, azken Euroligako finala irabazi berritan, elkar besarkatzeko prest. ©ANDREJ CUKIC / EFE

Inoizko Euroligarik gogorrena

Beñat Mujika Telleria

Urtero maila hobetuz badoa ere, Europako izarren ligak gogoangarria izateko osagai guztiak ditu sasoi honetan. Hemezortzi talde lehiatuko dira gorenera iristeko asmoz.
 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Luzerako egon nahiko nuke hemen»

Iñaki Berastegi

Denbora gutxian «ondo» egokitu da Ghiorzi Euskal Herrira. Eibar egitasmo «polita» dela uste du, eta atzera ere kanporaketetarako sailkatzeko gai ikusten du taldea sasoi honetan.
 ©Athletic

20 urte Athleticek lehen partida jokatu zuela

Ainara Arratibel Gascon

Bihar beteko dira 20 urte talde zuri-gorriaren emakumezkoen taldeak lehen partida ofiziala jokatu zuenetik. 7-1 irabazi zion Torrejoni. 5 liga titulu ditu irabaziak. Baina hortik harago, emakumezkoen futbolean aitzindarietako bat izan zen, baita ondoren izan den profesionalizazioan ere.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.